Urpetu, leheneratzeko

Urteetan gizakiak egindako jarduerek eragin “kaltegarriak” izan dituzte Oka ibaiaren alde batzuetan eta bertako ekosistemetan; kanalizazio artifiziala egin eta padurari nekazaritzarako lursailak lapurtu izanak, esaterako. Horrek, halabeharrez, biosfera erreserbako zenbait gune lehortu izana eragin du urteen buruan. Hori ikusirik, Oka ibaiaren goialdeko estuarioa leheneratzeko proiektua du esku artean Eusko Jaurlaritzak. Leheneratzeaz gain, klima aldaketaren eraginei aurre egiteko neurriak ezarri nahi ditu Urdaibain. Pilar Unzalu Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako sailburuaren esanetan, “Urdaibaiko ingurumen eta kultura ondarea berreskuratzea eta mundura zabaltzea” da helburu nagusia.

Zehazki, Oka ibaiari dagozkion lur eremuak berreskuratzean datza proiektua, gune batzuk urpetuz, estuarioa leheneratze aldera —Gernika-Lumo, Arratzu, Kortezubi, Forua eta Murueta zeharkatzen ditu Oka ibaiak—. Lanak iaz hasi zituzten arren, hainbat epetan gauzatuko dituzte, eta, beraz, oraindik ere zehaztu gabe dago noiz amaituko dituzten.

Izan ere, XVI. mendetik gaur egunera arteko giza jardueren ondorioz, itsasaldien eraginetik isolatu du urteetan ibaiaren goi estuarioa eta horrek, ezinbestean, Baccharis halimifolia landare arrotz inbaditzailearen kolonizazioa ahalbidetu du.

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate eta Parte Hartze Zuzendaritzaren eta Urdaibaiko Biosfera-Erreserbaren bulego teknikoak elkarlanean landutako proiektuaren bitartez, Europako Batasunak zehazten dituen irizpideak eta biosfera erreserbetarako Montseny Planak finkatzen dituen helburuak bete ahal izango dituzte; alegia, kultura eta natur ondarearen balioak berreskuratzen dituzten bitartean, ikerketa, kontserbazioa eta garapen prozesuak bateratzea.

Jarduera zehatzak

Ekosistema berreskuratzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren proiektuagaz klima aldaketak ekar ditzakeen egoera berrietara egokitzeko, uholdeak ekiditen dituen hainbat muna artifizial desagerraraziko dituzte itsasaldiek eragina izan dezaketen lekuetan, etorkizunean modu naturalean urpetu daitezen.

Alabaina, altuago egoteagatik itsasaldien eraginik izango ez duten lekuetan —Foruan eta Kortezubin, esaterako— ur gezako padurak sortzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, Foruko Baldatika eta Kortezubiko Olalde erreken emariak aprobetxatzea da lan programa. Jaurlaritzak uste du jarduera horiek guztiek lagunduko dutela aipatutako landare inbaditzailearen garapena geldiarazten.

Bestalde, Urdaibaiko biosfera erreserbaren garapena bermatze aldera, zenbat basabide egokituko dituzte ibiltariek erabil ditzaten; baita ingurumen hezkuntza sustatzeko kartelak jarri ere, turismo berdea sustatzea delako asmoa. Bestalde, argindarraren linea kenduko dute Oka ibaiaren eskumako goi paduran. Jaurlaritzatik esan dutenez, ingurumen ibilbideak aukera paregabea izango dira inguruko eta kanpoko bisitariek aldearen balioa ezagutu dezaten.

Proiektua abiatzearekin batera, prozesuaren ikuskapen zientifikoa eta ebaluazioa egingo ditu Jaurlaritzak. Izan ere, diotenez, etorkizunean Urdaibaiko biosfera erreserban edota Kantauri isurialdean egin daitezkeen berreskuratze proiektuetarako eredugarria izan daiteke proiektua.