Gutxiagorekin bizi… »

Galdera marka jarri diot izenburuari eta gero kendu. Dagoen moduan irakurrita, sasoi aldakorrekin oso ondo doan esaldi baikor, ekologista, aldarrikatzaile eta eraldatzailea iruditu dakioke askori. Aitzitik eta, hala izanda ere, esaldiak sorraraz lezakeen interes gramorik ere kendu barik, apur bat gehiago arakatu nahi nuke lerro hauen bidez, eta ez aholku kutsua daukan hitz-bikotearen zentzu zabala zalantzan jarri nahi dudalako, ezta hurrik eman ere, mota bateko gauza gutxiagorekin bizitzeak beste mota bateko gehiagorekin bizitzea ekar lezakeelako baino. Edo horretantxe sakondu nahi nukeelako, behinik behin.

Norberarengandik hasita, zer gutxiagorekin bizi? Dotoreak izan arren min ematen diguten zapata, auto eta etxeak, beherapenetan zeudelako erosi eta gehiago inoiz erabili ez ditugun praka, soineko, jaka eta ikonoak, inorengandik espero ditugun bizi-arau, betirako aholku eta erabaki-ahalmenak, inora ez doazen alferrikako tristura, ideia zurrunbilotsu eta suntsitzaileak… Zer irabazteko? Izan gorputzean, izan ariman, etxean, kalean zein ordukako lanean, ostera ere, aske sentitzen hasteko gune garden, zabal eta pisu bakoak.

Umeei aipatzen diedanean “denbora, inork ikusi ez arren, dena aldatzen duen gauza magikoa” dela, erlojua erakusten didate berehala, esentzia harrapaezin horri nolabaiteko forma atzemangarriren bat eman nahian, eta orduan jabetzen naiz, askok eta askok, bost edo sei urterekin, dagoeneko barneraturik dutela aurki gizarteratzeko lehen urrats gisa irakatsiko zaien denbora = erlojua operazio matematiko zientifikoa, zeinarekin, denborak urrea balio duela irakasteaz batera, urre horrekin zer egin nahi duten galdetzeko astirik ez diegun ematen, akaso galdera horrek sorraraz ditzakeen sabel barneko kili-kiliak ekiditeko, edo, akaso, hausnarketa kudeatzeko denbora ez dakigulako zelan hartzen den. Beraz, bigarren galdera: zer gutxiagorekin bizi bakoitzaren denbora-aleak urre-pipita bilakatzeko? Zer da bene-benetan egin nahi duzuna zeure denborarekin, jakinik, epe motz, ertain nahiz luzerako plan guztiak alda daitezkeela goitik behera eta, hala ere, jakinean egonda, zeure asmoen ehuneko handiak, hain justu, zeure hitz eta ekimenetan izan dezakeela jarria indarra eta, ondorioz, baita ere, egia bihurtzeko aukera?

Azkenik, bada, galdetuko du norbaitek: bale, eta, planteamendu sasi-filosofiko horren arabera, zer egin, jada, etxea hutsik eta denbora nire alde dela? Aditz mordo bat datorkit, arrapaladan: haizea besarkatu, itsasoa grabatu, eguzkia eskaneatu, ipuin bat asmatu zure magaleko txikiari, musu bat eman etxeko zaharrenari, segundoen iraupena bikoiztu arnasen biko konpasean.

Bai, gutxiagorekin bizitzeko aktek zerrenda bikoitza eskatzen didate, eta orri zuri luze-luzea.

Eten-puntuak jarriko dizkiot izenburuari. Hobe.

1.200 »

Mario Izetaren soldata. Mario Izeta Bilboko gotzainak 1.200 euro irabazten du. Apaizek 850 euro jasotzen dituzte hilean. Bizkaiko Elizbarrutiak 33 milioiko aurrekontua du urtean.

JAIEGUNETAN JAI EGITEKO ESKEAN »

Merkataritza alorreko beharginek eta sindikatuek elkarretaratze bat egin dute Bilboko Kale Nagusian, jaiegunetan dendak itxita egon daitezen eskatzeko. ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta —CCOOk ez zuen bat egin deialdiarekin—, aldarrikapenari lotutako egun osoko jaia egin nahi izan zuten. Hala ere, Bilboko Udalak baimena ukatu zien, eta elkarretaratzea baino ez zuten egin domekan. Bilbao Dendak elkarteak esan du nahikoa dela hiru jaiegunez irekitzea.

750.000 »

Aldundiak Azkue Fundazioari emango dion laguntza. Bizkaiko Foru Aldundikoak Azkue Fundazioari 750.000 euroko laguntza ematea erabaki du. Euskararen Etxea kudeatzeko da diru hori.

