SOPELA. Domekara arte iraungo du Sopela Fest jaialdiak; joan den eguaztenaz gero dago martxan. Herrian lehenengoz antolatu dute jaialdia, eta hiru ardatz ditu: naturaren babesa, surfa eta musika. Bihar, esaterako, hegaztien behaketa eta kometa festa i...
Bizkaia
Urteetako altxorra, giltzapean
Irakurleen historiaz oso gutxi egin da. Hala uste du, behintzat, Jon Kortazar irakasle eta idazle mundakarrak. "Alegia, oso gutxi landu da nor den irakurle, non sortzen den gustu literarioa...". Horregatik, Estepan Urkiaga Lauaxeta idazle izandakoagaz egin modura, Fraternidad Mundaquesa elkarteagaz gauza bera egin du: horren biblioteka historikoa ikertu eta idatzi du Sancho El Sabio euskal kultura eta ikerketa aldizkarian. "Biblioteken azterketak egiten direnean agertzen baita irakurleen profila".
Duela lau bat urte hasi zen Mundakako Casinoan dagoen biblioteka aztertzen. Ordutik, lanaren helburuak argi izan ditu: "Herria [Mundaka] historikoki nola sortu zen ezagutzea, eta bibliotekak biltzen duen altxorra mantendu eta gorde egin behar dela kontzientziaraztea".
Uda osoa ikertzen jardun zuen orduko hartan Mundakako idazleak: Casinoko gutunak, inbentarioa, agiriak, kontabilitate liburuak, diruzaintza liburuak... Dokumentazio guztia goitik behera irakurri zuen. Hortik atera zituen bere jakinmina asetzeko behar zituen datu denak: Fraternidad Mundaquesa elkartea noiz sortu zuten, zenbat bazkide ziren, nola egin zituzten eraikuntzak eta behatokiak...
Datu horiei erreparatuta, ikus daiteke elkartea 1867. urtean sortu zutela, eta bere helburu garrantzitsuenetako bat liburutegia eta hemeroteka sortzea zela, "bazkideen hezkuntzarako baliagarri". Mundakarraren arabera, "Jose Manuel Etxeita nobelagile eta marinela izan zen elkartearen bizitzan funtsezko garrantzia izan zuen pertsonetako bat". Horregatik, haren heriotzaren urtea hartu du Kortazarrek ikerketaren epemuga jartzeko. "Bera hil zen urtetik aurrerako agiriak falta dira; beraz, ziurrenik Etxeitak zerikusia handia izango zuen liburuak erosterako orduan".
Urte horien artean egindako inbentarioak izan ditu oinarritzat, hortaz. Horiek kontuan hartuta ezagutu du "orduko hartan biltzen zutena, biblioteka nolakoa zen, zer egiten zuten bertan, zein zen bertan zuten katalogoa...".
Gehienbat geografia eta itsasoagaz lotutako liburuak zein entziklopediak erosten zituzten garai haietan. Euskarazko liburu gutxi zegoen, ordea; horien artean leudeke Etxeitak berak oparitutakoak. Hala ere, bibliotekako gorputz handiena Fermin Herranen Biblioteca Vasca zela jakin du, eta, oraindik ere, hala da: "Liburu nahikotxo baitaude, gaur egun, bertan".
Hemeroteka, handiagoa
Biblioteka, dena den, ez zen oso handia; 300 bat liburu omen zeuden. Hemeroteka zen, berriz, handiagoa. Aldizkari eta egunkari asko erosteko ohitura zuten; bertokoak eta Madrilgoak. Halaber, New Yorkeko (AEB) egunkari bateko harpidetza ere egina zuten. Harreman sarea handia zen gainontzeko estatu eta nazioekaz: beharbada, aberatsa, gainera. Tinta, musika partiturak eta karpetak, esaterako, atzerrian erosten zituzten. Kontrola ere handia zen; zerbait ez heltzekotan, korreoz eskatzen zuten.
Hemerotekako interes puntuak berberak zirela dio Kortazarrek: erreportajeak, irudiak... Hala ere, agian, elementurik aberatsena La ilustración Española y Americana litzatekeela aitortu du. "1869an hasi ziren erosten, eta 1915era arte, urtero urtero erosten eta koadernatzen zituzten; gaur egun, ia-ia osorik mantentzen da".
