TAO eta 200 autorentzako aparkalekua, Miribillan »

BILBO. Miribillan TAO zerbitzua jarri eta 200 edo 300 autorentzako aparkalekua jartzeko asmoa iragarri du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Bizilagunek salatu dute arazoak dituztela inguru horretan aparkatzeko. Hasteko, TAO zerbitzua jarriko du udalak, eta, gero, finantzaketa daukatenean, aparkalekua egingo dute.

Herri ekimeneko euskal hedabideen erronkak »

Zentzu hertsian publikoak ez izan arren, funtzio sozial agerikoa daukagula gogorarazi gura dugu euskal hedabideok, “bai euskeraren garapenean daukagun zeregin funtsezkoagatik, bai euskal hiztunen komunitatearen barruan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik”.

Azken 25 urteetan, batez ere hezkuntza dela eta, pauso handia eman da euskararen ezagutzearen eremuan, horretan ez da zalantzarik. Erabileran, aldiz, hizkuntzaren osasuna adierazten duen neurgailurik zehatzenean, zailtasun handiak daude. Eta gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo dira pausoak hedabide sare indartsurik ezean.

Azken finean, hiztun komunitate guztiek daukate mundua beraien hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko premia, eta euskal hedabideok giltzarri den zeregin horren muinean gaude. Euskaraz ez badugu egiten, beste hiztun komunitate batzuek egingo dute gure ordez, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez.

Sektorearen pisu sozial eta kulturalagaz batera, ekonomikoa ere ekarri gura dugu gogora: euskarazko hedabideen lana 450.000 lagunengana heltzen da, eta, horretarako, 600 langile baino gehiago dabiltza beharrean 100dik gora hedabidetan.

Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dugu urtean, eta zazpi milioi eurotik gorako ekarpena egiten dugu diru publikoetara, gizarte segurantza eta zergen bidez. Ikuspuntu horretatik ere, gure jardunaren garrantzia azpimarratu eta kontuan hartua izan dadin eskatzen du sektoreak.

Ezaguna da Informazio eta Komunikazio Teknologien hedapenak zelako krisi sakona ekarri duen mundu osoan komunikazioaren sektorera, eta 2008az geroztik bizi dugun krisi ekonomikoak aurreko hori gehitu besterik ez duela egin. Mundu mailan zein gure artean ere, agerikoak dira ondorioak; gogoratu besterik ez dago azken bi urteotan bidean geratu diren euskarazko komunikazio proiektuak: Ttipi-Ttapa Telebista, Geu Gasteiz, Txaparro, Esan -Erran Irratia, Nabarra

Aldi berean, azpimarratzekoa da euskal hedabideok inguruko beste hizkuntza handietakoak baino hobeto egiten ari gatzaizkiola aurre krisiari. Azken finean, ohituta gaude krisi betean aritzera, eta ondo baino hobeto dakigu belar motzean ibiltzea zer den.

Kontuak kontu, euskal hedabideok azpimarratu gura dugu testuinguru zail horretan etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa elkarrekin egiteko ahalegina, eta eskertu Gipuzkoa Berritzen-Innobasquek gogoeta horretan laguntzeko erakutsitako prestasuna. Elkarlan horren emaitza hedabideak sinatu dugun dokumentua da. Agiriak sektorearen gaur egungo argazki zehatza aurkezten du, eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako erronka nagusiak proposatzen ditu. Erronka horriek honela laburbildu litezke:

—Negozio eredua eta lan baldintzak. Hedabideok inbersio handiak egin behar ditugu (eta egiten ari gara), batetik, teknologiak eragindako negozio ereduaren aldaketari aurre egiteko, eta, bestetik, bertan diharduen langileen lan baldintzak hobetzeko.

—Salmenta, kalitatea eta lehiakortasuna. Atzean ez geratzeko eta bezeroari merezi duen zerbitzua eta produktuak eskaintzeko, euskal hedabideok ekoizten ditugun produktuen kalitatea eta kudeaketa ere hobetu behar ditugu. Gaur egungo produktuak estimatzen badira ere, salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan asko sakondu behar dugu oraindik.

