Bizkaian Itxaropenaren Telefonoa martxan jartzeko lanean da Fatima Montenegro. Orain, trebakuntza fasean daude. Beraz, datorren astean Areetan (Getxo) emango duten ikastarora “jende asko biltzea” gustatuko litzaioke. Oraingoz, 30 pertsona inguruk eman dute izena adimen emozionala lantzeko eta boluntario izateko ikastaroan.
Nola hasi zinen Itxaropenaren Telefonoarekin elkarlanean?
Nire amaren bitartez ezagutzen nuen Itxaropenaren Telefonoa, bera duela hamahiru urte hasi baitzen boluntario lanetan. Eremu honetan ez zegoen telefonorik, eta Kantabrian hasi nintzen, orain dela hiru urte. Han ibili naiz prestatzen eta zentroa hemen jartzeko prozesua martxan jartzen.
Zer dela-eta ikusi duzue Bizkaian zentroa jartzeko beharra?
Bizkaian abagunea sortu da, gero eta jende gehiagok deitzen zuelako Itxaropenaren Telefonoaren inguruko informazioa eskatzeko. Orduan erabaki genuen hemen ere zentroa irekitzeko lan egiten hastea.
Zer da zuretzat boluntarioa izatea?
Boluntariotzan ibiltzea gustatzen zait, pertsona gisa hazten zarelako: zeure burua ezagutzen duzu, nolakoa zaren barneratzen duzu… Etengabeko hobekuntza da.
Hortaz, besteei laguntzeaz gain, norbere buruari laguntzen dio boluntario izaten.
Noski. Boluntarioak ondo egon behar du, besteei lagunduko badie. Lehenik eta behin, prestakuntza jaso behar da, baina ez arlo teorikoan: egunerokotasunari aurre egiten eta guztiok dauzkagun tresnak erabiltzen ikasi behar da, bakoitzaren ahalmenak eta gabeziak ezagutzen. Gero, oso aberasgarria izaten da besteei laguntzea, zu bezain ondo senti daitezen.
Eta boluntarioak ez dira goibelduko besteen arazoak entzunda?
Beste bati laguntza emateko, boluntarioak bere arazoei aurre egiteko gai izan behar du. Kontua modu osasuntsu batean laguntzea da, eta, horretarako, laguntza eman behar duenak emozionalki osasuntsu egon behar du. Ematen du osasun emozionalaren gaia ez dela existitzen; tabu bat da. Jendeak pentsatzen du zaharrek eta bakarrik daudenek baino ez dutela Itxaropenaren Telefonora deitzen. Egia esan, hona mota guztietako jendeak deitzen du. Izan ere, 30 eta 55 urte bitartekoek deitzen dute gehien.
Antolatzen dituzuen tailerrak deitzen dutenen arazoen ingurukoak izaten dira?
Bai, gizartearen beharrizanen arabera antolatzen ditugu. Bi tailer mota ditugu: batzuk, krisi zehatzetarako, eta besteak, osasun emozionala lantzeko. Lehen taldeko tailerren artean, hauek daude: doluari aurre egiten irakasten duena, banaketa afektiboei aurre egitekoa eta tratu txarrak jaso dituzten emakumeei ematen zaiena. Bigarren taldean, lagunen arteko tailerra eta autoestimua lantzekoa daude, besteak beste.
Gero eta adimen emozional gutxiago dagoela uste duzu?
Gaur egun indarrean dagoena zera da: onena izatea, soldatarik handiena edukitzea… Lehiakortasuna, alegia. Gure helburu pertsonalek ez digute laguntzen besteekin komunikatzen, ezta elkar ulertzen ere. Norbere emozioak kudeatzen ikasteko, besteekin modu osasuntsuan harremanetan jartzen ikasi behar da. Hori gero eta gutxiago gertatzen da. Izaten ditugun elkarrizketak oso azalekoak izaten dira; arazoak sakonki kontatzea ahultasunarekin lotzen du jende askok. Horrek eragiten du adimen emozionala ez garatzea.
Zeintzuk dira Itxaropenaren Telefonoaren lan ildo nagusiak?
Lau dira ildo nagusiak: alde batetik, krisietan esku hartzea; bestetik, osasun emozionala; horrez gain, laguntza emango dutenak prestatzea, eta, azkenik, nazioarteko lankidetza. Lehenengoari dagokionez, krisi batean murgildurik dagoen jendeari laguntza ematen dio, telefonoaren bitartez. Krisia tipologia jakin batzuen barruan sartuz gero, tailerretan parte hartzeko aukera ematen zaio sufritzen ari den pertsonari. Horretaz gain, egoitzan bertan tratatzeko aukera eman diezaiokegu, gure psikologoen edo abokatuen zerbitzuak eskainiz.
Arreta zerbitzu integrala eskaintzen duzue, beraz.
Bai. Kontuan hartu behar da Itxaropenaren Telefonoak 40 urte daramatzala arlo horretan lan egiten. Programak erabat probatuta daude, eta etengabe egiten zaizkie hobekuntzak. Zentroetan hainbat diziplinatako profesionalak izaten saiatzen gara: abokatuak, psikologoak, gizarte hezitzaileak… Hiriaren arabera lantaldea aldatzen da, boluntarioak garelako.
Aipatu dituzun tailer horietatik zeintzuk egingo dira Bizkaian?
Datorren astean laguntza emango dutenak prestatzeko ikastaroarekin hasiko gara. Gainera, Itxaropenaren Telefonoaren nazioarteko presidentea etorriko da ikastaroa ematera. Martxoaren 22tik 25era egingo dugu ikastaroa, Areetan. Osasun emozionala garatzeaz gain, boluntarioak hezi egingo ditugu. Horren ostean irekiko genuke telefonoa, datorren urtean edo.
Gure erronka nagusia besteei entzutea da. Nola egin dezakegu kalitatezko entzuketa bat? Ezin dugu aholkurik eman, ezta jarraibide moralik ere. Apolitikoak eta akonfesionalak gara, eta bide hori jorratu behar dugu, errespetutik abiatuta.
Emakumeek gizonek baino gehiago deitzen dute?
Bai. Deitzen diguten pertsonen %75 emakumeak dira. Sentimenduak kanpora ateratzea gutxiago kostatzen zaigu andreoi.