Otxandioko emakume batek pasatu zuena oinarri hartuta, fikziozko bost istorio kontatzen ditu Javier de Isusi bilbotarrak Asylum komikian. Ehun orrialde inguru ditu, eta CEAR-Euskadik eskatuta onartu zuen lana. Memoriak trukatzeko proiektuaren barnean, horixe egiten du, hain zuzen, komikiak: bost emakumeren memoriak batu.
36ko gerra edo Bigarren Mundu Gerra zirela medio, Euskal Herritik alde egin behar izan zuten herritar batzuk dira programaren protagonistak. Munduko hainbat lekutatik —batez ere, Afrika eta Ekialde Hurbiletik— heldu direnak ere badira protagonista. Atzoko eta gaurko memoria horiek komikian dute isla. Isusik dioenez, “enpatia ariketa bat da. Atzo, gure arbasoek hartu zuten erbesterako bidea; gaur, beste herri batzuetatik alde egiten ari dira; bihar, agian, guri egokituko zaigu berriro”.
Atzoko eta gaurko istorio horien artean dauden antzekotasunek, gainera, harrituta utzi zuten komikiaren egilea. “1939an pasatu behar izan zuten gauza bera pasatu behar dute gaur egun errefuxiatu gisa heltzen direnek”.
Historia ezezagunak
Lehengo errealitatea eta orain errealitate dena bistaratzea da proiektuaren —eta komikiaren— helburua. “Orain urtebete, proiektuarekin hasi ginenean, errefuxiatuak ezkutatuta zeuden munduaren begietara. Gaur egun, albistegiak zabaltzen dituzte, baina guk komikian istorio ezberdinak bildu ditugu. Horregatik, ez da ez Palestinako eta ez Siriako emakumerik”, dio komikigileak. Ez merezi ez dutelako, baizik eta eurek, nolabait, proiekzioa badutelako, haren esanetan.
Asiloa eskatzeko arrazoiak asko direla esan du Isusik, eta aniztasun hori ere erakutsi gura du proiektuak. “Horregatik, historia ezezagunagoak aukeratu ditugu”.