—Hausnarketa eta ikerketa. Etengabeko berrikuntzaren aroan, ikerketa eta hausnarketa ere ezin ditugu ahaztu: euskarazko hedabideak zer garen, zer helburu bete behar dugun, zelakoak garen eta izan behar dugun, audientziak, kanpoko esperientzietatik ikastea eta, helburuak betetzen doazen neurrian, beste hizkuntzetan aplikatzeko moduko esperientzia eta produktuak esportatzea.

Hori dena garatzeko, hedabideen behatoki baten beharra argi ikusten dugu.

—Elkarlana: Sasoi latzei bakarka baino taldean hobeto egiten zaie aurre, eta alde horretatik badugu zer landu, hedabideok geure artean zein instituzioekin batera.

Sektoreko kideok onartzen dugu elkarren lehiakide garela hainbat eta hainbat kasutan, baina elkarrekin ere jardun dezakegula guztion onurarako; kooperatibitatea landu behar dugula, alegia.

—Erakundeen laguntza politika. Deialdien sistematik hitzarmen ereduetara joatea ezinbesteko ikusten dugu. Beharrezkoa da erakundeak laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbersioak eta garapena sustatzea.

Laburbilduz, herri ekimeneko euskal hedabideon ustez garaia da erronka horiei sendotasunez heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena landuz, gogotik arituz eta batez ere elkarlanean, hedabideon artean, zein erakunde publikoekin eta jentartearekin berarekin.

Aurkeztutako lan hau, bide baten amaiera ez, baizik bide luze baten hasiera dela azpimarratu gura dugu.

Dokumentua sinatzeagaz, herri ekimeneko euskal hedabideen etorkizun hurbila zein urruna bermatu gura duen elkarlana abiatu dugu, sektore antolatu gisa funtzionatzen hasi ahal izateko lehen harria.

Sektore hori eguneratzeko, gogoeta egin gura dugu hedabideok, erabiltzaileekin, eragileekin eta administrazioekin batera. Horregatik, sinatutako dokumentua hartarako prestasuna agertu duten erakundeetan aurkeztuko dugu, gogoetarako oinarri baliotsua izan daitekeelakoan. Eta erakundeei, bide horretatik, hausnarketa mahai bateratua eratzeko deia egin nahi diegu.

Taberna baten bila »

Antena aldatu zigutenetik, bospasei kate baino ez ditugu ikusten ondo, beste zenbait txarto, eta dezente dira ez ditugunak ikusten. Azken horien artean, ETBren kate guztiak. Ez da desgrazia handiegia, baina, Aste Santuko egun gatzipakoetan, poz berezia ematen dit Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliak, eta hori txoritxoaren katean ematen dute hain zuzen, nik ikusten ez dudan horretan. Kalera jaitsi, beraz, eta ziklismo-dosia emango didan tabernara abiatzen naiz, Somerara. Ez dut etapa guztietan egiten, interesgarrienetan baizik, eta azkena, larunbatekoa, interesgarria da, bertan erabakiko delako guztia, Oñatiko erlojuaren kontrakoan.

