Denboraldiko produktuak salgai izango dituen Gure Lurreko Merkatua izeneko azoka egingo dute bihar Bilboko Areatzako aterpeetan. 10:00etan hasi eta 15:00etara bitartean, hogei ekoizle inguru elkartuko dira. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak s...
Bizkaia
Abaroa jauregiaren etorkizuna marrazten
Lekeitioko erdigunean badago ere, hormatzar handien babespean isilik egon da Abaroa jauregia. Garaiek aurrera egin dute, baina harentzat denbora ez dela pasatu dirudi. Itxita edo erabili barik egon da urte askoan, herritarrengandik gertu eta urruti. Orain, baina, herritarrek eurek edukiko dute haren etorkizunaren giltza: Abaroa jauregia lekeitiar guztientzat berreskuratuko dute, eta herritarren ardura izango da zertarako erabili erabakitzea.
1891. urtean eraiki zuten, eta Jose Maria Abaroa lekeitiar bankariaren bizilekua izan zen Abaroa jauregia; 1940tik 2004ra, berriz, agustindar errekoletoen Santa Rita komentua. 2004an, udal jabegoko bilakatu zen, baina, ez zuten ezertan erabili 2012ra arte. Urte horretan, Ondare Lantaldearen eskutik, bertan behera uzte horri buelta emateko lehen pausoak eman ziren: Abaroa jauregia herritarrentzat zabaltzeko prozesua hasi zen, eta kultur ondare izendatzeko lehen pausoak eman zituzten.
Hasieratik erabaki zuen Lekeitioko Udalak Abaroa jauregia herritarren esku egon behar zuela. Eta erabakietan ahal denik eta parte hartze handiena lortu nahi dute. Horretarako, parte hartzeko betiko prozesua baino askoz gehiago den proiektu bat planteatu du udalak: ikerketa ekintza parte hartzailea. Abaroa biztu! deitu duten proiektuaren helburua lekeitiarrak prozesuan subjektu aktibo bilakatu, Abaroa guneaz jabetu eta espazioaren eraldaketa martxan jartzea da.
Bide horretan sortuko diren galderak asko eta askotarikoak izango dira; oraindik gehiago erabaki behar dutenak asko direlako. Printzipioz, lekeitiar guztiak izango dira. Zelako espazioa nahi edo behar dugu? Abaroa guneak funtzio bakarra edo asko izan behar du? Nola berpiztu behar da Abaroa jauregia? Galdera horiei guztiei erantzun nahian dabiltza lekeitiarrak, edo batzuk behintzat bai. Abaroa gunearen inguruko erabakiak hartzera gonbidatu ditu udalak, eta hiru batzar eta beste hiru ekintza egingo dituzte espazioaren antolaketa eta kudeaketa ereduak erabakitzeko.
Irailaren 18an hasi ziren batzarrekin. Lehenengora 25 herritar joan ziren, eta Abaroa gunearen funtzio nagusia kultura eta sorkuntzakoa izan beharko lukeela adierazi zuten orduan herritarrek. Bigarrenean, kudeaketa eredua aztertu zuten; hau da, nola egin iraunkor Abaroa gunea. Gernika-Lumoko Astran, Urnietako Saroben, Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa), Madrilgo La Tabacaleran edo Bartzelonako Can Batillon erabiltzen dituzten ereduen berri eman eta horien inguruan eztabaidatu zuten, eta, talde txikietan banatuta, Abaroak bete beharko lituzkeen funtzioen inguruan hitz egin zuten. "Buruaski izatea" lortu behar dela eta "kultur sorkuntzarako gunea" izan behar duela azaldu zuten herritarrek.
