Orri artean gordetako altxorra »

Bata bestearen atzetik ilaran jarriz gero, hogei kilometroko lerroa osatuko lukete Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoak gordetzen dituen dokumentuek. Ez alferrik, XVI. mende bukaeratik gaur egun arte Bizkaian sortu diren agiri garrantzitsuenak gordetzen ditu bere apalategietan, herrialde historikoan urteen joan- etorriak eragin dituen gertaeren lekuko.

Papera nagusi den arren, material grafikoa —argazkiak, irudiak, grabatuak, planoak, mapak…— eta musika ere iristen zaizkie —partiturak eta soinu grabazioak—. Hala, aspaldi desagertutako enpresa garrantzitsuen agiriekin batera —adibidez, Sota-Aznar, Union de Credito Minero eta Ybarra Hermano y Cia enpresenak—, Bilboko Gaston y Daniela denda historikoko oihalen laginak ere aurki daitezke.

1983an sortu zen Foru Agiritegi Historikoa, eta egun Maria Diaz de Haro kalean du egoitza, Bilbon. Bost solairutan banatutako gordailu eta apalategietan Bizkaiko jaurerriaren, Bizkaiko Batzar Nagusien, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bizkaiko Diputazioaren eta Bizkaiko udalen agiriak daude. Adibidez, udal agiriei dagokienez, udal guztiek sortutako agirien erdiak Bilboko Udalarenak dira. Agiri kopuru bertsua bildu dute lurralde historikoak izan dituen erakunde orokorrek, denek batera. Eta epaitegietakoak ere ez dira falta.

Halako agirien erabilerari dagokionez, Aingeru Zabala foru agirizainak honako hau dio: “Epaitegietako dokumentuek informazio handia ematen digute. Adibidez, garai jakin batean zer- nolako delituak egiten ziren jakiteko balio dezakete. Baina baita bestelako ezagutzak eskuratzeko. Kasurako, epaiak irakurrita XVIII. mendean zer irain erabiltzen zituzten jakin dezakegu, bizkaitar batek beste bat salatu zuelako irainduta sentitu zelako”.

Baina agiri publiko hauekin batera, agiri pribatuek berebiziko garrantzia daukate; direla familiek mende luzez gorde dituztenak, direla Bizkaiko enpresa garrantzitsuenak. Hain zuzen ere, azken urteetan agiri pribatu hauekin ari dira, bereziki, agiritegia aberasten. “EHUko historialariengana jo genuen, eta Bizkaiko zein enpresaren agiriak gordetzeak merezi duen galdetu genien. Zerrenda bat osatu ziguten eta geu gabiltza enpresaz enpresa agiri eske”, azaldu du. Halere, behar gehien ematen dietenak ere badirela aitortu du. “Enpresek ez dute agiriak gordetzeko ohiturarik, ez behar den moduan, behintzat. Familietatik jasotzen ditugunak, ordea, txukun egoten dira; askotan klasifikatuta ere bai, karpetetan gordeta”.

Hiru urratseko prozesua

Edozelan ere, agiri guztiek agiritegira sartzen direnetik prozesu berbera jarraitzen dute. Aurrena bigarren solairuan izaten dituzte, egokitze edo konpontze lanak egiteko. “Batzuetan zomorroz beteta ere etortzen dira”, dio Zabalak. Klasifikatu eta informatizatu egiten dira agiriok, gerora dokumentu hori non dagoen jakiteko. “Dena dugu lokalizatuta, zein solairutan eta zein apaletan dagoen”, dio Zabalak. Behin lehen klasifikazio hori egin ostean, ondo irakurri behar dira, zer dioten jakin, hirugarren urrats batean katalogatu ahal izateko. Irakurketa hori da beharrik zailena.

Historialariak arduratzen dira horretaz. Sasoiaren arabera, gehiago edo gutxiago izaten ditu Foru Agiritegi Historikoak kontratupean. “Gehien izaten dugunean, 40 inguru izaten dira”. Orri guztiak irakurri behar dituzte, baina denborarik galdu gabe. “Historialariak dira; irakurritakoa baino gehiago jakin gura izatea normala da. Baina historialari direla ahaztu eta irakurri baino ez dute egin behar, gero behar bezala katalogatzeko”.