Gaur egun erabilgarri ez dagoen arren, bere garaian biblioteka izandako horrek "interes lokala zein zientifikoa" du. Hori dela eta, giltzapean dagoen altxor horregaz zerbait egin behar dela dio. "Gauza asko baitaude jokoan: alde historikoa, ekonomikoa, emozionala, identitarioa...". Hala, 1977. urtean izan ziren 150 liburuetatik, egun, 60 bat geratzen dira —batez ere, koadernatutakoak— eta horietatik bakarra ere ez du galtzerik gura. Horretarako, baina, elkarlanean jardun beharko dute Casinoko jabeek eta Mundakako Udalak.
Idazlea eta irakurlea
Ofizioz irakaslea da, baina idazletzat ere badu bere burua, eta, era berean, "irakurlea" ere bada. Hori guztia, euskararekiko lotura etengabean. Euskararen alde egindako lan horregatik, esaterako, 2010. urtean Lauaxeta saria jaso zuen, "ohore eta poz handiz", berak egindako "gutxi horren" aitorpen gisa.
Merkatuaren ahuleziak "oso argiak" direla jakin arren, gaur egun, euskal literatura garai onean dagoela deritzo. Eta momentu hori aprobetxatuta jarraituko du berak ere lanean. Orain, esaterako, egungo euskal literaturaren historiagaz lotutako lan batean buru-belarri dabil, ikerketa lan talde batean. Zortzi aletan argitaratu gura dituzte, eta bakarraren faltan daude. Halaber, literatura eta identitateari, literatura eta nazioari, eta 1936ko gerra eta euskal nobelari buruzko lan proposamenak ere baditu, beste batzuekaz batera.
Hainbat dira orain arte Kortzarrek egindako lanak —XX. Mendeko euskal literaturaren historia eta Luma eta Lurra lana, esaterako—, baina handia da baita Joseba Sarrionaindia idazlearen biblioteka historikoa ikertzeko duen gogoa. Horretarako, baina, Iurretako idazlearen familiagaz hitz egin beharko du. "Ez da zaila, baina jartzea da".
Azaroan abiatuko da birmoldaketa, linea gutxiago eta zerbitzu berriekaz
Data zehatzik ez dagoen arren, azaroan abiatuko da Bizkaibus berritua. Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu kontseiluak datozen hamar urteetarako lizentzien adjudikazioak onartu ditu. Osotara, zerbitzuak 1.008,5 milioi eurotako kostua izango du epe horretan. Horietatik 747,5 milioi lehiaketan aukeratu diren bost sozietate kudeatzaileei ordainduko zaizkienak dira. Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraio diputatuak azpimarratu duenez, horretarako aurreikusitakoa baino % 1,52 gutxiago izango da.
Birmoldaketan linea batzuk desagertu dira, eta beste batzuk batu. Osotara, 89 izango dira. Diputatuaren esanetan, gaur egungo beharrizanetara egokitu dute zerbitzua. "Bizkaibus sortu zeneko eskariari erantzuten zitzaion gaur arte, baina garraiobide berriak sortu ahala, egoera aldatu egin da". Besteak beste, orain metroak ibilbide bertsua egiten duen Ezkerraldeko linea batzuk kendu dira, "ia ez dutelako erabiltzailerik".
ELA sindikatuko ordezkari Iñaki San Andresek salatu duenez, beste aukerarik gabe ere geratu dira zenbait herritar. Honako adibide hauek ipini ditu Hego Uriben: "Bilbo, Basauri eta Galdakao lotzen dituen A-3621 linea kendu dute, Basaurin Urbi inguruko bizilagunak eta Bilbon Bolueta ingurukoak zerbitzurik gabe utziz. Bilbo-Etxebarri-San Antoni linea kenduta, beste horrenbeste gertatuko da industrialdeetako beharginekaz".
Hiri barruko lineak udalen esku utzi dituzte: Errekatxokoa Barakaldon eta Artxandakoa Bilbon. Astelehenean bertan onartu zuen Bilboko Udalak Moyua plazatik Artxandara joango den Bilbobus linea berria sortzea. Auzoko bizilagunak hilabetez ibili dira Bizkaibus linea kenduko dietela salatzen. Santa Marina ospitalera doana, berriz, erdibana kudeatuko dute Bilboko Udalak eta foru aldundiak. Beste linea batzuk luzatu egingo dira. Berbarako, Bilbo eta Durango arteko autobusa Mañaria eta Izurtzara arte joango da. Hala, bi herriok estreinakoz izango dute Bizkaibus zerbitzua. Sindikatuek ez dute ontzat jotzen lineak batzea edo luzatzea: "Durangaldeko eta Hego Uribeko linea askotan jendea batetik bestera bueltaka ibiliko da", salatu du San Andresek.