Bestalde, ekintzekin ere hasiak dira lekeitiarrak. Irailaren 20an arkitektura puzzle bat osatu zuten Independentzia plazan, arkitekturari dagokionez ematen dituen aukeren inguruko tailerra, eta jauregiko espazioak irudikatu zituzten. Hurrengo ekintza, berriz, zapatu honetan egingo dute: gestioa marraztuko dute, antzeko proiektuen kudeaketa ereduetatik abiatuta. Abaroa jauregian elkartuko dira horretarako. Eztabaidekin hasi aurretik, baina, auzolanean ibili dira lekeitiarrak. Eraikinagaz gain, lorategi handi bat dauka Abaroak, eta bertan hasi dira lekua lehengoratzen.
Ikerketa teknikoak egin zituzten hasteko, eta lorezaintzan eta margotzen jardun zuten herritarrek astean birritan batuta. Abuztuko azken-aurreko zapatuan inauguratu zuten jauregiko lorategia, eta, beraz, orain, gune berde berriagaz gozatzeko aukera dute lekeitiarrek.
Izendapen bila
Abaroa jauregia Lekeitioko eraikin garrantzitsuenetako bat izanda, Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea nahi du udalak, besteak beste, eraikinak babes handiagoa izateagaz gain, diru laguntzetara jotzeko aukera gehiago daudelako. Horregatik, 2012. urtean ikerketa bat abiarazteko lehen pausoak eman zituen. Hain zuzen ere, Arkitektura Garaikidearen Historian aditu Gorka Perez de la Peña Oleagari eskatu zioten eraikinaren azterlana. Ikerketa horretan, jauregiaren historia bai eta eraikinaren balioa ulertzeko gakoak erakusten dira. Behin ikerlana aztertuta, Lekeitioko Udala,Eusko Jaurlaritzara joan zen dagokion espedienteari hasiera emateko eta lehenbailehen Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko Lekeitioko Abaroa jauregia.
Zenbait drogazale arretarik gabe gera litezke, Bailengo gela itxi ostean
Azaroaren 25ean 11 urte egingo ditu droga kontrolatuta kontsumitzeko Bilboko gelak. Egun hori aukeratu dute hura kudeatzen duten Munduko Medikuak elkartekoek Bailen kalean duten gela ixteko. Jagoba Zallo kideak jakinarazi duenez, ez dute zerbitzua it...
“Ez dut nahi nire semea era horretako arriskupean egoterik”
Solokoetxeko BHIko guraso elkartean kezkatuta daude inguruko telefonia antenek euren seme-alabengan izan ditzaketen ondoriok direla eta. Europaren gomendioei kasu egiteko eskatu diete administrazioei. Protestak egin dituzte, eta ez dute baztertzen ge...
“Haurtzaroko panpina ikustean ezustekoa hartzen du jendeak”
Langabezian geratu zenean, proiektu berri bati ekin behar ziola pentsatu zuen Jose Rubiok (Santurtzi, 1970). Txikitatik gustukoak izan ditu eskulanak, eta, Mari Asun arrebarekin batera, bere ibilbide profesionalari bira eman eta Peliñecos izeneko panpinak ekoizten hasi zen duela urte eta erdi.
Zaletasun gisa, lagunentzat hasi ziren panpinak sortzen. "Aisialdirako denbora asko duzunean, burua martxan jartzen da, eta ideia xelebre asko etortzen zaizkizu", dio Rubiok. Eskulanetarako trebezia baliatuz, zaletasun hori ogibide bihurtu du azkenean. Nebak kontatzen duenez, Mari Asunek eskuekin lan egin du denbora luzez; besteak beste, jostun eta ile apaintzaile lanetan ibilia da. Buruari eraginez eta hariari tiraka, eskuei beste erabilera bat ematea pentsatu zuen Jose Rubiok. "Hobby moduan hasten dira lanbide asko, eta kasu honetan ere halaxe izan zen". Lagunek animatuta, "serio" hartu zuten negozio aukera, eta, pixkanaka-pixkanaka, ezagutzera eman dute euren lana.
