Bizkaia

Izena, izana, arren!

Udako beroari aurre egiteko ezin aproposagoak izan dira Youtuben ikusi ahal izan ditugun Ice Bucket Challenge delakoaren bideoak. Ez dakitenentzat, Izotz Baldearen Erronkaren helburua edozein elkarte edo solidaritate kanpaina diruz laguntzea izan da. ...

Greba mugagabea hasiko dute Loiun

BILBO. Loiuko aireportuko aparkatze lanetan ibiltzen diren langileek lanuzte mugagabea hasiko dute astelehenean, hilak 15, lau langileren kaleratzea salatzeko. CCOO sindikatutik adierazi duten moduan, garbiketa lantaldea lau langiletik bira murriztu d...

“Behin bakarrik delako”

Urtean jaiegun bakarra, eta berezia delako. Halako hautua egin dute azken urteetan Gernika-Lumoko dendari batzuek. Aste Santuko jaiegunetan itxita egon ostean, pazko astelehenez ateak zabaltzen dituzte, egutegiak itxita egotea dagokiela dioen arren. Gernikako astelehenetako azokak ere ez du jai egiten. Astelehena bada, astelehena da. Eta hark daukan erakartzeko indarra aprobetxatzea erabaki dute zenbait merkatarik. Oraingoz, ez dira asko, baina urterik urtera gehituz doaz.

Astelehenero jende dezente gerturatzen da herrira. Eta udaberriko oporretako azken egun horretan, oraindik gehiago. "Inguruko herri handietatik jendeak Gernikara egun-pasa etortzeko ohitura dauka. Zornotzatik, Bermeotik, Lekeitiotik, Mungiatik... Eta Aste Santuan gure herria bisitatzen duten turistak ez dira gutxi; batez ere, Katalunia aldekoak", dio Marisa Cruzek. Hala, herria jendez lepo egoten dela ikusita, negozioa zabaltzearen inguruan hausnartu du azken urteetan. Eta aurten animatu egin da.

Arropa denda bat dauka San Juan kalean. Lehen, beharginak zituen arren, gaur egun bera bakarrik arduratzen da dendaz. "Orain arte gogoa nuen arren, oporretara joaten ginen. Aurten hemen egon naiz, aukera izan dut, eta zabaldu egin dut. Baina goizez bakarrik". Domeketan eta jaiegunetan zabaltzearen aurka dagoela dio. Baina egun hori apartekoa dela iruditzen zaio, gainontzeko jaiegunetan ez dagoen giroa egoten delako herrian. "Urtean egun bakarra den neurrian ikusten dut ondo, bestela kontra egongo nintzateke. Atseden hartzeko eskubidea dugu. Bestela zer egingo dut? Langile bat hartu, eta jaiegunetan ekarri? Merezi al du?".

Uste du bestelako egunetan ez litzatekeela errentagarria izango, baina pazko astelehenez, bai. Aurtengo esperientziarekin sano pozik dago. Edozein hiru astegunetan goizetik arratsaldera adina saldu zuela dio. Horregatik, hurrengo urteetan ere, aukerarik badu, zabaltzeko asmoa duela iragarri du. "Aspaldion larri gabiltza, eta halako egun batek hileko kontuak orekatzen lagunduko badu, zer du horrek txarretik?".

Gernika-Lumoko dendak zapatu arratsaldez itxita egoten dira. Baina Cruzek badaki batzuek zabaldu egin dutela. "Nik ez nuke egingo. Herria hutsik egoten da. Zertarako? Zabalik izateak gastu gehiago sortzen ditu".

Barrenkalebarrena kaleko andreentzako arropa denda batekoek bigarren urtez izan dute zabalik. Iazko arrakastak aurten ere animatu ditu. "Oso urte txarra izaten ari gara. Salmenta gutxi dago. Ez dugu zulotik irtetea lortzen. Gure kasuan erabakia argia da. Hiru bazkide gara, hirurak autonomoak, eta, gure ustez, ia-ia behartuta gaude zabaltzera", azaldu du Cristina España Jandiolak. Bizpahiru orduz zabaltzen dute, eta, haren esanetan, ohiko astelehenetan beste saltzen dute. "Baina egin kontu astelehenak direla guretzat egun indartsuena. Gainontzekoetan, oso eskas ibiltzen gara. Horregatik guk ez dugu pentsatzen jaiegun batez zabaltzen ari garenik, beste astelehen batez beharrean ari garela baino".

