Bizkaia

Oinkadak, eritasun arraroak ez ahazteko

Aurreko urteetan lortutako arrakastak animatuta, Gure Señeak elkarteak Kepa eta Areneren omenezko herri lasterketa antolatu du laugarren urtez. Etzi jokatuko da Derion, gaixotasun arraro batek jota hil ziren bi ume horien jaioterrian. 10:30ean hasiko da korrikaldia.

Adinaren araberako ibilbideak antolatu dituzte. Laburrenak 500 metro eskas izango ditu; luzeenak, zazpi kilometro. Parte hartzeko ez da ordaindu behar, baina borondatea emateko eskatzen dute. Aurretik izena eman nahi duenak bi bide ditu horretarako: Derioko kiroldegira deitu edo gure_seneak@yahoo.es helbidera idatzi.

Eritasun arraroen lasterketa

Kepa eta Arene gaixotasun arraro batek jota hil ziren umeen omenezko lasterketa egingo da Derion.

IV. Ubieta Igoera egingo dute Zallan

Ubietarako 4. igoera jokatuko dute bihar Arangurenen, Zallan. Iaz egin zuten bezala, 18:00etan hasiko dute martxa. 22:00etan, bestalde, lasterketari ekingo diote.Arangureneko plazatik atera eta Ubieta mendian barrena 16 kilometroko ibilbidea egin ost...

Mendiz mendi, hemeretzi ermita eta hainbat paisaia ikusgai bihar Zeanurin

Beste urte batez, Zeanuriko ermiten mendi martxa antolatu du Joko Alai elkarteak; biharkoa 27. ekitaldia izango da. Mendizaleak goizean goiz abiatuko dira, frontoitik. 07:30ean dute ordua.

Erantzun zabala jaso ohi duen ekitaldia da Zeanuriko martxa. "Eguraldi ona eginez gero, bostehun pertsona inguru" elkartu ohi dira ibilbidea egiteko, Irune Zuluaga elkarteko kide eta antolatzaileak jakinarazi duenez. Iaz 250 inguru izan zirela gogoratu du, euria egin zuelako.

"Inguruak ikusteko aukerak" bilakatzen du martxa erakargarri, antolatzailearen aburuz. "Jakinda ermitak mendi gailurretan egoten direla, handik dagoen ikuspegia eta igotzerakoan goza daitezkeen paisaiak" arrazoi nahikoa dira mendian ibiltzea gustuko duten zaleentzat. "Bazterrei begira gozatzeko" aukera ezin hobea ematen du, Zuluagaren esanetan.

Bakoitzak dituen gaitasunen arabera, 35, 28 edo 15 kilometroko ibilbidea egitea aukeratu dezakete parte hartzaileek. Joko Alaiko kideak gogorarazi duenez, martxa egiten dutenek ibilbidean bertan erabaki dezakete bata edo bestea egin: "Baliteke laburra egiteko asmoagaz ateratzea, eta bidean animatu eta ertaina egitea erabakitzea; edo ertaina egiteko asmoagaz atera eta osoa egitea".

Baterako zein besterako, mendizaleak denak batera aterako dira. "Martxa laburra egiten dutenak plazara jaitsiko dira 15. kilometroan; hurrengoa aukeratzen dutenak 28. kilometroan jaitsiko dira plazara; luzean doazenak, berriz, buelta osoa egin ostean itzuliko dira abiapuntura".

Hemeretzi ermita

Martxa luzea egiten dutenek hemeretzi ermita eta eliza bisitatuko dituzte. Aurten ere, azken urteetan egin duten bezala, ez dute bisitatuko Egiriñako Edurretako Amaren baseliza (Gorbeia).

Ibilbide laburra umeekin ere egiteko modukoa bada ere, zenbait herritarrek martxa geroago hasteko aukera emateko eskatu diete antolatzaileei. Horretarako, baina, "azpiegitura gehiago" beharko luketela dio Zuluagak, eta gaineratu du horretarako modurik ez dutela: "Ez gara jende asko, eta ezinezkoa da".

Antolatzaileek azaldu dute martxak hasieran zituen helburu berei eusten diela, duela 27 urteko berei: goiza naturarekin harremanetan eta kirola eginez igarotzea, eta herritarrei eta kanpotarrei Zeanuriko inguru zabalak eta kultur ondarea ezagutzera ematea, hain zuzen. Izan ere, osotara, hogei ermita eta eliza daude sakabanatuta herrian.

Parte hartu gura duenak bihar bertan eman dezake izena, 06:45etik aurrera, herriko plazan, 10 euro ordainduta. 14 urtetik beherakoek lau euro ordaindu behar dute, eta beste horrenbeste elkarteko bazkideek. Ibilbidean zehar osasun zaintzarako, jana eta edariak banatzeko eta kontrolerako guneak egongo dira. Helmuga kontrola 15:30era arte egongo da zabalik. Amaieran, parte hartzaile guztiei saria banatuko diete. Frontoiko dutxak zabalik egongo dira.

