Bizkaia

Lore sortak, itsasokoak gogoratzeko

Herenegun, Karmengo Amaren eguna ospatu zen kostaldeko herrietan. Plentzian, Lemoizen eta Santurtzin —irudian— Ama Birjina itsaso zabalera eroan zuten itsasontziz, hildako arrantzale, marinel eta itsasoagaz harremana duten bestelako langileak omentzeko. Azken hori da, hain zuzen, Euskal Herriko itsas prozesioetan zaharrena eta jendetsuena. 60.000 lagun inguruk ikusi zuten lehorretik, itsasotik eta, aurten, pantaila erraldoietatik. Bermeon, Gaztelugatx ondoko uretan egin zuen lore eskaintza Bizkaiko Gurutze Gorriak.

Udako reggae jaialdirik klasikoena itzuliko da bihar

Txapel Reggae jaialdia egingo dute, aurten ere, Lemoizen. Armintzako portua estilo horretako musika doinuek beteko dute, bihar. Itsasoa, uda giroa eta reggae musika elkartuko dira beste behin ere kostaldeko txoko horretan, 22:00etatik aurrera. Nazioarteko artistek zein Euskal Herrikoek bat egingo dute: besteak beste, Jamaikatik Mikey General etorriko da; Madrildik Forward Ever Band iritsiko da; eta Euskal Herriko ordezkari gisa Skakeitan —irudian—, Glaukoma eta Orabai Perkusioa ariko dira. Conscious Sounds, King General eta Sr. Wilson ere izango dira, besteak beste.

120

MILA SARRERA BBK LIVENOrdura arteko marka guztiak hautsita, aurten 120.000 sarrera saldu dituzte BBK Live jaialdirako.40.000. Sarrera guztiak amaitu dituzte oraingoan bisitariek. Egunean 40.000 ikusle izan direla azaldu dute antolatzaileek.19.000. Kob...

24.500

BILBOKO KALEALDIAK ERAKARRITAKO IKUSLE KOPURUABilboko XV. Kalealdiak 24.500 ikusle erakarri ditu aurten, iaz baino %10 gehiago. Udalak nabarmendu du ikuskizunak kalitate handikoak izan direla. Hortzmugak, adibidez, ikuskizun bat estreinatu du. Arriaga...

Hormek hitz egiten dute

Inguratzen nauten hormei begira geratu naiz eta, haien atzean dagoenaz baino gehiago, agerian dagoenaz pentsatu dut. Zenbat mezu idatzi diren gure hirietako paretetan. Mutua behar lukeen harri handi bati ahotsa eman dio arteak. Gorra denari entzuten erakustea baino ez zaigu falta orain beharbada.

Espainiako Gobernuak 2001eko abenduaren 31n bertan behera utzi zuen derrigorrezko zerbitzu militarra egiteko agindua. Otsailaren 20an, intsumisioaren 25. urteurrena bete zen. Derrigorrezko zerbitzu militarra desagertu bada ere armadak bere horretan jarraitzen du. Usurbilen oraindik irakur daiteke "Ejerzitoari eta erdarari intsumisioa" aldarrikatzen duen mural erraldoia. Herri bateko historiaren lekuko da. Leku edo eremuak mugatzen dituzte hormek, harresiak maite ez baditugu ere lau hormen artean bizitzera kondenatua gaude. Eskari asko egin dira hormen bitartez, auzokideak errespetatzeko, hormak zabaltzeko, espetxeak apurtzeko, ongietorriak emateko… Gertakarien berri eman digute paretetako mezuek, periodikoetan agertzen ez diren titularrak handi irakurtzen ditugu. Euskal Herriko hormak gizartean gertatzen denaren isla dira. Agian gure herriko gatazka islatzen duten muralak egiteko horma sortu beharko genuke Ipar Irlandan moduan. Baina gure hormetako mezuek ez dute hogeita lau ordu irauten. Bilboko arautegiak aginduta hiria garbi mantentzearen helburuarekin goizero-goizero zuritzen dituzte hormak. Grafiti eta holakoak debekatuta daude. Astero-astero, lan handia izaten dute kaleen garbiketaz arduratzen direnak, baina alferreko lana izaten da; hormak zikintzeko garai bizia dugu.

Bilbotik Beasainera bisita egin berri dugu, bertako Gaztetxeak aurten hamar urte betetzen baititu. Pintura usaina zegoen, kaleko arteak izan ziren protagonista; grafitiak hain zuzen. Su-itzalgailuekin pintadak egiten ikasi, gaztetxea pintatu eta kaleko arteaz aritu ziren Igor Rezola Dizebi, Jon Rezola Zaldi Urdina eta Xabier XTRM. Esparru zabala da Grafitiena, batzuek sinaduraz bete nahi dute hiriko txoko guztiak, beraien nortasuna gizartean usteko, beste batzuek muralak egiten dituzte, hormak museo erraldoi bilakatuz.