Merkatu plazaren ondo-ondoan daude, eta horrek lagundu egiten duela iruditzen zaio. Egun horretako bezeroetako asko turistak direla azaldu du, baina betiko Gernikako jendea ere bai. "Guk zapatu arratsaldeetan itxita edukitzen dugu. Astegunetan beharra egin behar dutenek egun hori aprobetxa dezakete arropa erosteko".

Negozioa itxita edukitzen duten batzuekin ere hitz egiten saiatu da Bizkaiko Hitza. Ez dute adierazpenik egin nahi, baina ez dute ontzat jotzen. "Jaiegunak atseden hartzeko dira", diote. Merkataritza berpizteko Gernika-Lumoko Udalak gehiago egin beharko lukeela diote batzuek; "besteko egunetan herria bizirik egoteko neurriak hartu", berbarako.

“Hiritik etorri, eta ezer jakin gabe egin naiz artzain”

Hiritarra izan da beti Patxi Solana (Bilbo, 1955). Bilbo Zaharrean taberna bat zuen, eta gustura bizi zen ostalaritza lanetan. Mendizalea da, eta, Anboto mendikateko parajeak txunditurik, Mendiola auzoan (Abadiño) baserri erdia erosteko aukera izan zuten emazteak eta biek. Hiriburutik hanka egin zuten, eta hala izan zuten lehen hartu-emana baserriarekin, baserri bizitzarekin eta animaliekin. Berrehundik gora ardi ditu orain. Eta, gazta egin eta saltzeaz gain, Alluitz Natura deituriko baserri giroko negozioa dute.

Hirian bizita, ez zuen inongo harremanik artzain bizitzarekin, baserri giroarekin eta ardiekin. "Animaliekin izan dugun harreman bakarra mendian haien atzetik jaten ematen joaten ginekoa da". Baserrira bizitzera joanda ere, artean Bilbon zuten tabernan lan egiten zuen. Bigarren etxebizitza zuten Mendiolan; baina, denbora aurrera joan ahala, gauzak aldatuz joan ziren, eta hasieran bigarren etxebizitza zena etxebizitza bakar bihurtu zen.

Belarra erraz hazten da inguruetan, eta mozteko ordua iritsi zitzaion Solanari. Horretarako, hamahiru ardi erosi zituen. Hori izan zen ardiekin izan zuen lehenengo hartu-emana. Ondoren, egoerak behartuta, artaldea handituz joan zen. Bilbo Zaharrean zuten taberna utzi, eta, baserri giroan guztiz murgilduta, artzain lanei ekin zieten. Eta horrela hasi zen gazta egiten eta bizitza baserritik bideratzen.

Solanak badaki aldaketa handia dela hiritik mendirakoa. "Ez da positiboa izan, ez eta negatiboa ere. Ostalaritza asko gustatzen zitzaidan, eta oraindik atsegin dut. Baina momentuko egoera zela-eta mendian bukatu dugu. Aldaketa izugarria da. Adibidez, hirian ez duzu zertan autoa izan, eta hemen, berriz, derrigorra da". Bilboko tabernan lanean "lasai" bizi zela dio Solanak. Abadiñon, berriz, une oro dabil lanean, "gelditu ere egin gabe".

Artzain peto-petoa da gaur egun. Azaroan hasi ohi da lanaren garairik "gogorrena", Solanaren irudiko; izan ere, erditzeak eta jezteak izaten dira uztail erdira arte. Egun osoa ematen du lanean Solanak: "Beste edozer egiteko aukerak urriak dira; hau da, lagunekin egoteko, egun-pasa joateko eta horrelakoetarako. Egun osoa lanean eman, eta mila lan egiteke dituzula esnatzen zara, eta eginbeharrak bukatu gabe oheratzen zara". Uztailetik aurrera lana "murriztu" egiten da, eta "lasaiago" ibiltzen da. Bi lanak banatuak dituzte: Solana arduratzen da ardiak zaintzeaz, eta haren emaztea da gaztagilea. "Baina, oro har, ezin naiz ibili orduari begira. Egun osoko lana izaten dut normalean".