Egundaino, 500 panpinatik gora egin dituzte. Egunean bat amaitu ohi dute, gutxienez, eta Santurtzitik mundu osora zabaltzen dituzte. Etxean bertan lan egiten dute. Gero, sare sozialen bidez saltzen dituzte panpinak. "Batez ere, Euskal Herritik eskatzen dizkigute gehienak, baina Madril eta Bartzelonatik ere jasotzen ditugu eskaerak", dio sortzaileak. Oihartzuna gero eta handiagoa da, eta Peliñecos direlakoak nazioartean saltzen hasi dira. "Azkenaldian, AEBetatik eta Alemaniatik jarri dira gurekin harremanetan panpinak eskatzeko. Hori dela eta, ingelesa ondo menperatzen duen beste lagun bat sartu dugu proiektuan; berak laguntzen digu nazioarteko eskaerekin". Arrakastari eusteko, panpinen eskaintza zabaltzea erabaki dute. Hala, arrebari pelikuletako pertsonaiak eta musika izarrak egiten hastea proposatu dio. "Denetarik egiten dugu, helduentzako edo umeentzako filmetako pertsonaiak, pertsona anonimoak zein famatuak".
Rubioren arabera, gakoa abilezia izatean dago. "Azken boladan, azkarrago egiten dugu lan, besoak eta buruak moztuak ditugulako; horrek arinago aritzeko aukera ematen digu". Nahiz eta molde jakin batzuk erabiltzen dituzten, panpina bakoitza "berezia" da, eta xehetasun ezberdinak ematen dizkiote. Panpina talde bakoitzak bere ezaugarri propioak dituela azpimarratu du. Baina horiek sortzeko prozesuan badira gogokoago dituen batzuk. Dendetan jada saltzen ez diren panpinak egitea gustuko du Jose Rubiok. "Ezusteko handia hartu ohi du jendeak haurtzaroan zuen panpina berriz ikustean; esaterako, Barrio Sesamo haurrentzako telesaileko pertsonaiek atentzioa eman ohi dute".
Eskaerak "askotarikoak" izaten dira, baina beldurretako filmetako izarrak, Predator eta Saw pelikuletako protagonistak eta zonbiak eskatzen dira gehien. Rubioren arabera, Star Wars pelikulan oinarritutako pertsonaiak saltzen dituzte gehien. "Film horrek jarraitzaile asko ditu, eta pertsonaiak oso ezagunak dira". Panpina bakoitzak 20 eta 30 euro artean balio du, baina lanaren araberako prezioa ematen dietela azpimarratu du santurtziarrak. Adibidez, Alien filmeko estralurtar protagonistak lan handia eman ziela azaldu du. "Ia 50 zentimetro luze zen, eta askotariko materialak erabili behar izan genituen errealismo kutsu bat lortzeko; hankak egiteko, hodiak erabili genituen. Burdindegi batean sartu eta buruari eragiten diogu, aukerarik egokiena zein izan daitekeen".
Askotariko eskaerak
Panpina ezagun asko egiteaz gain, kaleko jende arruntarenak ere sortzen dituzte. "Alaba edo semearen argazkia ekartzen digute; xehetasun berezienak kopiatu, eta panpina bat sortzen dugu", dio Rubiok. "Edozein panpina egiteko gai gara; oraingoz, ez dugu ezer baztertu, nahiz eta bitxiak izan. Behin, Los Ramones musika taldeko bateria jotzailearen panpina eskatu ziguten. Hori xelebrea da".
Santurtziko Dorretxean aurkeztu berri dute Rubio neba-arrebek euren lehenengo erakusketa; bertan, 70 panpina ikusteko aukera izan dute bertara joan direnek. Gaur egunera arte atondu duten erakusketa zabalena izan da azken hori, lan gehien bildu duena. "Jende asko ezagutzen dut herrian, eta taberna batzuetan arratsalde bakarreko erakusketak egin ditugu. Horrek gure lana ezagutzera emateko aukera aparta eman digu".
