Dastamenaren festa

Jaki berezien feria

Durango

Dastamenarekin gozatzeko aukera izango da bihar Landako gunean, Durango Ardo Saltsan azokan. 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara hainbat ardo eta jaki dastatzeko aukera izango dute bisitariek.

Bosgarren urtez antolatu dute azoka Durangon, eta 250 ardo baino gehiago eramango dituzte bertara: beltzak, zuriak, apardunak, gozoak… Horrez gain, Alemaniako garagardo bat ere probatu ahal izango da. Hamabost euro ordainduta, kopa bat, azokari buruzko informazioa jasotzen duen triptiko bat eta bertan aurkituko dituzten produktuen zerrenda emango dizkiete bisitariei.

Sarrerarekin feriako ardo guztiak probatu ahalko dira. Jaki bereziei dagokienez, antolatzaileek iragarri dute txarteltxoekin “merke” erosteko aukera izango dela.

Era guztietako ardoez gain, beste produktu hauek ere dastatu ahal izango dira, besteak beste: olioak, urdaiazpikoa, bokartak, gaztak eta izokin eta hegalabur ketuak.

Berritasunak

Aurtengo azokan berritasunak ere izango dira, dena den. Hain zuzen, trufa beltza, Herrialde Katalanetako kostaldeko ganba gorria, Mediterraneo itsasoko hegaluze gorria, Eoko (Asturias, Espainia) ostrak, Durangaldeko ogiak eta Tolosako txokolatea eramango dituzte Durangora.

Eguerditik iluntzera arteko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Egunean, dena den, egitarautik kanpo bestelakoak ere izango dira: besteak beste, miniaturazko sukaldaritza, urdaiazpikoa mozteko erakustaldia eta jatetxea.

EGITARAUA

12:00. Trufa beltzaren aurkezpena.

12:30. Murillo ardoaren aurkezpena (ur azpian hazitako ardoa).

13:00. Recaredo caven dastatzea.

17:00. La Tostadora kafeen aurkezpena eta dastatzea.

18:00. Ercavio ardoen dastatzea.

19:00. Ximenez Espinola ardoen dastatzea.

20:00. Hirugarren Durango Ardo Saltsan Dastatzea, itsu lehiaketa.