Idiazabalgo gazta "asko saltzen zen lehen", baina "beherakada" nabarmena izan duela dio. Horrenbestez, orain gutxi beste mota bateko gazta egiten hasi dira. "Orain urte batzuk egiten zen gazta berreskuratzeko asmoz gabiltza". Euskal Herrian artzain askok egiten dute Idiazabalgo gazta. "Gehienok egiten dugun gazta mota da; horrela, osasun arautegia Idiazabalgo gaztara moldatu dute. Oso zorrotza da arautegia hemen, eta honek beste gazta batzuk egiteko zailtasunak besterik ez du ekartzen". Solanaren aburuz, Ipar Euskal Herrian "malgua" da arautegia Hegoaldekoarekin alderatuz: "Hemendik, Abadiñotik, ehun kilometrora joan, Iparraldera joan, eta pentsaezina da han ikusten diren gazta mota batzuk hemen egitea, ezinezkoa". Beste mota bateko gazta egiten ahalegintzen da Solana, baina gastuak ere handitu egiten zaizkiola azaldu du: "Beste gazta bat egin nahi baduzu, Osasun Sailekoek esaten dizute beste gazta ganbera batzuk behar dituzula, eta, azkenean, gazta berri hori ez zaizu errentagarria irteten, gastu asko baitauka aurretik".

Alluitz Natura

Krisiaren ondorioz gaztagileek aurrera egitea zaila dutela dio Solanak. Salmentek "gogor egin dute beherantz", eta, hori dela eta, denengan izan du eragina. "Gainera, inbertsio handiak eginda eta ordainketak amaitu gabe izanda, are gehiago zailtzen da". Bi urte dira Alluitz Natura proiektua abian jarri zutela, oztopoei aurre egiteko. Ordutik, baserri bizitza erakusten dute.

Solanak dio artzainarena eta gaztagilearena "lan bakartiak" direla: "Mendian ardiekin edo baserrian, denbora asko igarotzen duzu bakarrik. Andreak gazta egiten du, eta hori ere lan oso bakartia da". Urte luzez ostalaritzan ibiliak dira biak, eta Solanak badaki "aldaketa nabarmena" izan dela berea. Ostalaritzan ohikoa da jendearekin harremana izatea une oro; mendian, aldiz, bakarrik egoten da ia beti. Jendearekin harremanak izateko "gogoak" eta ekonomikoki beste irtenbide bat bilatu behar izateak bultzatu zituen Solana eta familia askotariko tailerrak ematera: artilearen tailerra, xaboia egiteko tailerra, argizari tailerra eta beste hainbat tailer irakasten hasi ziren. Horrez gain, naturarekin harremana duten jokoak egiten dituzte umeekin. Egun batez artzain izateko aukera ematen duen tailerra ere badute eskaintzaren barruan sartua.

Bi urte hauetan negozioa zabaldu dute. Eusko Jaurlaritzak, gainera, Bizkaiko turismoari begirako sei eskaintzatan sartu du egun batez artzain izateko tailerra. "Gure aukeretan arrakastatsuena da hau; jende gehienak aukeratzen duena". Lau ordu irauten du, gutxi gorabehera. Hainbat jarduera egiten dira, artzain baten bizitza nolakoa den erakusteko: gatzatua egin, artzain txakurra hezteko lanetan aritu eta ardiak jetzi, adibidez. Lehenengo, gatzatuak egiten dituzte. "Gatzatuaren unea gaztari buruz hitz egiteko aitzakia moduan erabiltzen dut: lehen nola egiten zuten, gaur egun nola egiten den...". Gatzatuak egindakoan zelaira joaten dira, eta han aukera izaten dute artzain txakurra ardiekin lanean ikusteko. Ardiak gordetakoan, horiek jezteko gela ikusteko parada izaten dute. "Gaur egun nola egiten dugun erakusten diet, eta lehen nola egiten zuten. Gainera, aukera ematen diet ardiak antzinako eran jezteko". Bukatzeko, lehen orduan egindako gatzatuak jan eta tailer ugaritan aritzeko aukera dago.

Oraingoz, tailerrak eta erakustaldiak etxaldean eraiki berri duten lokal batean egin dituzte. Baina azoka ugaritan ere hasi dira zerbitzu hori eskaintzen; artzain txakurrek ahate eta antzarekin nola lan egiten duten erakusten dute, besteak beste. Abadiñon, irailero, Baserri Eguna antolatzen dute. "Jendeari parte hartzeko aukera ematen diogu, askotariko tailerrak baititugu, eta urtero gauza berriak sartzen ahalegintzen gara".

Askatasunak itoko dituen beldur

Astelehenetik domekara, jaiegunetan ere bai, eta ordutegi muga barik. Baldintza horietan ireki ahal izango dute Bilboko hainbat merkatarik uztailean eta abuztuan, datorren urtean hasita. Hain zuzen ere, euren negozioa Zazpikaleetan, Abando eta Indautxuko zabalguneetan eta Deustuan dutenei onartu die "eskubide" hori Eusko Jaurlaritzak. Batzuek begi onez hartu dute neurria, nahiz eta ez duten oso argi zer geratuko den. Beste batzuk, ordea, erabat haserre agertu dira. Bizkaidenda Bizkaiko merkatari eta ostalari elkarteen federazioak egindako salaketaren arabera, 2.261 negozio itxiko lirateke hori aurrera eramanez gero, hau da, 3.886 enplegu galduko lirateke.

