Zaldiz egiteko lehenengo ibilbideak datorren astean ikusiko du argia. Urriaren 4an inauguratuko dute, modu ofizialean, Zornotza eta Elorrio 90 kilometroren bitartez lotuko dituen Zaldigorri izeneko bidea. Kati-bi Zornotzako hipika eskolak eta Urkiola Landa Garapen elkarteak sustatu dute, eta, bide batez, Bizkaian egiten den Zaldi Turismoaren lehenengo Topaketa prestatu dute egun horretarako. Hala baieztatu du Juan Mari Totorika Urkiolako Landa Garapen elkarteko kudeatzaile eta proiektuaren sustatzaileak.
Urkiolan jarria dute inauguraziorako ordua, zapatuan, 10:00etan hasita. Ordu horretan harrera egingo diete parte hartzaile guztiei. Ordu erdi geroago hasiko dute inaugurazio ekitaldiari: "Zinta moztuko da, ibilbidea inaguratutzat emango da eta zaldiek eta zaldizkoek IE011 ibilbidearen zati bat egingo dute Urkiola eta Besaide inguruetatik 11:00etan hasita". Bizpahiru orduko ibilbidearen ostean, barbakoa egingo dute denek batera, 14:00inguruan. Parte hartu gura duenak, izena eman behar du aurretiaz: "Doakoa da, baina derrigorrezkoa".
Helburu nagusi bategaz abiatu zuten ibilbidea martxan jartzeko proiektua duela urtebete pasatxo: "Inguruko ekonomia biziberritzea; landa garapena, azken finean. Hain zuzen, inguruko biztanleei aukera ematea euren negozioak jartzeko eta etekina atera ahal izateko".
Hiru atal
Hiru etapatan banatuta dago ibilbidea: Zornotza-Elorrio, Elorrio-Urkiola eta Urkiola-Zornotza. "Zirkularra da, beraz. Guztira, 90 kilometro ditu. Gehienbat, basoko pistaz osatutako ibilbidea da, nahiz eta asfaltozko tarteren bat edo beste ere aurki daitekeen ibilbidean zehar". Hala ere, horiek saihestu egin dituzte. Batez besteko kota, 200 eta 300 metro da. Hiriguneetatik ez da igarotzen; hain justu, bide publikoetatik eta landaguneetatik pasatzen da. Ibilbide horretan, zenbait portu eta gune garai igaroko dituzte zaldizkoek: Trabakuako gaina, Kanpazar, Urkiola eta Anboto mendia bera ere gertu izango dute.
Ibaizabal ibaiaren arro bietatik igarotzen da zaldi bidea, eskualdeko dozena bat udalerri zeharkatuta: Zornotza, Garai, Mallabia, Zaldibar, Berriz, Elorrio, Abadiño, Atxondo, Mañaria, Izurtza eta Durango, hain zuzen. Ibilbide horretan denetariko paisaiak aurkituko dituzte bidaiariek: Erribera itxurakoak, landa inguruetakoak, zuhaitz eta zuhaixkaz betetako mendi hegalak edota kareharrizko tontor hareatsuak, besteak beste.
Ibilbidean bertan aurkituko dute zaldizkoek ura, herrietan zerbait hartzeko aukera, eta Urkiolan lo egiteko zein afaltzeko modua. Hori ez da, baina, bidaiariei atseden hartzeko aukera eskainiko dien ostatu bakarra. Zornotzako Kati-Bi landetxea ere badago Urkiolako Lagun Etxeaz gain. Zaldientzako ere prestatutako ibilbidea da, noski. Besteak beste, zaldiak garraiatzeko baliabideak zein animaliok aterpean lotzeko eremuak aurkituko dituzte erabiltzaileek ibilbidean zehar.
Eskualdearen historia eta etnografia ezagutzeko balio handia du ibilbideak, proiektuaren sustatzaileen ustez. Hiri, landa eta mendi guneen arteko bide eta lotura gisa azaldu dute. Durangaldearen "orografia aberatsa" ere ageri duela diote: auzuneak eta baserriak ezagutzeko aukera izango dute bidea egiten dutenek.
Orografiari dagokionez, ez da ibilbide zaila. "Baso ilunek haran zabal eta gailur malkartsuen ikuspegia" erakusten dutenean ikuspegi "zoragarriak" ageri dira. "Zaldizkoak paisaiaz gozatzen duen bitartean, zaldiak bide-zoru egonkorra zapalduko du", sustatzaileen arabera. Ibilbidea gidaririk gabe egitekoa da, zaldizkoek era guztietako seinaleak aurkituko dituztelako: panelak, QR seinaleak, geziak eta bestelakoak ibilbidea erraz eta eroso egin ahal izateko.
Zale kopuru handia
"Merkatu azterketarik ez" dute egin; beraz, zenbat erabiltzaile izango dituen zehazterik ez du izan Totorikak. Dena den, oraindik modu ofizialean inauguratu gabe dagoen ibilbidea zaldizkoek erabili dute jada. Kontuan hartu behar da zale kopuru handia dagoela eskualdean. "Durangaldean, egun, hiru zalditegi daude. Ez dut uste Bizkai osoan era horretako kontzentraziorik egongo denik", adierazi du Totorikak. Beste inguru batzuetan ez bezala, beraz, "klubetan" antolatuta daude eskualdeko zaleak; han ez dago elkarte edo talderik.
Duela lau urte sortu zitzaien sustatzaileei zaldientzako ibilbidearen proiektua, Euskal Herrian goraka zihoan eskaerari erantzuteko helburuagaz. Datorren astean inauguratuko dutena Espainiako Hipika Federazioaren katalogoaren barruan sartu da, bertako baldintzak beteta.
Era horretako ibilbide bat eratu gurako lezakeen edozein talde edo elkarteri landa garapeneko teknikariagaz harremanetan jartzeko aholkua eman die. "Teknikoki diseinu on bat egitea komeni da, eta mantenu gutxi eskatuko duen ibilbidea izan dadila, posible bada". Egokiena litzateke dagoeneko "martxan dauden bideak aprobetxatzea", gainerakoan "mantenua garesti ateratzen delako". Bizkaian era horretako ibilbide gehiago gauzatzea garrantzitsua izan daitekeela uste du Urkiola Landa Garapenerako elkarteko kudeatzaileak. "Sare bat eraiki behar dugu. Hori da asmoa".