Gaur egun, ekimen berriei so daude. "Barakaldoko Udalarekin berba egiten ari gara, eta, hurrengo urtera begira, zerbait egiteko asmoa dugu bertan". Gainera, proiektua indartzeko asmoa dute, eta saretik herrira salto emateko pausoak aztertzen ari da santurtziarra. Horrez gain, klaseak emateko proposamena jaso dute, eta aukera ikertzen ari dira egunotan. "Gure ametsa herrian lokal bat eskuratu eta denda zabaltzea da. Dena nahi bezala badoa, laster alokatuko dugu, eta bertan salduko genituzke geure panpinak, nahiz eta sare sozialetan jarraituko dugun".
Gurutzetako larrialdiak, berriro kolapsatuta
BARAKALDO. Gurutzetako ospitaleko larrialdi zerbitzua berriz ere kolapsatu egin dela salatu du CCOO sindikatuak. Osakidetzak udan 201 ohe itxi zituela diote, eta horiek ez zabaltzeak eragin duela aste honetan sortutako egoera. Baliabideak eskatu dituz...
Bilboko musika bandaren kontzertua
Bilboko Udal Musika Bandak kontzertua emango du, Iñaki Urkizu bandako zuzendariordeak gidatuta. Alondegian egingo dute kontzertua, gaur, Kulturen Atarian, 19:30etik aurrera. Sarrera librea da.
Besteak beste, Pascual Markinaren Certamen Levantino pasodoblea eta Derek Bourgeoisen Felanitx fandango piezak interpretatuko dituzte, Urkizuren eskutik; 2007az geroztik da bandako zuzendariordea.
Musika bandak kontzertua emango du Alondegian, gaur, 19:30ean. Sarrera doakoa da.
Herri baten adierazgarri
Santurtzitik Bilbora itsasadarraren hegaletik eta gona jasota doazen sardina saltzaileen abestiak ezagun bihurtu du kostaldeko herria han eta hemen. Emakume horiek urteetan egindako lana aitortze aldera eta haien omenez egindako monumentuak 50 urte be...
Integraziorako jaialdia egingo du bihar ASEBI elkarteak, Casilda Iturrizar parkean
BILBO. Bizkarrezur bifidoa eta hidrozefalia dutenen ASEBI elkarteak integrazioaren aldeko 15. jaialdia egingo du bihar, Bilbon. Casilda Iturrizar parkean, tailerrak, zozketak, diskoteka mugikorra eta ezustekoak izango dira. 10:30etik 20:00etara bitart...
Urdaibaiko bidea gertu dago, baina finantzaketaren zain
Urdaibaiko ezkerraldea eta eskuinaldea konektatuko dituen zaldi ibilbidea egiteko ametsa dute Urdaibai Zaldi Taldekoek. Asmo hori du Osertz Lejarreta bertako kideak. Hiru fase dauzka proiektuak, eta lehenengoa eginda dutela dio. Ametsa aurrera eramateko finantzaketa behar dute orain, ordea. Eta horren zain daude, lehenengo fasea gauzatzea ahalbidetuko dien finantzaketa iritsiko zaien zain, hain justu.
Ereño eta Nabarniz lotzen dituen ibilbideak osatzen du lehenengo etapa hori; Gernika-Lumo, Ajangiz eta Muxika igarotzen ditu bigarrenak; eta, hirugarrena, Sukarrieta, Busturia eta Bermeo artekoa da. Lan errazena Ereñokoan zeukaten, han raid zirkuitua antolatzen dutelako urtero. Iragan ekainean egin zuten azkenean, esaterako, 34 zaldi eta zaldizko elkartu ziren. Etapa horren "zatirik handiena raidean bertan" egiten duten ibilbideak osatzen du. "Beraz, kontrolatuta daukagu, GPSagaz erregistratuta, eta 30 kilometro inguru dauzka".
Etapa bakoitzak ibilbide zirkularra egiten du, "kiribil bat, hasiera puntuan bukatzen baitira guztiak". Hiru kiribil horiek elkartuko dituen bide zati bat ere aurreikusi dute, gainera. Beraz, posible izango da 100 kilometrora arteko ibilbide osoa egitea zirkuitutik atera gabe.