Behin irakurri nuen Shanghain maitasun gozoaren kalea dagoela. Bertan amoranteek errotulagailuz maitasun mezuak uzten dituzte. Horrelako kale zulo bat botatzen dut falta gurean. Gaur egun ezer ez da betiko, beraz, erreparatu dagiogun begi bistan daukagunari. Hormek hitz egiten dute, baina entzuten al diegu?

Historiaren antzezlana

Ezkerraldeko industriaren historia ezagutzera emateko modu berezia prestatu du, aurten ere, Barakaldoko Udalak. Itsasadarrean barrena, ontzi batean, bisita gidatuak egingo dituzte. Horrez gain, antzerkia baliatuko dute historiako pasadizo horien konta...

11

ZENBATGARREN POESIA EGUNAK EGINGO DIREN EANGaur hasi eta domekara bitartean, urteroko Poesia Egunak egingo dituzte Ean; aurtengoa 11. ekitaldia da. Hasieratik egin duten bezala, aurten ere Gabriel Arestik leku berezia izango du jaialdian. Horrez gain,...

Punta-puntako ikuskizuna

Kaltzada egoitzaren aldeko klasikoa urteroko zesta-punta partida garrantzitsuena izan da 1964tik hona. Azkenaldian, ordea, kirol horren gainbeherarekin batera, jaialdiak hasierako urteetako ospe eta fama galdu du. Horri buelta emateko, Gernika-Lumoko Jai-Alaik eta Euskal Pilota Federakundeak punta-puntako jaialdia antolatu dute gaur gauerako, Gernikako Jai-Alai pilotalekuan. 22:00etan hasiko da.

Aurtengo edizioan, munduko azken lau txapeldunak elkartu dituzte partida nagusirako. Alde batetik, Diego Beaskoetxea 2013ko munduko txapelduna eta Imanol Lopez arituko dira; bestetik, hamar aldiz munduko txapelduna izan dena, Iñaki Goikoetxea, eta Eric Irastorza. Goi mailako partida ikusteko aukera izango dute Gernikara joaten direnek. Antolatzaileak ziur daude frontoia bete egingo dela. Gonzalo Beaskoetxea Jai-Alaiko zuzendariak azaldu duenez, zaleek aspalditik espero zuten partida da: "Urte asko ibili dira honelako partida bat eskatzen, baina zaila da maila honetako lau pilotari batzea". Partida nagusiaren aurretik, Barandika eta Lekerika gernikarrak Alberro eta Inza Iparraldeko bikotearen aurka arituko dira.

Musika eta omenaldia

Egunaren garrantzia azpimarratzeko eta jaialdiari bultzada berri bat emateko asmoz, Gernikako Jai-Alaik hainbat ekintza antolatu ditu egun osorako. Partidaren aurretik, Gernikako Gaudeamus koralak Jose Antonio Aranak Gernikako pilota eskolari osatu zion ereserkia abestuko du. Horren ostean, Alex Solozabal puntista ermuarra omenduko dute. Horrekin batera, Jai-Alain ibilitako pilotarien argazkien erakustaldia egingo da. Eguna girotzeko, jaialdian Audience Gernikako taldea zuzenean arituko da; eta El-Txef-A eta Fiakun Team DJaren emanaldiak emango dio amaiera egunari.

"Aurtongo Kaltzada klasikoa paregabekoa izango da, eta datorren urtean Euskal Federakundeak abiatuko duen proiektua ezagutarazteko balioko du", azaldu du Beaskoetxeak. Egun berean, Gorka Bilbao Amerikanuak zuzendu zuen zinemagile gernikarra ere bertan izango da, zesta-puntaren inguruan grabatzen ari den dokumentalerako irudiak jasotzen.

Datorrenaren aurrerapena

Euskal Pilota Federakundeak jaialdi hau baliatu nahi du hurrengo urteko zirkuitu profesionalaren aurrerapen moduan. Mundu osotik zehar dabiltzan goi mailako pilotariak batu nahi dituzte zirkuitu bakarrean, eta, horretarako, Gernikakoa bezalako jaialdiak erabili nahi dituzte erakusleiho moduan. "Pilota munduan gabiltzanon %90ek proiektu hau aurrera ateratzea nahi dugu, beste behin kalitatezko jaialdiez gozatzeko aukera izan dezagun", azaldu du Beaskoetxeak. Kirol honek duen egoeraren larria ikusita, pilotari eta antolatzaileek bat egin dute kalitatezko jaialdien beharrizanean.

Aurrera egiteko atzera egin beharra

Esan ohi da filosofo onenak bizitza hitz gutxitan laburbiltzen dutenak direla, eta Bittor Kapanagak hirutan definitzen zuen berea: "iz, in eta il"; izan, egin eta hil. Euskal pentsalari handienetako bat zen; etorkizuna argitzeko atzera egin behar zela esaten zuen. Logikoa zen, zekienari buruz mintzatzen zen, eta bere ideiak defendatu zituen, nahiz eta askotan haize kontra joan.

