Bizkaia

Paperezko jantzien erakusketa

Paperezko jantzien nazioarteko lehiaketagaz lotutako bi erakusketa daude Gueñesko Arenatzarte gunean. Horietako bat Kristalezko Eraikinean dago, eta Herrialde Katalanetatik eraman dute hara. Lau emakumek egin dituzten 32 diseinuk osatzen dute lagina; erretiratuen lau etxetako kide dira emakumeok. Jantzi klasikoak, modernoak eta garaikideak aurki daitezke erakusketan; baita osorik puntuz egindakoak ere. Bestalde, ikusgai ipiniko dituzte paperezko jantzien erakusketa iraunkorreko lehiaketan saria lortu duten hamar soinekoak ere.

Modaren artea, paperez josia

Gueñesko Arenatzarte gunean, paperezko diseinuak jasotzen dituzten bi erakusketa daude ikusgai.

“Haurtzaroko panpina ikustean ezustekoa hartzen du jendeak”

Langabezian geratu zenean, proiektu berri bati ekin behar ziola pentsatu zuen Jose Rubiok (Santurtzi, 1970). Txikitatik gustukoak izan ditu eskulanak, eta, Mari Asun arrebarekin batera, bere ibilbide profesionalari bira eman eta Peliñecos izeneko panpinak ekoizten hasi zen duela urte eta erdi.

Zaletasun gisa, lagunentzat hasi ziren panpinak sortzen. "Aisialdirako denbora asko duzunean, burua martxan jartzen da, eta ideia xelebre asko etortzen zaizkizu", dio Rubiok. Eskulanetarako trebezia baliatuz, zaletasun hori ogibide bihurtu du azkenean. Nebak kontatzen duenez, Mari Asunek eskuekin lan egin du denbora luzez; besteak beste, jostun eta ile apaintzaile lanetan ibilia da. Buruari eraginez eta hariari tiraka, eskuei beste erabilera bat ematea pentsatu zuen Jose Rubiok. "Hobby moduan hasten dira lanbide asko, eta kasu honetan ere halaxe izan zen". Lagunek animatuta, "serio" hartu zuten negozio aukera, eta, pixkanaka-pixkanaka, ezagutzera eman dute euren lana.

Egundaino, 500 panpinatik gora egin dituzte. Egunean bat amaitu ohi dute, gutxienez, eta Santurtzitik mundu osora zabaltzen dituzte. Etxean bertan lan egiten dute. Gero, sare sozialen bidez saltzen dituzte panpinak. "Batez ere, Euskal Herritik eskatzen dizkigute gehienak, baina Madril eta Bartzelonatik ere jasotzen ditugu eskaerak", dio sortzaileak. Oihartzuna gero eta handiagoa da, eta Peliñecos direlakoak nazioartean saltzen hasi dira. "Azkenaldian, AEBetatik eta Alemaniatik jarri dira gurekin harremanetan panpinak eskatzeko. Hori dela eta, ingelesa ondo menperatzen duen beste lagun bat sartu dugu proiektuan; berak laguntzen digu nazioarteko eskaerekin". Arrakastari eusteko, panpinen eskaintza zabaltzea erabaki dute. Hala, arrebari pelikuletako pertsonaiak eta musika izarrak egiten hastea proposatu dio. "Denetarik egiten dugu, helduentzako edo umeentzako filmetako pertsonaiak, pertsona anonimoak zein famatuak".

Rubioren arabera, gakoa abilezia izatean dago. "Azken boladan, azkarrago egiten dugu lan, besoak eta buruak moztuak ditugulako; horrek arinago aritzeko aukera ematen digu". Nahiz eta molde jakin batzuk erabiltzen dituzten, panpina bakoitza "berezia" da, eta xehetasun ezberdinak ematen dizkiote. Panpina talde bakoitzak bere ezaugarri propioak dituela azpimarratu du. Baina horiek sortzeko prozesuan badira gogokoago dituen batzuk. Dendetan jada saltzen ez diren panpinak egitea gustuko du Jose Rubiok. "Ezusteko handia hartu ohi du jendeak haurtzaroan zuen panpina berriz ikustean; esaterako, Barrio Sesamo haurrentzako telesaileko pertsonaiek atentzioa eman ohi dute".

Eskaerak "askotarikoak" izaten dira, baina beldurretako filmetako izarrak, Predator eta Saw pelikuletako protagonistak eta zonbiak eskatzen dira gehien. Rubioren arabera, Star Wars pelikulan oinarritutako pertsonaiak saltzen dituzte gehien. "Film horrek jarraitzaile asko ditu, eta pertsonaiak oso ezagunak dira". Panpina bakoitzak 20 eta 30 euro artean balio du, baina lanaren araberako prezioa ematen dietela azpimarratu du santurtziarrak. Adibidez, Alien filmeko estralurtar protagonistak lan handia eman ziela azaldu du. "Ia 50 zentimetro luze zen, eta askotariko materialak erabili behar izan genituen errealismo kutsu bat lortzeko; hankak egiteko, hodiak erabili genituen. Burdindegi batean sartu eta buruari eragiten diogu, aukerarik egokiena zein izan daitekeen".