"Autonomoa naiz. Ez dut beharginik. Neu bakarrik egoten naiz dendan. Astelehenetik zapatura egiten dut beharra. Domeketan ere etorri beharko dut? Hara, bakoitzak egin dezala nahi duena. Ez zait gustatzen jendeari debekuak jartzea. Gura duenak zabaldu dezala. Nik ez diot arazorik ikusten. Baina ni neu ez nago prest". Bellaniz Cortesek argi dauka bere erabakia. Indautxuko jeans estiloko arropa denda baten jabea da. Ez du uste bere inguruan dauden negozioek irekiko dutenik. Ez zaio iruditzen beharrik dagoenik ere. "Negozio handia dutenek agian aukera izango dute; horretarako baliabideak edukiko dituzte. Baina merezi die? Nik ez dut uste. Domeka eta jaiegunetan hau oso lasai egoten da. Ez dabil jenderik kalean. Hara, lehen zapatu arratsaldeetan ez genuen zabaltzen, baina batzuk hasi ziren, eta azkenean denok joan gara atzetik. Eta besteek egiten dutelako egiten dut nik. Jendea paseoan ibiltzen da kalean, eta denda zabalik ikusten badu sartzen da. Baina erosi? Erosi ez du ezer erosten. Domeketan beste horrenbeste gertatuko litzateke".

Bat-batean jendea zabaltzen hasiko balitz, agian, zapatu arratsaldeekin gertatu zen legez, berak ere zabaldu egin beharko lukeela dio. Eta ez zaio bidezkoa iruditzen. "Errentagarria izango litzateke? Ez, lepoa jokatuko nuke. Dirua galduko genukeela uste dut. Denda zabaltzeak bere gastuak ditu. Probatu arte ezin da jakin zenbat salduko genukeen, baina seguru nago ez litzatekeela gastuak ordaintzeko beste".

"Argitarako ere ez!". Aurreikuspen hori egin du Begoña Lozanok. "Eta hori ez da denda zabaltzeak eragiten digun gastu bakarra". Auzo berean dauka denda berak ere. Gehiago itoko liratekeela uste du. Beste batekin batera, duela urtebete zabaldu zuen negozioa. "Autonomoak gara, ekintzaileak. Gogotsu hasi gara, baina ez da erraza. Horrela estutzen bagaituzte, negozioa itxi egin beharko dugu". Bazkidea eta biok ordutegiak zabaltzearen aurka daude. Uste dute eskaintza "oso zabala" dela orain ere. "Astean sei egunean daude dendak zabalik, goiz eta arratsalde. Gure kasuan, eguerdietan ez dugu ixten. Jendeak badu aukerarik. Inork ezin du esan ez daukanik dendetara joateko astirik. Eta ez dute esaten, e?". Zabaldu beharko balute, eurek egin beharko lukete lana. Ez daukate baliabide ekonomikorik langile bat hartu ahal izateko. "Nik astean atseden hartzeko egun bat behar dut. Eskubide hori badut, ala? Horretarako dira domekak". Eta bezeroak ere "egun batez kontsumista ez izateko" beharra duela iruditzen zaio. "Bestela, a zer gizarte eredua gurea!".

Neurri batean, Lozanok ulertzen du liberalizazio hori justifikatzeko eman diren argudioetako bat: turista eta bisitariek eskatzen dutela. "Baina hori Guggenheim inguruan eta Kale Nagusian izango da. Indautxu alde honetan ez dabil turistarik kalean. Beste egunetan ere kostata saltzen dugu. Merkataritzak bestelako konponbide batzuk behar ditu. Hau ez da gure arazoak desagerraraziko dituen sendagai magikoa". Bere kaleko beste dendariekin ere egin du berba, eta bere iritzi berekoak direla dio. "Hemen gehienok negozio txikiak ditugu. Kale Nagusian eta Abandoibarran dauden denda handiek ondo ikusten dute erabakia. Jabeak ez dira etorriko, langileak hartzeko aukera dutelako".