Zerbitzu berririk ere sortuko da. Hainbat herri Bilborekin lotzeko, espres deitu dituzten autobusak ipiniko dira, bidaien iraupena laburtzeko. Bermeo eta Bilbo arteko A-3527 lineak halako bi bidaia egingo ditu lehen orduan. Gernika, Zornotza eta Bilbo lotzen dituen A-3524 lineari ere hainbat geraleku kenduko dizkiote bidean. Geralekua galduko duten erabiltzaileek Bermeo-Gernika-Zornotza-Bilbo autobusa hartu ahal izango dute. Halako hirugarrena Ondarroa eta Durango hiriburuarekin elkartzen dituen A-3915 linea izango da.
Era berean, asteburuetan gaueko autobus zerbitzua ipiniko da eskualdeetako herri nagusiak eta Bilbo lotzeko. Orain arte, Aste Nagusian eta herri batzuetako jaietan baino ez da halakorik eskaini. Horietako bat Mungia izango da. "A-3516 linea bariku eta zapatu gauetan ere ibiliko da, 60 minuturik behin. Bilbotik, 01:30era arte irtengo dira autobusak, eta Mungiatik, berriz, 01:00era arte". Landa eremuko herri txikietako zerbitzua ere hobetuko dela iragarri du. Eskualdeko herri nagusiekaz loturak hobetuko dira. Bereziki, Enkarterri inguruan nabarituko dituzte hobekuntzak, Karrantza eta Lanestosaren eta Zalla eta Balmasedaren arteko loturetan.
Lizentziak abiaraztearekin batera, autobusen %25 berrituko dira. Zerbitzua eskaintzen duten 285 autobusetatik 65 berriak izango dira; bost hibridoak dira, eta Ezkerraldean ibiliko dira.
Ibilerrazak eta modernoak
Autobusak ibiltzen errazak izango dira. "Gaur eguneko eskaeretara egokituta egongo dira, bai zaharrak bai berriak. Ezaugarrien arabera, gurpil aulkiak igotzeko arrapalak izango dituzte, edo autobusak espaloiaren mailara jaitsiko dira". Eta itsuentzako zerbitzu berri bat ere izango dute: SIO sistema delakoa. Soinu bidez zein geltokitan dauden eta hurrengoa zein den jakingo dute ikusmen urritasuna dutenek. Gainera, segurtasun neurri berriak ipiniko dizkiete.
"Modernoak" ere izango direla dio Garamendik. "Doako wifia jarriko da, erabiltzaileek Internetera konektatzeko aukera izan dezaten. Horrez gainera, jendeari informazioa emateko monitore batzuk izango dituzte, kokapen mapa eta ibilbidearen diagrama ikusgai egoteko". Monitore horiek bestelako multimedia edukiak ere izan ditzaketela aurreratu du; agian, publizitatea.
Azalaren mamia
Alkoholikoa da da Jim. Gerra beteranoa. Zeukan dena bere herrialdeagatik eta bere herrialdearentzat emandako soldadu ohia. Atzerriak odolustu ostean, barneak odolez igeri eta bizi-larritasunak itota, etxera itzuli ziren milaka beteranoetatik bat. Kemen eta adore betez urrunera joanda, bizi izandakoak, ikusi izandakoek sena hari fin batetik eskegita utzi zietenetako bat. Eta jaioterrira bueltatzerakoan, bizkarra baino ematen ez zion gizartea aurkitu zuen. Bere onenean egotetik ezin urrunago dagoen batek behar duen azken bultzada amildegitik behera jausteko. Hilak urte eta urteak hamarkada, gerra beteranoa espaloietako beterano bihurtu zen, ardoaren konpainia bakartiarekin. Harik eta estilista talde bat hurreratu zitzaion arte.
Psikologoa da Christin. Eta estilista. Eta taxi gidaria. "Jendea bere buruarekin hobeto sentiaraztea gustatzen zait", esan zidan bere autoan eraman ninduenean. Psikologoen eta ile-apaintzaileen lanak ezin antipodagoetan jartzen dituzten horietako bat izan naiz betidanik. Izatez, onartu beharra daukat, begitankor samar begiratu izan diot beti moda munduari. Arropa dela, makillajea dela, estilismoa dela. Begirada eta gogoetak azalean iltzatu eta hor utzi. "Animalia bisualak gara?", jarraitu zuen Christinek: "Oso garrantzitsua da goizetan, lanerantz atera aurretik, ispilura begiratzea. Ez da ematen duen bezain azalekoa".