Askotariko eskaerak

Panpina ezagun asko egiteaz gain, kaleko jende arruntarenak ere sortzen dituzte. "Alaba edo semearen argazkia ekartzen digute; xehetasun berezienak kopiatu, eta panpina bat sortzen dugu", dio Rubiok. "Edozein panpina egiteko gai gara; oraingoz, ez dugu ezer baztertu, nahiz eta bitxiak izan. Behin, Los Ramones musika taldeko bateria jotzailearen panpina eskatu ziguten. Hori xelebrea da".

Santurtziko Dorretxean aurkeztu berri dute Rubio neba-arrebek euren lehenengo erakusketa; bertan, 70 panpina ikusteko aukera izan dute bertara joan direnek. Gaur egunera arte atondu duten erakusketa zabalena izan da azken hori, lan gehien bildu duena. "Jende asko ezagutzen dut herrian, eta taberna batzuetan arratsalde bakarreko erakusketak egin ditugu. Horrek gure lana ezagutzera emateko aukera aparta eman digu".

Gaur egun, ekimen berriei so daude. "Barakaldoko Udalarekin berba egiten ari gara, eta, hurrengo urtera begira, zerbait egiteko asmoa dugu bertan". Gainera, proiektua indartzeko asmoa dute, eta saretik herrira salto emateko pausoak aztertzen ari da santurtziarra. Horrez gain, klaseak emateko proposamena jaso dute, eta aukera ikertzen ari dira egunotan. "Gure ametsa herrian lokal bat eskuratu eta denda zabaltzea da. Dena nahi bezala badoa, laster alokatuko dugu, eta bertan salduko genituzke geure panpinak, nahiz eta sare sozialetan jarraituko dugun".

Gurutzetako larrialdiak, berriro kolapsatuta

BARAKALDO. Gurutzetako ospitaleko larrialdi zerbitzua berriz ere kolapsatu egin dela salatu du CCOO sindikatuak. Osakidetzak udan 201 ohe itxi zituela diote, eta horiek ez zabaltzeak eragin duela aste honetan sortutako egoera. Baliabideak eskatu dituz...

Bilboko musika bandaren kontzertua

Bilboko Udal Musika Bandak kontzertua emango du, Iñaki Urkizu bandako zuzendariordeak gidatuta. Alondegian egingo dute kontzertua, gaur, Kulturen Atarian, 19:30etik aurrera. Sarrera librea da.

Besteak beste, Pascual Markinaren Certamen Levantino pasodoblea eta Derek Bourgeoisen Felanitx fandango piezak interpretatuko dituzte, Urkizuren eskutik; 2007az geroztik da bandako zuzendariordea.

Askotariko musika eskaintza

Musika bandak kontzertua emango du Alondegian, gaur, 19:30ean. Sarrera doakoa da.

Herri baten adierazgarri

Santurtzitik Bilbora itsasadarraren hegaletik eta gona jasota doazen sardina saltzaileen abestiak ezagun bihurtu du kostaldeko herria han eta hemen. Emakume horiek urteetan egindako lana aitortze aldera eta haien omenez egindako monumentuak 50 urte be...

Urdaibaiko bidea gertu dago, baina finantzaketaren zain

Urdaibaiko ezkerraldea eta eskuinaldea konektatuko dituen zaldi ibilbidea egiteko ametsa dute Urdaibai Zaldi Taldekoek. Asmo hori du Osertz Lejarreta bertako kideak. Hiru fase dauzka proiektuak, eta lehenengoa eginda dutela dio. Ametsa aurrera eramateko finantzaketa behar dute orain, ordea. Eta horren zain daude, lehenengo fasea gauzatzea ahalbidetuko dien finantzaketa iritsiko zaien zain, hain justu.

Ereño eta Nabarniz lotzen dituen ibilbideak osatzen du lehenengo etapa hori; Gernika-Lumo, Ajangiz eta Muxika igarotzen ditu bigarrenak; eta, hirugarrena, Sukarrieta, Busturia eta Bermeo artekoa da. Lan errazena Ereñokoan zeukaten, han raid zirkuitua antolatzen dutelako urtero. Iragan ekainean egin zuten azkenean, esaterako, 34 zaldi eta zaldizko elkartu ziren. Etapa horren "zatirik handiena raidean bertan" egiten duten ibilbideak osatzen du. "Beraz, kontrolatuta daukagu, GPSagaz erregistratuta, eta 30 kilometro inguru dauzka".