Langile gehiago

Eta asmatu du. Kepa Uribarrenak Moyua plaza ondoan dauka gizonezkoentzako arropa denda handi samar bat. "Printzipioz, erabaki zuzena dela uste dut. Baina kontua ez da bakarrik legeztatzea edo ez. Enpresak horretarako gaitasuna behar du. Hau da, astean zazpi egunez zabalik egoteko behar beste behargin beharko lirateke, eta badakit askok ezin dutela jende gehiago kontratatu". Eurek, gaur egun ezingo lukete, sei eguneko lan asterako txandak osatzeko lantaldea daukatelako. Baina, "negozioaren egoera ekonomikoa eta salmenten bolumena ikusita", ahal dute jende gehiago kontratatzea. "Sinetsita nago errentagarria izango litzatekeela. Bilbon badago horrenbesterako merkatua. Denda bik bakarrik zabaltzen badute, jendea ez da erosketak egitera irtengo. Baina denok zabalduz gero, seguru". Noiz edo noiz bezeroek gaia aipatu izan dietela dio, ea zergatik ez duten domeketan zabaltzen galdetu dietela.

Udako kontua litzatekeela ekarri du gogora, eta Bilbon turismoak duen loraldia kontuan hartuta, mesedegarria iruditzen zaio. "Aurreko bi asteetan, ikusi dugu munduko saskibaloi kopa dela- eta zenbat atzerritar ibili den gure artean. Eta erosi dute, e?". Abuztuaren 31n, domeka, dendak zabaltzeko deia egin zuen Bilboko Udalak, partidak ikustera etorri ziren zaleek "hiria bizirik" aurki zezaten. Uribarrenaren denda itxita egon zen. "Egun bakarra izan zen, eta ez zuen merezi horretarako jendea kontratatzeak. Baina udako bi hilabeteetarako? Zergatik ez?".

Nagusiak ahal badu

Langileen artean ere ez dago iritzi bateraturik. Vanesa Barrenak Kale Nagusitik gertu egiten du beharra, Colon de Larreategi kalean. "Berezoari eskainitako arreta hobetzeko balio badu, niri zoragarri iruditzen zait. Eta, agian, negozioarentzat ere ona izango da. Seguru nago jendea etorriko litzatekeela denok zabalduko bagenu". Ez du berba egin ugazabarekin, baina uste du animatuko litzatekeela. "Orduak ondo antolatzeko besteko taldea gara. Eta niri ez lidake askorik lebako. Asteroko egun libreak orain arte beste izaten badira, ni gertu domekan etortzeko".

Begoña Jimenez, berriz, San Mames kaleko ume arropa bateko behargin bakarra da. Ez du uste nagusiak irekiko duenik. "Nola moldatuko da? Bera etorrita? Ni behartuko nau? Ordu estrak ordainduko dizkit? Domeketan salduko litzatekeen apurrarekin ez luke nahikorik irabaziko". Erabat kontra dagoela dio. "Beharginok ere atseden hartzeko eskubidea dugu. Ezkonduta nago, eta seme-alabak ditugu. Haiek asteburua dute libre, eta nik ere izan beharko dut, ba, astean egun bat haiekin egoteko?".

Lehenengo murgiltzea

Europako Kirol Hiri izendapena jaso izana ospatzen ari da oraindik Getxo. Eta, horretarako, kirol ekitaldi mordoa antolatu du urte osoan, ohikoak izaten dituen ekintzez gain. Iaz hasi ziren Ur Jaialdia egiten. Eta bihar egingo dute bigarrenez. Hala, u...

30

AREATZAKO MENDI MARTXAN EGINGO DIREN KILOMETROAKAreatzako III. mendi martxa egingo dute bihar. Mendizaleak herriko plazatik irtengo dira, udaletxearen aurreko aldetik, 08:00etan. Ibilbidea bukatutakoan, okela parrilan erreta prestatuko dute, eta parte...

Narkosalak zabalik jarraituko du azaroaren 25 arte

BILBO. Munduko Medikuek iragarri dutenez, Naxa kaleko narkosalak oraingoz zabalik jarraituko du, azaroaren 25era arte. Astelehenetik barikura egongo da irekita, orain arte bezala. Bi hilabete hauetan, bada, alternatiben bila ibiliko dira, zerbitzuak n...

80

KONPONDUTAKO AUZOKIDEEN ARTEKO ISTILUAK, BASAURINUrtarrilaz geroztik, Basauriko Udalak auzokideen arteko 80 arazo konpondu ditu, martxan jarri duen doako bitartekaritza zerbitzuaren bidez. Egitasmo horren xedea da auzibidea saihestea eta herritarren a...