Hemeretzigarren mendearen azken herenean, meategiak izugarri ugaritu ziren Trianoko mendien inguruan. Modu horretan jaso zuen Meatzaldeko eskualdeak gaur egun duen izena. Siderurgiaren arloan, Bessemer bihurgailua agertu berria zen, eta Ingalaterrak fosforo gutxiko burdin minerala behar zuen bere industria elikatzeko. Europa osoan, Zugaztietako inguruan (Trapagaran) baino ezin zitekeen aurkitu ezaugarri horiek zituen burdina.
Hala, meategietara migrazioa erruz hazi zen, nekazaritza eremuan lor ezin zezaketen bizimodu hobe baten bila zetozenekin. Zugaztietan ez zuten aurkitu bilatzen zuten oparotasuna; aitzitik, oso lan eta bizi-baldintza gogorrak pairatu zituzten. Orain, garai hartako meatzarien etxe tipiko baten zaharberritzeari esker, Meatzaldeko historiaren atal hori ezagutzeko aukera bat gehiago dago. Bizkaiko Foru Aldundiak berreraiki du XIX. mende bukaeran meatzariek erabiltzen zuten egurrezko etxea, Zugaztietan, eta asteartean aurkeztu zituzten proiektu horren emaitzak.
Bizi-baldintza gogorrak
Trapagarango alkate Xabier Cuellarrek adierazi duenez, zaharberritzearen helburua historia berreskuratzea da: “Hemen erromatarren garaitik atera da minerala , XX. mendeko erdialdera arte. Meategietan lan egiten zutenen bizi-baldintzak ezagutzeko baliagarria da etxea”. Esan bezala, tamalgarriak ziren meatzarien bizi-baldintzak: 1890 aurretik egun osoz lan egin behar zuten, eta urte horretan egindako grebaren ostean, hamar orduko lanaldia ezartzea lortu zuten. 1910 arte ez zen bederatzi ordu eta erdiko lanaldia finkatu. Meategietako lan arriskutsu eta gogorrari garbitasun falta eta elikadura txarra gehitu behar zitzaizkien.
Gainera, langileak janaria zein edaria ugazaben tabernetan erostera behartuta zeuden. Kalitate txarreko produktuak saltzen zizkieten, merkatu librean baino garestiago, eta xahututako diru kopurua soldatatik kentzen zieten. Hala ere, soldatak nekazaritza eremuan baino askoz handiagoak ziren. Ondorioz, gero eta behargin gehiago heldu zen Zugaztietara.
Herria garai hartan orain baino handiagoa zela gogoratu du Cuellarrek: “1877an, hamazazpi kalek osatzen zuten Zugaztieta. Hemen zeuden kuartela, ospitalea eta epaitegia”.
Bisitak, igandeetan
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondok iragarri duenez, oraingoz, hileko lehen igandeetan bisita gidatuak egingo dituzte meatzarien etxera. Ekintzak ordubete iraungo du, eta, etxea ikusi ondoren, herria eta inguruko urmaelak bisitatuko dira. Meatzaritzaren Museoan osatuko lukete bisitariek meategietako bizitzaren inguruko irakaspena.
Izan ere, Ariztondok azaldu du aldundiak eta museoak elkarlanean ari direla zaharberritutako etxean interpretazio zentro bat martxan jartzeko. “Meatzaritzaren Museoarekin proiektu bat dugu, etxearen baliabideak ahalik eta gehien garatzeko, baina pausoz pauso joango gara”. Kultur arloko foru arduradunak gaineratu duenez, zaharberritzearen bitartez aditzera emango dira meatzarien “bizimodua, soziologia, ohiturak, eta lan baldintzaren gogortasuna” .
Berreraikuntza korapilatsua
Foru Aldundiko Kultura Saileko arkitekto Jose Miguel Agirregomezkortak azaldu du zaharberritzearen alde teknikoa. Haren esanetan, etxea oso baldintza txarretan zegoen proiektua abian jarri aurretik. Hortaz, segurtasun neurriak hartu behar izan zituzten, lehenik eta behin, etxeari zutik eutsi ahal izateko.
Arkitektoak azaldu duenez, eraberritzeak etxearen jatorrizko ezaugarriak errespetatu ditu, baina aldaketa txiki batzuk egin behar izan dituzte, kontserbazio egoera txarraren ondorioz. Adibidez, jatorrian fatxadako oholek osatzen zuten errenkada bikoitzaren ordez, bakarra dago orain.