Krisi ekonomikoari dagokionez, gainerako lurraldeekin alderatuta Bizkaia “hobeto dagoela” deritzote bizkaitarrek. Hain justu, krisian jarraitu arren, 5,22 puntu eman dizkiote egungo egoerari. Arlo horri buruzko pertzepzioa gehienentzat ona bada ere, berau da arazo nagusia herritarrentzat, langabeziarekin batera. Galdekatutakoen %79k erantzun dute hori.
Hain zuzen, horiek dira herritarrek hainbat gizarte gairen gainean duten iritzia jasotzeko Bizkaiko Foru Aldundiak, Gizakerren bitartez, egin duen inkestatik ateratako ondorioetako batzuk. Joan den abenduaren 15etik 18ra bitartean telefonoz egindako 1.600 elkarrizketaren bitartez osatu dute. Horietako 475 galdeketa Bilbon egin dituzte, eta 375, bestalde, Ezkerraldean eta Enkarterrin; beste horrenbeste Durangaldean eta Arratian, eta Busturialdean eta Uribe Kostan.
Inkesta egin dietenen artean, ia %40k uste dute Bizkaia krisitik ateratzen edo ateratzear dagoela. Hala ere, herenak ez dira batere baikor, eta etorkizunean egoera are gehiago larrituko dela deritzote. Foru aldundiak batez ere enplegua sustatu beharko lukeela uste dute bizkaitarrek: %34,7k egin dute eskaera hori.
Bestalde, gehienei iruditzen zaie dituen baliabideekin erakunde horrek egiten duen kudeaketa egokia dela. Herritarren %40k baino gehiagok uste dute lurraldeko ekonomia hobetzen laguntzeko kudeaketa egoki gauzatzen ari direla.
Alde horretatik, egungo ongizate mailari eusteko ez da beharrezkoa zergak igotzea. Hain justu, %75,6ren ustez, egungo presio fiskala nahikoa da, eta ez dago handitu beharrik.
Diputazioak eskaintzen dituen zerbitzuak ere baloratu behar izan dituzte herritarrek. Sei puntutik gora jaso dute horietako batzuek. Hain zuzen, zaborren bilketa eta tratamenduari dagokionak izan du puntu gehien: 6,72.
Haren atzetik, 6,39 eman diote azken hiletan grebarik greba aritu den Bizkaibus zerbitzuari; 6,13, errepideei. Horien atzetik kokatu dituzte herritarrek gizarte zerbitzuak (5,72) eta foru aldundiak egiten duen sustapen ekonomikoa eta enplegua (5,07).
Gizarte zerbitzuei dagokienez, gehien-gehienek —%86,7— uste dute gizarte laguntzak jasotzeko orduan egon daitekeen iruzurraren kontra jardutea lehentasunezkoa dela. Beste aldean, gutxiengo bat —%8,2— etorkinen kolektiboari laguntzak murriztearen alde azaldu da.
Politikarien balorazioa
Herritarrek lider eta alderdi politikoei eta sindikatuei buruz egin duten balorazioa ere jaso du inkestak. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia da ezagunena bizkaitarren artean. Eta egindako lanari eta kudeaketari 6,02ko puntu eman dizkiote. Datorren legegintzaldiko hautagaiei dagokienez, Unai Rementeriari (EAJ) 6,45 puntu eman dizkiote; 5,52 Josu Unanueri (EH Bildu); 4,88 Carlos Totorikari (PSE-EE); eta 3,45, azkenik, abendura arte PPren bozeramailea izan den Esther Martinezi.
Sindikatuetako batek ere ez du gainditu herritarren azterketa. ELA eta LAB ez dira lau puntura iritsi, eta CC OO eta UGT, ezta hirura ere.
Maiatzeko foru eta udal hauteskundeei begira ere herritarren boto asmoari buruz galdetu dute. EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, botoen %37,8 eskuratuta; EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, eta Ahal Dugu laugarren lekuan kokatuko litzateke, PPren aurretik. PSE-EE hirugarren geratuko litzateke.