Ile-apaintzailea da Emilio. Christinek taxian kontatu zidanaz egin nion berba eta Interneteko esteka bat pasatu zidan. Rob Bliss Creative etxe ekoizleak Design1 estilista taldearekin elkarlanean egindako bideo bat zen. Estilista batek etxerik ez duen gerra beterano bati ilea eta bizarra mozteko eskaintza egin eta hark onartu ostean gertatzen dena erakusten du grabazioak. Prozesuaren une desberdinak agertzen ditu, aulkian esertzen denetik bukaeran ispilu bat ematen dioten arte. Gizonak, ikusten duen pertsona hori bera izan daitekeenik sinetsi ezinik, eserlekutik altxatu eta aurrean dituen estilistetako bati emandako besarkada da azken irudia, amaierako testua agertu arte: "Bideo hau grabatu ostean Alkoholiko Anonimoetan eman zuen izena Jimek. Egun, gainera, bere etxea izateko bidean dago".
Gogoan dut Beverly Hillseko saloi batean egiten zuela lan Christinek, haute société horretan. Bai eta, "izarrei" baino, askozaz nahiago zuela "jende normalari" ilea moztea ere. Taxira sartu nintzenean nituen hainbat ideia taxian bertan geratu ziren. Taxiak dakarrena taxiak darama. Barrutik kanporako aldaketen indarraz egiten dugu askotan berba, eta gutxitan kanpotik barruranzkoenaz. Badu azalak mamirik ere, baina.
Foruan hasi eta bukatzen den seigarren mendi martxa domekan jokatuko da
FORUA. VI. Forutik Forura mendi martxa eta lasterketa jokatuko dira domekan. Urdaibai Kopako azken proba 21,6 kilometroko ibilbidea izango da. Martxa 08:30ean hasiko da; lasterketa, berriz, 10:00etan. Izena aurretiaz zein egunean bertan eman daiteke. ...
Butroeko gaztelua enkantean jarri dute, Interneten
GATIKA. Butroeko gaztelua erosteko enkantea abiatu dute Interneten. Urriaren 21era arte dago eskaintza egiteko aukera. 3,5 milioi eurotan jarri dute hasiera prezioa. 2.400 metro koadrotik gorako azalera dauka gazteluak, eta 35.000 metro koadroko parke...
Zabortegiari neurri zuzentzaileak ipini dizkio udalak
ZALLA. Cespak kudeatzen duen Las Lagunas zabortegiari zenbait neurri zuzentzaile ipini dizkio Zallako Udalak. Instalazio horrek ingurumenean izan dezakeen inpaktua kontrolatzea du helburu. Horrez gain, adostutakoa bete ezean, isunak jartzeko aukera ah...
Duela urtebeteko aldarrikapen berberakaz, Bizkaibus protestan
Urtebetean ezer gutxi aldatu da Bizkaibusen. Iazko arrazoi berberengatik, berriz ere lanuzteak eta greba iragarri dituzte sindikatuek. 2013ko irailean eta urrian egiten zituzten salaketak errepikatu dituzte egunotan beharginek: "Zerbitzu berrien adjudikazioek lanpostuak galtzea eragingo dute". Langile batzordeak eta Bizkaiko Herri Lan eta Garraio Sailak adostutako akordio batekin amaitu ziren orduko protestak. Enpleguen subrogazioa berbatu zien diputazioak. Baina laster martxan hasiko den Bizkaibus berrituak orain artekoak baino linea gutxiago izango ditu. "Iazko mobilizazioak piztu zituen egitura berri berberari eutsi diote lizentziak onartzerakoan". Horregatik, sindikatuek uste dute behar baino langile gehiago egongo direla. Horrela, bada, gaur zortzi egingo dituzte lehen protestak. Goizez, arratsaldez eta gauez, aldiro bi orduz etengo dute lana. Ondoren etorriko dira egun osoko bederatzi lanuzte. Urriaren 27an, azkenik, greba mugagabea hasiko dute.
Astelehenean aurkeztu zuten deialdia Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailaren Bizkaiko ordezkaritzan. ELA, LAB, UGT-Euskadi, Euskadiko CCOO eta LSB sindikatuetako ordezkariek iazko urriaren 4an sinatutakoa ez betetzea leporatu zioten Garraio Sailari. Besteak beste, hiri barruko lineak mantentzeko, lanpostuen amortizazioa eragozteko eta orain arteko lan baldintzak eta lan poltsak bermatzeko konpromisoa hautsi izana egotzi zioten.