XVII. mendean, kasurako, sei letra idazteko orri osoa erabiltzen zutela dio; baina beste sasoi batzuetan orriko ordaintzen zenez, den-dena ahalik eta espazio txikiena betez kontatzen ahalegintzen ziren, “ia telegrama estiloan idatziz”. Hala, zailtasunak ez dira gutxi, baita letra ulertzeko ere.

Ondorengo urratsa, katalogazioa: “Dokumentuaren nortasun agiria egitea”. Hori zenbat eta hobeto egin, agirien artean informazio bila datozen ikertzaileek errazago aurkituko dituzte. Katalogatze lana ondo egin ezean, posible da dena delako gai horretaz hitz egiten duten agirien ehuneko txiki bat baino ez aurkitzea, eta hala informazio asko galduko luke.

Gaur egun Foru Agiritegi Historikoak dituen agirien %80 inguru daude katalogatuta. Hein handi batean, etengabe agiri berriak sartzen ibiltzeak eragozten du dena katalogatuta edukitzea. Honen harira, gainera, Zabalak eurek hartu duten erabaki baten berri eman du. Hark dioenez, katalogatze prozesua behin eta berriz hasteko ohitura dago agiritegi askotan. “Guk dena behin katalogatzeko erabakia hartu genuen, gutxienez zer dugun jakiteko, eta beharrezkoa bada gero hasiko gara hasieratik berriz”, argudiatu du erabakia.

Agiritegian kontsulta egiteko ez da ezinbestean ikerlari izan behar. Nortasun agiria erakutsita edonork izango du bilaketa egiteko aukera. Egun, dena informatizatuta dagoenez, bilaketa horiek askoz errazagoak eta eraginkorragoak direla dio Zabalak. Dena den, askotan dokumentu gehiegi izatea ere ez dela komenigarria dio, barrez: “Hogei orri baino ez baditut aurkitu, nekez egingo dut taxuzko ikerketarik. Baina 40.000 aurkituz gero ere, ez naiz, ba, denak irakurtzen hasiko!”.

Edonola ere, badira eskuragarri ez dauden agiriak. “Zaharrenei kalte ez egiteko, originalaren ordez transkripzio bat uzten da”. Gainera, legez babestuta dauden agiriak ere badirela dio: “Adibidez, XIX. mendeko adopzioen dokumentuak ezin dira erakutsi”.

Astelehenetik barikura goiz eta arratsaldez egoten da irekita. “Normalean, agiritegiak goizez baino ez dituzte zabaltzen, baina ikerlarien lana errazteko, batez ere kanpotik datozenena, arratsaldez ere zerbitzua eskaintzea erabaki genuen”. Atzerritarrei dagokienez, Frantziatik etortzen dira gehienak. Zapatu goizetan ere joan daiteke. Aste normaletan, batez beste, 20 lagun inguru igarotzen dira agiritegitik.

“Orain arte, inoiz ez da langabeziarik egon Lezaman” »

Harro sentitzeko arrazoia da Alaitz Etxeandiarentzat maite duzun herriko alkate izatea: “Herritarrek zugan konfiantza dutela esan nahi du, eta polita da hori”. Aspalditik ezagutzen du udaletxeko lana, gaztetatik hasi baitzen zinegotzi lanetan, 23 urte…

Pasealeku batek lotuko ditu metroa eta ospitalea »

URDULIZ. Urdulizko Udalak pasealeku bat egingo du, ospitalea eta metro geltokia lotzeko. Marutze auzoa zeharkatuko du ibiltokiak, eta bost metro zabal izango da. Hilabete honetan bertan ekingo diete lanei, eta espero dute irailerako bukatzea. 400.000 …

Udalerriaren datuak »

Galdakao

Biztanleak: 29.049.

Eremua: 31,66 km koadro.

Herrigunea: Kurtze izena dauka, eta galdakoztarren %80 bertan bizi dira.

Udala: EAJk zortzi ordezkari ditu, Bilduk bost, PSEk hru, Usansolo Herriak bi, PPk bi, eta Ezker Batuak bat.