Horretarako, baina, bide luzea dute oraindik egiteko. Ereñotik Nabarnizerako lehen fase hori gauzatu ahal izateko proiektuaren finantzaketa osoa behar dutelako. Izan ere, irabazi asmorik gabeko taldea izanik, ez dute diru sarrerarik: "Eta hori gabe, ezin dugu aurrera egin". Datorren hilera arte itxaron beharko dute diru laguntzei buruzko ebazpenaren berri izateko.
Zaldien munduari bultzada
Eskualdean "zaldien munduari bultzada bat emateko" asmoz sortu zuten proiektua. Urdaibain "hamar bat ibilbide egin daitezke", eta, hasieran, ibilbide horiek liburu batean jasotzeko ideia sortu zitzaien. "Duela lau urte inguru, Espainiako Zaldi Federazioak ibilbideak zelan diseinatu zehazten zuen gida bat sortu zuen", eta Busturialdeko zaleek berriz ekin zioten gida horren arabera ibilbidea diseinatzeari.
Zaldi ibilbide horiek turismoa bultzatzeko modu bat ere badirela aitortu du Lejarretak. Izan ere, federazioaren gidan jasotzeko bete behar dituzten baldintzen artean, besteak beste, "herri bakoitzean interes turistikoa duten lekuetatik" pasatzea da. Hori dela eta, eurek diseinatutakoa, besteak beste, "San Migeletik, Iluntzarretik eta hainbat ermitatik igarotzen da".
Zaldientzako ere egokitutako bidea egin dute. "Eurak ura edateko lekua egon behar da, baita zaldiak uzteko lekua ere. Batez ere, hasieran eta bukaeran. Egurrezko barra batzuk ere jartzen dira, baita askaltegiren bat ere...". Eta bidetik gertu, nekazaritza guneak edo antzekoak egotea ere beharrezkoa da, ibilbideen gida horretan sartzeko. Proiektuaren diseinua egiteko orduan, normalean "antzinako herri bideak berreskuratzen eta horietatik pasatzen" ere saiatu dira.
Horrez gain, "seinaleak ipini behar dira, horretarako propio diseinatutako seinale jakin batzuk badaudelako, eta horiek guztia0k erosi egin behar dira. 100 metroan behin marka laranjak jarri behar dira, eta horretarako, pertsona batzuk kontratatu. Bestalde, ibilbide osoa sasiz garbitu behar da. Ibilbideari buruzko informazioa jasotzen duten triptikoak argitaratu...". Lan handia egin behar da era horretako ibilbide ofizial bat eratzeko. Eta horrek kostu handiak dakartza.
Durangaldeagaz lotura
Urdaibai Zaldi Taldeak etorkizunera begira aurreikusitako proiektu globalaren bigarren etapak Gernika-Lumo eta Muxika lotuko lituzkeen ibilbidea aurreikusten du. Horrek, gainera, Durangaldeko Zaldigorri bideagaz bat egiteko aukera zabalduko luke. Durangokoa "Muxikako eremu batetik igarotzen da bost kilometro ingurutan. Beraz, Urdaibaiko ezkerraldea eta eskuinaldea konektatzeaz gain, gure helburua da Zaldigorrigaz beste konexio bat izatea. Haregaz bat eginez gero, beste 90 kilometroko ibilbidea egiteko aukera eskainiko luke".
25 kide inguru ditu egun Urdaibai Zaldi Taldeak. Urtean zehar hainbat jarduera antolatzen ditu elkarteak. Urte bukaera aldera zaldien zaintzagaz zerikusia duen ikastaroren bat eskaintzen dute: "Albaitaritza, ferraketa zein zaldiek izan ditzaketen patologiak" landu izan dituzte, besteak beste, orain arte. Aurtengoaren eguna eta edukia ez dituzte zehaztu, oraingoz.