Baina joan naiz, eta taberna itxita. Badaezpada, Herriko Tabernara hurbildu naiz. Itxita hori ere. Plaza Barrian badago beste taberna bat, ziklismoa izaten duena telebistan. Baina, horreur: pertsiana jaitsita. Tronpeten erritmopean, prozesio bat pasatu da nire ondotik, eta iruditu zait kaputxadunak barreka ari zaizkidala. Arineketan, Jardines kaleko tabernetarantz joan naiz. Zabalik daude, baina batean futbola, bestean Viajar katea, eta beste bitan pelikulak dituzte. Santa Maria kaleko taberna guztiak, berriz, itxita. Schalke 04 taldearen jarraitzaile batzuekin gurutzatu naiz kalean; zerbait zabalik aurkitu nahian zebiltzan, ferragosto iberiar hau madarikatuz, eta laguntza eske begiratu didate, baina Txakur kalerantz egin dut ihes, hango tabernen esperantzan. Ez Kalderapeko, ez Egiluz, ez Txakurto, ez batean ez bestean, inon ez dute ziklismorik telebistan. Saibigainen film melodramatiko bat, Iñakiren taberna itxita, Txomin Barullon kanal txororen bat, Santiago plazako kebabean Al Jazeerako albisteak. Zazpikaleetan barrena hiruzpalau kilometro egin ostean, berriro bueltatu naiz Somerara: nire tabernak itxita segitzen du, eta K2n 1 Formulako karrera bat dago jarrita; Jaunak, Nekane, Madariaga, denetan kale. Degustazio batean sartu eta, desesperatuta, barrako andreari esan diot mesedez jartzeko ETB1. Mespretxuz begiratu ostean, burua jiratu du telebistarantz, karolina bat jaten duen bitartean; bazkalosteko pelikula txatxu horietako bat dauka jarrita andre maltzurrak. Ingurura begiratu dut: dena itxita. Eta argia piztu zait: Batzokian izango dute ETB1 jarrita. Samuel Sanchezek jokoan du lasterketa, ziur jeltzale guztiak daudela asturiarra animatzen. Eta joan naiz, baina Teledeporte zuten jarrita, patinaje artistikoa.

Bueltaka segitu dut arratsalde osoan, alferrik. Banekien lasterketa amaitua zela ordurako, baina ez dut etsi. Handik bi ordura, berriro pasatu naiz Batzoki aurretik. Teledeporten Euskal Herriko Itzulia ematen ari ziren diferituan, eta bezeroak adi begira, Samuel animatzen, braboka, oihuka, saltoka, ikusten ari ziren hura aspaldi gertatu zela konturatu gabe. Nik begiratu ere ez dut egin: etxera bueltatu eta ohera sartu naiz, hurrengo eguneko egunkariaren zain.

Lemoako zabortegiaren kontrol zorrotzagoa eskatu du Zornotzako Udalak »

Lemoako Bistibieta zabortegiko usaina ezinegona sortzen ari da Zornotzako, Galdakaoko eta Lemoako hainbat bizilagunen artean. Arazo horri irtenbidea emateko eskatu du Zornotzako Udalak, joan den martitzenean alderdi guztiek aho batez onartu zuten adierazpen baten bitartez.

Zornotzako ordezkari politikoek eskatu dute berehala har ditzatela zabortegiko funtzionamendua zuzentzeko neurriak. Herritarrak kezkatuta daude zaborren ondorioz sortutako gasekin. Horrez gain, Zornotzako Udaleko ordezkarien ustez, zaborra kudeatzeko prozedura ez da behar bezalakoa.

Ordezkariek adierazi dute “arauak bete daitezela” besterik ez dutela nahi; “ikuskapen aktibo eta eraginkorrak” eskatu dizkiete ingurumena zaintzeko ardura duten erakundeei. Horretarako, idatzi bat bidali dute Eusko Jaurlaritzara, Bizkaiko Foru Aldundira eta Galdakaoko eta Lemoako udaletara.

Besteak beste, udalak eskaera egin du zabortegiaren funtzionamendua luzatzeko plana geldiarazteko. Izan ere, zabortegia kudeatzen duen enpresak, Ekonorrek, 2023ra arte luzatu gura du zabortegiaren iraupena —aurreikusita dago 2014ra arte iraungo duela—. Zornotzako Udalak eskatu du geldiaraz dezatela iraupen hori luzatzeko tramitazio guztia.

Bilduren deia

Alde horretatik, Bildu koalizioak deia egin die gainerako alderdi politikoei Bistibieta zabortegiaren iraupena luzatzeko planaren aurka ager daitezen. Zornotzako udalbatzak erabaki instituzionalaren berri eman ostean egin zuen dei hori Urko Lopezek, herri horretako zinegotziak.