Martitzenean, Bizkaiko Foru Aldundiaren asteroko gobernu kontseiluak lizentzia berrien adjudikazioak onartu ostean, Itziar Garamendi Garraio diputatuak erantzun zien. Onartu zuen "harriduraz" hartu duela albistea. "Iaz sinatutako akordioaren puntu guztiak bete ditugu. Horregatik, ez dugu ulertzen zertara datozen mobilizazio hauek. Espero dut lanuzte deialdia ez betetzea eta ez izatea presio egiteko modu bat". Bi langile motak mantenduko dute enplegua. Batetik, lantalde finkoa osatzen dutenek. Bestetik, adjudikazioak onartu diren egunera arte gutxienez lau hilabetez beharrean ibili diren behin-behinekoek. Gainera, ohartarazi du beharginek eta adjudikazoak jaso dituzten enpresa berriek daborduko sinatu dituztela subrogazioak. Horregatik, erabat ukatu du enplegua suntsituko dela.
UGT sindikatuko Pedro Markinak "gezurtzat" jo du. Salatu du subrogaziorako zerrendak egiten ibili direnean bi langile ez zirela agertzen. "Mungia, Arrieta eta Meñaka arteko linean eta Mungia eta Gamiz-Fika artekoan zerbitzua mantendu da, baina gidariak ez. Aste honetan bertan kaleratu dituzte biak. Ez da egia langile guztiak subrogatu direnik".
Iazko protestetan bezala, sindikatuak epe ertainera begira ipini dira. 2013ko urrian sinatutako akordioan, hirugarren puntuak hala dio: "Gaur egun existitzen diren lanpostuak mantentzea bermatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak haien amortizazioa ez onartzeko konpromisoa hartzen du. Konpromiso hau soilik berrikusi ahal izango da langileen ordezkaritza legalak eta sozietate kudeatzaileek Bizkaiko Foru Aldundiaren gainbegiratzearekin lortuko luketen akordio bidez". ELA sindikatuko Iñaki San Andresen arabera, diputazioak ez du berbatutako hori beteko. "Lineak desagertzean edo bat egitean egituratik lanpostuak kentzen ari dira. Linea bakoitzak 11 ditu gutxi gorabehera. Beraz, guk egin ditugun kalkuluen arabera, 200 bat amortizatuko dira".
Oraingoz, Bizkaibusek orain arteko lantaldeari eutsiko dio, subrogazioari esker. "Baina zertan edukiko dituzte sobera dauden horiek? Euren lanpostua desagertzen bada, zertan egongo dira enpresan?". Haren ustetan, foru aldundia "une honetako arazoa saihesten saiatzen ari da subrogazioagaz", baina, lanpostuak desagertuko direnez, "asko jota hiru urte barru" kaleratzeak egongo direla aurreikusi du. Gainera, gogora ekarri du diputazioak 12 milioi euroko diru sorta onartu duela gehiegizko enplegua orekatzeko. "Seguru gaude amortizaziorako erabiliko dela".
Sindikatuen proposamenak
Iazko akordioan foru aldundiak zioen zerbitzua hobetzeko har daitezkeen neurriak aztertuko zituela, amortizazioa saihesteko bitarteko modura. Besteak beste, "Bizkaiko gizarteak eskatutako linea berriak eta maiztasun edo ibilbide aldaketak" aipatzen zituen. UGTko Markinak adibide bat ipini du. "Bilbotik Santa Marina ospitalera doan linea hiri barnekoa dela uste zuen. Eskualde osoari zerbitzu ematen diola ikusarazi diogu. Eta azkenean lizentzietatik kanpo Bilboko Udalagaz batera lineari eustea onartu du. Adjudikazioetan horretarako onartutako aurrekontuaren zati bat aurreztu bada, zergatik ez du diru hori erabiltzen Bizkaibus orain arte bezala mantentzeko? Santa Marinakoagaz egin du salbuespena. Datozela gehiago".
Sindikatuek eta Garraio Sailak komisio bat sortu zuten iazko urrian, akordioa betetzen dela gainbegiratzeko eta zerbitzua hobetzeko proposamenak aurkezteko tresna gisa. "Elkarrizketa asko egon da, baiezko mordoa entzun ditugu, baina praktikan ez da ezer egin. Zerbitzua hobetzeko eta linea berriak sortzeko egin diren proposamenen inguruan ez dute pausorik eman", salatu du CCOOko Juan Carlos Gonzalezek.
Garamendik azaldu duenez, zazpi aldiz elkartu dira; azkenekoz, irailaren 4an. Sindikatuen esanetan, estreinakoz, diputazioko ordezkariek ez zuten hurrengorako hitzordurik proposatu. Hil honen 11n, posta elektronikoz eskatu zuten zita sindikatuek, baina ez dute erantzunik jaso. Garamendik ateak irekiak dituela dio. Sindikatuak zain daude.