Euskal Herriko hilarriak erakusketa dago ikusgai Gernika-Lumoko kultur etxean. Antzinako errituei lotutako hilobi monumentuak eta haiei Pedro Zarrabeitia Miñaur industria ingeniaritzan adituak ateratako argazkiak jasotzen ditu erakusketak. Hilarriei buruz Zarrabeitiak egindako ikerketaren datuak ere ikusi ahalko dituzte kultur etxera joaten diren bisitariek.
Azken urteetan Euskal Herriko hilarriak aurkitzen eta ikertzen aritu da Zarrabeitia. Euskal etnografiarekiko eta artearekiko zaletasunetik abiatuta sortu zitzaion elementu horiekiko interesa. Zaletasun hori argazkilaritza artistikoaren bitartez adierazten du artistak.
Irudiak, sinboloak eta euskal sentimenduen adierazpenak bilatuz, hilarrien munduarekin egin zuen topo. Euskal Herriko hainbat txoko bisitatu ditu Pedro Zarrabeitiak argazki artxibategi osatua eratzeko, eta milatik gora marrazki egin ditu argazki horiek oinarritzat hartuta. Erakusketan lan horren lagin bat dago ikusgai.
Antzinako errituei lotutako hilobi monumentuak dira disko formako hilarriak, aditu gehienen iritziz. Adituak, baina, ez dira ados jartzen monumentu horien formak interpretatzeko orduan, eta hainbat teoria daude gai horren inguruan.
Hilarri gehienen eredua harri laua da, disko formako aurpegi paraleloak dituen harri laua, hain zuzen ere. Horrez gain, lurrean sartu ahal izateko oinarria ere izaten dute. Diskoaren bi aldeak zizelkatuta egon ohi dira; batzuetan, baita oina eta ertzak ere.
Inguruan dauden harriz egindako monumentuak izaten dira hilarriak. Beraz, mota guztietako harri formazioak aurkitzen badira ere, hareharrizkoak eta kareharrizkoak dira nagusi. Lehenengoak zizelkatzeko oso errazak dira, eta, bigarren harri motari dagokionez, ugaria eta oso gogorra da.
Hilarriak dituzten grabatuei dagokienez —marrazkiak, ikurrak eta inskripzioak—, era askotarikoak dira. Izan ere, kontuan hartu beharrekoa da bi mila urteko epean eta hainbat zibilizazio eta kulturaren eraginpean egindakoak direla.
Monumentu horiek egin zituzten artisauek hiru inspirazio iturri nagusi izan zituzten: motibo astralak, sinbolo kristauak eta daten inskripzioak. Hileta errituetatik haratago, datu etnologiko, historiko eta artistikoen iturriak jasotzen ditu erakusketak, eta astelehenetik ostiralera egongo da zabalik hil honetan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.