Kezkaren berri eman zuen: “Kiratsaz gain, ez dakigu arnasten duguna arriskutsua den ala ez”. Gogorarazi zuten zabortegia malda batean dagoela, erreka ondoan. Zornotzako, Lemoako eta Galdakaoko Bilduko zinegotziek prentsaurrekoan azaldu zutenez, uholdeak edo euri jasak izanez gero kolokan jarriko litzateke uraren osasungarritasuna.

Salatu dute 2008az geroztik ez dela egin isurketen kontrolik. Bildu koalizioak gogorarazi duenez, onartu egin zuten urte horretan Ekonor enpresak usainen kontrolaren kontra jarritako gorako errekurtsoa.

Gaur egun, Lemoako zabortegiak 111.8165 metro koadroko lekua dauka, eta muga horretara iristen ari da. Bestalde, Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak gogorarazi du ezinezkoa dela Ekonor enpresak egindako eskaera, iraupena 2023ra arte luzatzekoa; izan ere, zabortegia handitzeko aurreikusitako lur eremua babestutako baso eremu urbanizaezin gisa jasota dago Lurralde Plan Partzialean. Plan hori 2010ean onartu zuten.

Lemoa herrian dago Bistibieta, Zornotzako Kortederra auzoaren ondoan. N-634 errepidea eta A-8 autobidea ere gertu ditu. Amiantoa eta beste substantzia kimiko batzuen hondakinak hartzen ditu zabortegi horrek.

Bizkaiko EHNEk eskatu du udalek bat egin dezatela Erralderekin »

Bizkaiko EHNEk oso erabaki larritzat jo du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezezkoa eman izana Durangoko hiltegia berriro zabaltzeko Erraldek aurkeztutako proposamenari. Esan duenez, eragin “oso larriak” dakartza Bizkai osoa ganadua hiltzeko zerbitzu…

Jaietako iragarki batengatik, auzitara »

ERANDIO. Hegoalde kultur elkarteak eta Erandio Altzagako jai batzordeak salatu dute bost pertsona Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu dituztela, iazko jaien propaganda liburuxkan agertutako iragarki batengatik. Hain zuzen, elkarte horie…

Jaiegunetan dendarik ez zabaltzeko eskatuko dute »

BILBO. Datorren domekan zenbait denda zabalduko dituztela salatzeko, elkarretaratzera deitu dute Bizkaiko merkataritzaren alorrean gehiengoa duten sindikatuek; ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, kontzentrazio bat egingo dute jai egunetan jai egiteko eskatzeko, Kale Nagusian —Ford dendaren aurrean—, 11:00etan.

Lezaman jostailu bila, ludoteka bat zabaltzeko »

LEZAMA. Lezamako Udalak jostailuak biltzeko kanpaina bat abiatu du, ludoteka bat zabaltzeko. Beraz, herritarrei eskatu diete 4 eta 8 urte arteko umeentzako lokalera eramateko erabilita egonagatik apurtuta ez dauden jostailuak, puzzleak eta panpinak, e…

Hil honetan ekingo diete berriz ospitaleko lanei »

URDULIZ. Urdulizko ospitalea eraikitzeko bigarren faseko lanei hil honetan ekingo diete berriz ere. Hiru hilabete atzeratu dira ospitalearen obrak; beraz, pentsatzen zuten bezala 2013ko udaberrian zabaldu beharrean, urte horretako udan ireki beharko d…

Inama kooperatiba bidez salbatzeko proposamena »

MUXIKA. Inama Muxikako enpresa salbatzeko, kooperatiba bat sortzen laguntzeko prest azaldu da Bizkaiko Foru Aldundia. Hiru milioi euro emango lizkieke beharginei, “betiere, beste erakundeak ere laguntzeko prest baldin badaude”. Udalak baldintza hauek …