Bittor Kapanaga Otxandion jaio zen, 1925ean. Gazte utzi zuen eskola, baserrian lan egin eta bere kontura hezteko. Baina horrek ez zuen atzean utzi; alderantziz, jakintza izugarria bereganatu zuen, eta autodidakta izateak askatasuna eman zion ezarritako dogma eta pentsamoldeetatik at aritzeko.

Kapanagak eredu intelektual burujabea proposatzen zuen, norbere baitatik eraikitako mundu ikuskera. Baserriarekin zuen loturak ere bere ikerketa eta lanen bi oinarriak definitu zituen: euskara eta natura. Askotan kritikatu zuen euskaran egin ziren "asmakeriak". Patxi Alaña hizkuntzalariaren esanetan, Kapanagak hitz baten esanahia jatorrian bilatzen zuen, iraganean, sustraietan. "Bittor Kapanaga denboran atzera eginda aurrera gehien ikusi duen pertsona da". Hitzak "indukzioz"ateratzen zituen, eta uste zuen oraindik euskarak asko zuela deskubritzeko.

Otxandioko 'rara avis'

Zaila da Bittor Kapanaga arlo bakarrean kokatzea. Xabier Kintana euskaltzainak "rara avis" deitu zion. Kooperatibismotik euskararen jatorrira, edozertan sakondu zuen otxandiarrak. Gontzal Mendibil abeslariarentzat, pentsalari handia zen, batez ere euskararen sustraietan ibili zena eta "argitasun" handia ekarri zuena. Hurbilekoek aztia esaten zioten. "Haren jakintzak harritu egiten gintuen, eta zer pentsatu ematen zuen beti", azaldu du Mendibilek. Harentzat idatzi zuen Kapanagak besteak beste Araban bagare abestiaren letra. Kooperatibismoan ere murgildu zen; 1936ko gerran Otxandion suntsitutako industria berriz martxan jartzeko, gerora Ulma enpresa bihurtuko zena abiatu zuen.

Euskararen alorrean lan handia egin zuen Kapanagak, baina agian haren ekarpen nagusia 1978an argitaratu zuen Euskera erro eta gara liburua da. Argitalpen horretan, euskararen jatorrira hurbilketa egiten du. Euskarak hiru iturburu izan dituela dio, hiru eremu geografikotatik jasoak: iturburu mediterraneoa, piriniotarra eta iberiarra. Hori arrazoitzeko, sinonimia hirukoitzaren kontzeptua plazaratu zuen.

Patxi Alaña hizkuntzalariak adierazi duenez, "askatasunez lan egin zuen, baina haren teoriak ez dira inora joango, unibertsitateek ez baitute hankaz gora jarriko orain arteko guztia". Horrekin lotuta, Iruña-Veleia aipatu beharra dago. Izan ere, Kapanagak esaten zuen euskara gutxi aldatu dela, eta Alañak azaldu du Iruña-Veleian gertatutakoa batzuen interesak mantentzeko izan dela. Haren ideiak hor daudela gogoratu du Mendibilek, eta badabiltzala lanean haren ondarea argitaratzeko.

Amatasunaren garrantzia

Kapanagak garrantzi handia ematen zion gizonaren eta emakumearen mundu ikuskerari. "Aitaren eta amaren eredua oso ezberdina da, eta Kapanaga amaren semea zen", azaldu du Mendibilek. "Gaur egungo krisia eredu patriarkalaren emaitza da; kooperatibismoa, auzolana eta beste, ordea, beste eredu baten parte dira. Eta hori defendatzen zuen Bittorrek". Kapanagaren ikuskeran, enpresariak "amek" izan beharko lukete, eta ez "aitek". Erabakiak guztiz ezberdinak baitira. Kapanagak ontzat hartzen zuen euskaldunok Gabriel Arestiren aitaren etxea ikuspegipean lan egin izana, baina uste zuen atzera egiteko ordua zela; hau da, amaren ikuspegira bueltatzeko ordua. Mendibilen esanetan, planteamendu hori aurrerapausoa da, guk ezagutuko ez badugu ere etorkizunean posible izango dena.

Omenaldia Otxandion

Bittor Kapanagaren heriotzaren hirugarren urteurrenaren harira, omenaldi bat antolatu dute biharko Otxandion. Egun horretan, Kapanaga ezagutu eta harekin lan egin zuten asko izango dira. Hark idatzitakoei musika jarri zioten zenbait kantarik: Gontzal Mendibil, Niko Etxart, Josu Zabala, Patxi Villamor, Txomin Bengoa eta Xeberri, besteak beste. Xabier Amuriza, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak ere izango dira. Kantaldiaz gain, bazkari-solasaldi bat ere antolatu dute eguerdirako Otxandioko Korostondo jatetxean, Kapanagari buruz hitz egin eta haren ekarpenaz gogoeta egiteko.