Barakaldoko udal langileek, gizarte zerbitzuen erabiltzaileek, eskubide sozialen aldeko elkarteek eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo udaletxe aurrean. Gizarte zerbitzu duin batzuengatik, murrizketa gehiagorik ez lelopean, atzo onartutako aurrekontuetan udalak eginiko murrizketak deitoratu zituzten.
Murrizketek Hezkuntza Sailari eta Gizarte Ekintzakoari eragingo diete batik bat. Taldeek salatu dutenez, eskola adinean dauden haurren familiek jasotzen zuten diru laguntza kenduko dute; 5.000 sendi ingururi eragin diezaieke horrek. Gizarte ekintzako zenbatekoa %12 murriztu dutela erantsi dute, hau da, 1,3 milioi euro.