Sopelako Aitxu, Getxoko Egizu eta Erandioko Berbots euskara elkarteek urteko lehenengo Berbatxangoa antolatu dute domekarako. Txango horretan, inguruko lehenengo ur azpiegituren historiari buruz hitz egingo du Artearen Historiako doktore Ainara Martinez Matiak, euskaraz.
Hiru azpiegitura ere bisitatuko dituzte txangoan parte hartzen dutenek: langile hiri berrietarako eraikitako Tartangako latsarria Erandion, Malakateak plaza Getxon, eta urtegi zaharra Plentzian. Azpiegiturok ingeniaritza arlokoak izan arren azalpenen ikuspuntua historikoa izango dela iragarri dute.
Berbatxangoaren antolatzaileek gogorarazi dutenez, XIX. mendean jende askok lan egin zuen hirietako zikinkeriek eragindako baldintza kaskarrak hobetzeko, eta egoera hartan sortu ziren gaur egun ezagunak diren ur banaketa modernoa eta saneamendua.
Ibilbidea autobusez egingo dute. Helduek hiru euro ordaindu behar dute, eta umeentzat doan da. Aurretiaz izena eman behar da; hiru aukera daude: Sopelan, aitxuizuba@gmail.com helbidean edo 674-82 96 18 telefonoan; Erandion, berbots@gmail.com helbidean; eta Getxon, www.egizu.org helbidean edo 619-93 55 41 telefonoan.