Etapa bakoitzak ibilbide zirkularra egiten du, "kiribil bat, hasiera puntuan bukatzen baitira guztiak". Hiru kiribil horiek elkartuko dituen bide zati bat ere aurreikusi dute, gainera. Beraz, posible izango da 100 kilometrora arteko ibilbide osoa egitea zirkuitutik atera gabe.

Horretarako, baina, bide luzea dute oraindik egiteko. Ereñotik Nabarnizerako lehen fase hori gauzatu ahal izateko proiektuaren finantzaketa osoa behar dutelako. Izan ere, irabazi asmorik gabeko taldea izanik, ez dute diru sarrerarik: "Eta hori gabe, ezin dugu aurrera egin". Datorren hilera arte itxaron beharko dute diru laguntzei buruzko ebazpenaren berri izateko.

Zaldien munduari bultzada

Eskualdean "zaldien munduari bultzada bat emateko" asmoz sortu zuten proiektua. Urdaibain "hamar bat ibilbide egin daitezke", eta, hasieran, ibilbide horiek liburu batean jasotzeko ideia sortu zitzaien. "Duela lau urte inguru, Espainiako Zaldi Federazioak ibilbideak zelan diseinatu zehazten zuen gida bat sortu zuen", eta Busturialdeko zaleek berriz ekin zioten gida horren arabera ibilbidea diseinatzeari.

Zaldi ibilbide horiek turismoa bultzatzeko modu bat ere badirela aitortu du Lejarretak. Izan ere, federazioaren gidan jasotzeko bete behar dituzten baldintzen artean, besteak beste, "herri bakoitzean interes turistikoa duten lekuetatik" pasatzea da. Hori dela eta, eurek diseinatutakoa, besteak beste, "San Migeletik, Iluntzarretik eta hainbat ermitatik igarotzen da".

Zaldientzako ere egokitutako bidea egin dute. "Eurak ura edateko lekua egon behar da, baita zaldiak uzteko lekua ere. Batez ere, hasieran eta bukaeran. Egurrezko barra batzuk ere jartzen dira, baita askaltegiren bat ere...". Eta bidetik gertu, nekazaritza guneak edo antzekoak egotea ere beharrezkoa da, ibilbideen gida horretan sartzeko. Proiektuaren diseinua egiteko orduan, normalean "antzinako herri bideak berreskuratzen eta horietatik pasatzen" ere saiatu dira.

Horrez gain, "seinaleak ipini behar dira, horretarako propio diseinatutako seinale jakin batzuk badaudelako, eta horiek guztia0k erosi egin behar dira. 100 metroan behin marka laranjak jarri behar dira, eta horretarako, pertsona batzuk kontratatu. Bestalde, ibilbide osoa sasiz garbitu behar da. Ibilbideari buruzko informazioa jasotzen duten triptikoak argitaratu...". Lan handia egin behar da era horretako ibilbide ofizial bat eratzeko. Eta horrek kostu handiak dakartza.

Durangaldeagaz lotura

Urdaibai Zaldi Taldeak etorkizunera begira aurreikusitako proiektu globalaren bigarren etapak Gernika-Lumo eta Muxika lotuko lituzkeen ibilbidea aurreikusten du. Horrek, gainera, Durangaldeko Zaldigorri bideagaz bat egiteko aukera zabalduko luke. Durangokoa "Muxikako eremu batetik igarotzen da bost kilometro ingurutan. Beraz, Urdaibaiko ezkerraldea eta eskuinaldea konektatzeaz gain, gure helburua da Zaldigorrigaz beste konexio bat izatea. Haregaz bat eginez gero, beste 90 kilometroko ibilbidea egiteko aukera eskainiko luke".

25 kide inguru ditu egun Urdaibai Zaldi Taldeak. Urtean zehar hainbat jarduera antolatzen ditu elkarteak. Urte bukaera aldera zaldien zaintzagaz zerikusia duen ikastaroren bat eskaintzen dute: "Albaitaritza, ferraketa zein zaldiek izan ditzaketen patologiak" landu izan dituzte, besteak beste, orain arte. Aurtengoaren eguna eta edukia ez dituzte zehaztu, oraingoz.

Zeberio-Artea Rallysprinta bihar

Zeberio eta Artea arteko lur gaineko 3. rallysprinta jokatuko dute bihar, Sarasolatik abiatuta. 15:00etan emango diote hasiera auto lasterketari.Euskal Herrian egiten diren lur gaineko era horretako lehiaketa bakarrenetarikoa da. Gorbeialde Racing elk...