Bat egite eta banatze ugari egon da XX. mendean »

Frankismoaren aginduz, hainbat herri txiki handiagoen menpera igaro ziren 1960ko hamarkadan. Erandio, Sondika, Derio, Loiu eta Zamudio, esaterako, Bilboko auzo bihurtu ziren. Gernikak Forua, Murueta, Kortezubi, Ajangiz eta Arratzu hartu zituen, Markin…

Mungiako txalet gune batek ere bere udala izan nahi du »

Bilboko Sociedad La Bilbaina elkarteak sustatuta, Mungiako Berreaga mendian txalet gune bat eraiki zuten 1970eko hamarkadan. Kudeaketa batzordearen ardura da azpiegiturak zaintzea. Egun, argudiaturik Mungiako Udalak ez diela gainontzeko herritarrei be…

LEGATZAREN OMENEZ »

Legatzak Ondarroan duen garrantzia aintzatesteko, Legatz Eguna antolatu dute biharko, lehenengoz, Ondarroako Arrain Azokak eta APAO alturako kofradiak. Tabernetan eta kaleetan legatza oinarri duten 5.000 mokadu jarriko dituzte salgai. Goizean, Bide On…

Xake maisuaren bila »

Xake txapelketa

Zornotza

Taktika, estrategia eta logika ezinbesteko ezaugarriak dira xakean jokatzeko orduan; eta hiru elementu horiek beharko dituzte Zornotzan lehiatuko diren 24 kideek. Izan ere, domeka honetan jakingo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurtengo xake txapeldunaren izena.

Xake Txapelketa Absolutuak 27. aldia du aurten. Astelehenean hasi zen, eta, aste guztia lehian ibili ondoren, etzi bukatuko da. Irabazleak 800 euroko saria lortuko du, eta Espainiako txapelketan zuzenean parte hartzeko aukera.

Lehian daudenek isiltasuna eta lasaitasuna eskertuko dituzte, baina edozein pertsona joan daiteke protagonistak ikustera Zelaieta zentroan. Gaur eta bihar, 16:00etan izango dira bosgarren eta seigarren txandak. Finala, berriz, etzi hasiko da, 09:30ean. Zornotzara joaterik ez duenak herriko xake klubaren webgunearen bidez ikus dezake txapelketa, zuzenean. Norgehiagokarekin batera, xakearen inguruko erakusketa bat egongo da. Han, hastapenetatik gaur arteko historia ageri da, xakearentzat garrantzitsuak izan diren une gogoangarriekin.

Maila ona

Zornotzan lehiatuko direnen artean maila ona dagoela antzeman daiteke. Horren adierazgarri da nazioartean ezagunak diren hainbat xakelarik parte hartuko dutela. Egungo txapeldun Santiago Gonzalez donostiarra da Bizkaiko udalerri horretan egongo diren xake maisuetako bat. Mario Gomezek ere parte hartuko du —2000. eta 2009. urteetan nagusitu zen—, eta Alejandro Francok ere ez du hutsik egingo —2008an eta 2010ean garaile izan zen—. Iñigo Martin gipuzkoarra, David Astasio arabarra eta Patrice Etxegarai lapurtarra ere txapelketa irabazten ahaleginduko dira.

Hainbat lurraldetako jokalariez gain, herriak ere izango du ordezkaritza. Izan ere, Zornotzako Luis Javier Ariasek, David Diezek eta Martin Albok lehiaketan parte hartu dute. Orain, taktika, estrategia eta logika modu onean lotzea falta zaie guztiei, ezaugarriok egokien uztartzen dituena bihurtuko baita Xake Txapelketa Absolutuko garaile, eta aurtengo xake maisu.

Vista Alegreko planaren aurkako protestak »

MENDEXA. Vista Alegren egin nahi duten proiektuaren aurka dauden Mendexako bizilagunek hainbat protesta egin dituzte Aste Santuan. Proiektu horren arabera, 28 etxebizitza eta Karraspioko hondartzarako aparkalekuak egingo dituzte han. Garraio publikoa …

%42 »

Elorrion, babes ofizialeko etxeetatik tasatuak direnak. Datozen zortzi urteetan Elorrion eraikiko diren etxebizitza babestuetatik %42 tasatuak izango dira.