15

BILBOROCK ARETOKO ANTZEZLANEN IRAUPENA, MINUTUTAN Mikroantzerki saioak daude BilboRock aretoan domekara bitartean. Gehienez 15 minutu irauten duten lanek; lanotan, aktoreak eta ikusleak hamar metro koadroko espazioan daude, eta saio bakoitzeko 15 ikus...

Truke azoka egingo dute bihar Elorrion

Bigarren eskuko produktuak, artisautza elementuak eta trukerako denetariko gauzak aurkitzeko aukera izango dute bihar Elorriora joaten direnek.Birziklatu, berrerabili eta gutxitu leloari jarraikiz antolatu dute merkatua, eta 10:00etatik 15:00etara ego...

Krudelkeria jasan dutenen egia, azalera

Jakina zenari frogak gehitu dizkiete Aranzadi zientzia elkarteko teknikariek, Urduñan egin dituzten lanen bidez. Bertako hilerrian egin dituzten indusketetan, 1937. eta 1941. urteen artean herrian egon ziren kontzentrazio esparruan zein kartzelan hildako hamalau presoren hobiak aurkitu dituzte, Jimi Jimenez Aranzadi elkarteko arkeologoak jakinarazi duenez. Gehiago badaudela jakin badakiten arren, hilerrian horma hilobiak eta bestelakoak eraikita daudenez, han behean lurperatuta jarraitu beharko dute.

Banaka ehortzitako gorpuak dira aurkitu dituztenak. "Berretsi egin dugu, beraz, hau ez dela ohiko hobi komun bat; hain zuzen, hilerriko gune bat prestatu zuten bere garaian, kartzelan hiltzen ziren presoak ehorzteko". Ohikoa zen garai hartan kartzeletan hildako presoak gertueneko hilerrian hobiratzea.

Gorpuak hobitik atera aurreko fasea bukatzen ari zirela azaldu dio euren lana Jimenezek Bizkaiko Hitza-ri. Antropologo baten lana beharrezkoa dute orain. "Gorpuak gizonezkoak edo emakumezkoak ziren, gazteak edo helduak... Hori guztia ikertu beharko du. Informazio horrek ahalbidetuko luke berrestea aurkitutako gorpuak ustez hemen ehortzita dauden pertsonenak direla".

Izan ere, herritarren lekukotasunak bazituzten adituek. Beraz, bazekiten non hilobiratzen zituzten kartzelan edo kontzentrazio esparruan hiltzen ziren presoak. "Jakina zen hemen kartzela bat egon zela", zehaztu du Jimenezek. Prisioneros en el campo de concentración de Orduña liburuan jaso zuen haren inguruko historia Joseba Egiguren kazetariak. "Ordura arte Urduñan gertatutakoaren berri ez zuen inork landu, nahiz eta erregistro zibileko agiriak aurretik ere ezagutzen ziren", salatu du Aranzadi elkarteko arkeologoak.

Kartzeletan gertatzen diren heriotzak erregistratuta geratzeak aurkikuntzak egiteko abantailak dakartzala azaldu du: "Artxiboetan azaltzen dira, eta ez dira eraildako edo desagertutako pertsonak bilatu behar".

Nor den nor ebaztea, zaila

Asteburuan atera dituzte hobitik gorpuak, antropologoak bere lanari ekin ahal izateko. Guztira 12 metro luze eta 2,30 metro zabal den lur lagina da hilerrian aztertu dutena.

Jimenezen ustez, zaila izango da gorpuen identitatea ezagutzea. "Kartzelan zein kontzentrazio esparruan hil ziren pertsona guztien gorpuak berreskuratzerik ez dagoenez, oso zaila da ebaztea nortzuk diren atera ditugunak. Guztira, 225 inguru izan ziren, eta oso portzentaje txikia berreskuratuko dugu. Zaila izango da nor den nor argitzea".

Egigurenek, bestalde, gogora ekarri du zelako egoera "penagarrian" bizi ziren presoak: "Gose izugarria zeukaten, lehenengo kontzentrazio esparruan, eta, gero, kartzelan. Elikadura baldintzak asko okertu ziren. Miseria handia bizi izan zuten: kolpeak, mehatxuak, tortura psikologikoa... denetarik. Beti besteen mende zeuden, zer etorriko zitzaien jakin gabe. Babesgabetasun egoera izugarria zen. Gerra bateko galtzaileak ziren".

Natura zainduz eraikitzen

Ohiko hormigoizko eraikinetatik haratago, eraikitzeko bestelako modu bat bultzatu dute Irune Uriarte biologoak eta Antxon Alkalde arkitekto teknikoak, natura errespetatzen duena. Getxon antolatutako lehiaketa bati esker, UKnatura (Uribe Kosta natura) ...