Arabako patataren aldeko apustua indartuko du Eroskik

Hasi da Arabako patataren sasoia, eta, harekin batera, kanpaina honetan Eroskik bertako nekazariekin daukan lankidetza indartzeko asmoa du. Eusko Label eta Eusko Baserria egitasmoen barruan daudenekin indartuko du, merkataritza politika arduratsua abian jarri eta laborearen errentagarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko. Horretaz gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 245 dendek osatzen duten sare komertzial osora merkaturatuko du kooperatibak ziurtagiria duen Arabako patata.

Joan den urtean, ziurtagiria duen Arabako patata gehiago erosi zuen Eroskik, %34 gehiago, hain justu; 2,5 milioi kilo baino gehiago izan ziren. "Zehazki, Eroskin erositako Euskal Baserri patataren salmenta %46 inguru igo zen, eta Eusko Labelenak, %6,6. Espero dugu sasoi honetan ere joera horri eustea, haren kontsumoa sustatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko gure sare osoan", adierazi du Asun Bastidak, Eroskiko tokiko produktuen zuzendari komertzialak.

Eroskik Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioaren haritik dator kanpaina; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazaritzako elikagai industriaren sektorea garatzeko eta haren ekoizpen ehunaren aniztasunari eusteko helburuarekin abiatu zuten. Akordioa duela urtebete berretsi zuten, eta lehen sektorearen garapen zabala ekarri du: arrantzan —berdelaren, antxoaren eta hegaluzearen kanpainetan—, nekazaritzan —Eroskiko denda guztietan tokiko fruitu eta barazki sorta zabaldu dute— eta abeltzaintzan —berriki Eroski Natur haragia Eusko Label ziurtagiria duen okela merkaturatu dute—. Tokiko beste hainbat elikagairen ekoizpena ere sendotu dute akordioaren bitartez; sagardo eta txakolin marka propioak eta eskuz egindako Idiazabalgo Artzain Gazta, esate baterako, Eroski Seleqtia markaren barnean merkaturatu dituzte.

Arabako patataren ekoizpena bultzatzearekin batera, tokiko ekonomia garatzeko konpromisoa betetzen ari da Eroski, nekazaritzako elikagaien industriako ekoizleekin egindako lankidetza hitzarmenen eta akordioen bitartez. Gainera, taldearen plan estrategikoan indarra hartzen doa, eta, hala, tokiko produktu freskoen aldeko apustua berresten ari da. Zurekin izeneko denda eredu berriak emango ditu ezagutzera produktu berri horiek. Era berean, nekazaritzako elikagaien industriaren sektore osoari lagunduko dio; izan ere, harreman egonkorra du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elikagaien industriako 450 hornitzailerekin baino gehiagorekin, eta elikagaietan 400 milioi euro baino gehiago erosten dizkie Eroskik.

Kalitatezko ziurtagiria

"Arabako patatak, Euskal Baserri eta Eusko Label zigiluekin, jakin izan du kalitateagatik bereizten, eta kontsumitzaileen aitorpena jaso du; hain zuzen, kontsumitzaileei eskaini nahi dizkiegu elikagai freskorik onenak eta eskaintza sorta zabala, erabateko askatasunez aukeratzeko. Izan ere, esan dezakegu Eroski denda guztiak inguruko elikagaiak merkaturatzeko plataforma irekiak direla", esan du Raimundo Ruiz de Eskuderok, Gasteizko Eroski Boulevard hipermerkatuko kudeatzaileak.

Arabako patataren sasoian, bestetik, Eroskik eta Udapa nekazari kooperatibak kanpaina bat abiatu dute, produktu honen bikaintasunak ezagutzera eman eta elikadura osasuntsu batean duen garrantzia gogoratzeko. Udapako kudeatzaile Alfonso Saenz de Camarak nabarmendu du Eroski "apustu sendoa" egiten ari dela tokiko ekoizleen alde eta, bereziki, kalitate ziurtagiria duten produktuak goraipatzeko. Gogoratu du patata erakunde ziurtagiri emaile ofizialek kontrolatzen dutela eta "kalitate goreneko produktua" lortu dela.

Bestalde, adierazi du Araban Euskal Baserri eta Eusko Label barnean dagoen patata "gakoa" izango dela hemengo nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizunerako. Bertako ekonomiarako garrantzitsua dela esan du: "Araban ereiten den patata hektarea bakoitzak zerealak baino hiru aldiz gehiago ematen du".

Gasteizko Boulevardeko hipermerkatuan egin dute kanpainaren aurkezpena eta han izan dira, besteak beste, Eduardo Aginako Jaurlaritzako Nekazaritza Saileko zuzendaria, Alfonso Saenz de Camara Udapako gerentea eta Raimundo Ruiz de Eskudero hipermerkatuko gerentea.