Geure Euskuara (I) »

Bizitzan lantzean behin gertatzen diren kasualitate horietako bat dela medio, hemen gaude bi etxebarritar 2012ko udaberrian Bizkaiko Hitza-ko barikuko zutabean txandaka idazten. Biok gara jipien hamarkadan jaiotakoak, umetan biok ikasi genuen Markina-Xemeingo Vera Cruz mojen kolegioan (gaztelaniaz, jakina) eta gaztetan biok finkatu ginen gure jaioterritik kanpo, bata Gipuzkoan, bestea Bizkaian. Hortik aurrera, gure ibilbideak alderatuz ezin da aurkitu kointzidentzia handirik kolaborazio hauetan erabiltzen dugun euskara salbu: itxura batean biok daukagu argi plaza honetan batuan idaztea dela egokiena.

Ni neu idazterako orduan planifikatu barik heldu naiz erregistro bakoitza noiz erabili behar dudan hautatzera. Publiko zabalarentzat edo hiri giroan bada, euskara batuan; eskualdeko jendeagaz, bizkaieraz eta, azkenik, lagun minekin, bi eratara: hirikoekin batua librean eta herrikoekin eztok eta baidoka. Halandabe, beti sortzen dira zalantzak. Egunkaria-k berak, Bizkaia gehigarria abian jarri zuenean lehentasuna eman zion euskalkiari, nahiz eta jakin irakurle eta harpidedun multzo handia zeukala Euskal Herriko metropoli bakarrean, hau da, funtsean euskalkirik ez duen inguruan. Egia esan, Aldundiarekin lortutako hitzarmenak ere izan zuen zerikusia erabaki hartan. Urteak geroago, aldiz, Bizkaiko Hitza-k batuaren aldeko apustua egin du eta bide beretik jo du Hamaika Telebistak.

Baten bat guzti honek zer garrantzia duen egongo da pentsatzen. Bada, esango nuke ez dela kontu hutsala, bereziki ahozko komunikazioaz ari garela. Asko dira oraindik euskara estandarra, artifizialegia dela iritzita, irentsi ezinik dabiltzanak; era berean, beste askorentzat gehiegizkoak dira bizkaierako aldaeren kontrakzioak eta elipsien dantzak. Batzuek zein besteek atzeraka egingo dute euskara entzun orduko, ez baitira gustura sentituko eta ikasketa negatiboen multzoan kokatuko dute bizipen hori. Hortik datorren hurrengo pausoa badakigu zein den: gaztelaniaren erabilera.

Beraz, funtsezkoa da erregistro egokia erabiltzea une bakoitzean. Batzuetan gaitza da aukeratzea: Euskadi Irratian lau kontutxo esatea egokituz gero, zergatik ez egin ahalik eta bizkaiera garbienean? Beste alde batetik, ez da ariketa polita batua ahalik eta gehien blaitzea norberaren euskararekin? Baiezkoan nago. Biak dira hautu zuzenak eta asko gara batetik bestera saltoka ibiltzen garenok. Ez da harritzekoa, biek baitaukate alde onik. Bizkaierak adierazkortasuna eta musika ditu bere alde; batuak, berriz, zehaztasuna, bereziki aditzekin. Izan ere, zoritxarrez ahozkoan erdi galduta daude bizkaerako hainbat aditz-forma funtsezko, adibidez gure inguruko ziñuazen (zenbat bider entzun eta esan dugu ikusi zaitxuten, batuerako ikusi zintudan-en pareko legez!).

Gaurkoz hemen utziko dut kontua, lehen egunean urrutiegi joatea ez da komeni-eta, badaezpada bere (eta ez porsiakaso sasijatorra).

HONDARTZETAKO SOROSLE ONENEN BILA »

Udara begira, Bizkaiko hondartzetan sorospen lanak egiteko hautaprobak egin zituzten joan den asteburuan. Plentzia eta Gorlizko hondartzetan egin ziren probak. 300 hautagai baino gehiago sartu ziren uretan, ahalik eta ondoena egiteko helburuarekin. Ir…

Txio-txio »

Clara Zaldunbide atzoko egunez hil zuten, duela 75 urte. Arratzuko baserri batean bizi zen, eta astelehen hartan semearekin joan zen Gernikara. Arropa erosi nahi zion semeari. Bizitzak egunerokotasunaren usaina zuen: ama batek ez dio arroparik erosten…

60 »

Gazteentzako enplegu planerako milioi euroak. Bizkaiko gazteen “talentua eta enplegua sustatzeko” 60 milioi euroko inbertsioa egin duela iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. 2015era arteko plana da.

3,6 »

Ingurumenerako tokiko proiektuetarako milioiak. Bizkaiko Foru Aldundiak 3,6 milioi euroko aurrekontua onartu du herrialdeko udal eta mankomunitateek ingurumen arloak egingo dituzten proiektuak finantzatzeko. Orotara, 46 proiektu izango dira diruz lagunduko dituenak.

95 »

Garellanon zeuden gauzetatik aprobetxatuko dena. Garellanoko eraikinetan (Bilboko Basurtu auzoan) zeuden gauza guztien %95 birziklatu egingo dituzte, era batera edo bestera.