Aitziber Laskibar Lizarribar
Hizkuntz eskubideak urratu dizkiotela eta, suminduta dago Arkaitz Zarraga (Bilbo, 1972). Halako “erasoak” eragozteko, euskararen ordenantza eskatu dio Bilboko Udalari.
Aste Nagusiko txosnak desmuntatzeko egunean liskarra izan zenuen udaltzain batekin. Zer gertatu zen?
Desmuntatzen aritu eta autoan txosnetatik ateratzen ari nintzela, udaltzain batek geldiarazi ninduen. Zebra-bidearen gainetik pasatu nintzela esan zidan. Txosnen muntaketa eta desmuntaketa egunetan trafikoa murriztua dago, eta konpartsakideok txartel berezi bat dugu handik ibili ahal izateko. Azaldu nion hori, baimena genuela, eta egunero erabili genuela arazorik gabe. Nik euskaraz egiten nion, berak erdaraz. Eta harrotu egin zitzaidan. Nik esan nion: “Bat: lehenengo, lasaitu. Bi: nik esplikatuko dizut zergatik egin dudan hori. Eta hiru: nirekin euskaraz egin”. Orduan haserretu zen erabat, eta esan zidan bere eskubidea zela bi hizkuntza ofizialetako batean erantzutea. Nik jakinarazi nion eskubideen subjektua, kasu horretan, ni nintzela; bera administrazioa dela, hizkuntz eskubideen subjektua ni nintzela eta nire erabakia zela administrazioarekin euskaraz aritzea; beraz, mesedez, euskaraz egiteko. Berak orduan esan zidan autoa aparkatzeko, eta isunak jartzeko errezeta liburu hori atera zuen. Eta orduantxe okertu zen erabat bere jarrera.
Hasieran, ustez autoarekin gaizki egindako maniobra bategatik jo zuen zuregana, baina azkenerako bi isun jarri zizkizun.
Adierazi zidan bi denuntzia jarriko zizkidala: bata trafiko kontuagatik, eta bestea autoritatea ez errespetatzeagatik. Errespeturik ezarena harrigarria egin zitzaidan, egia esan.
Zergatik errespetu eza?
Euskaraz artatua izateko eskubide osoa dudala aldarrikatu nuelako, argi eta garbi. Gero hainbat dokumentu eskatu zizkidan. Nik esan nion eman beharrekoak emango nizkiola, baina, adibidez, hasi zen eskatzen aseguruaren ordainagiria. Nik azaldu nion legea aldatu zutela, hori dagoeneko ez dela eraman beharrik, eta ez nuela. Agiriak, ere, gidatzekoa eta NANa eskatu zizkidan; gidatzekoarekin nahikoa zuen ni identifikatzeko, eta bestea ez neukan, baina tematu egin zen… Hala ere, hizkuntzagatik egotzi zidan errespetu falta. Harrigarria da: udaltzain batek, administrazioaren ordezkari batek, isuna jarri dit euskaraz aritu nahi izateagatik.
Beraz, euskarazko harremana eskatzeagatik hasi zen guztia?
Bai, bai. Izan ere, autoa aparkatzeko eta autoan sartzeko agindu zidan adierazi nionean euskaraz aritzea nire eskubidea zela eta hori errespetatu behar zuela.
Antzeko beste egoerarik gertatu zaizu lehenago?
Txosnetan ez. Tira, gertatu izan dira diskriminazioak; Hau Pittu Hau konpartsakoa naiz ni, eta konpartsan beti egon gara aldarrikatzen jai eremuan hizkuntz eskubideak errespeta daitezela. Gure helburua hori da, eta euskaraz bizitzeko bideak jartzea; baina eraso hain argirik niri behintzat ez zait sekula pasatu.
Azkenean jarri zizkizuten isunak?
Berak baietz esan zidan. Galdetu zidan ea sinatuko nituen, eta ezetz esan nion. Oraindik ez ditut jaso, baina iritsiko zaizkidala adierazi zidan.
Zergatik uste duzu gertatzen direla halakoak?
Uste dut Bilboko Udalean ez direla behar diren neurriak jartzen. Adibidez, Hau Pittu Hau eta euskalgintzako beste hainbat talderen aldarrikapen historikoa da euskararen udal ordenantza ezartzea Bilbon. Horrek nolabait babesa emango liguke euskaldunoi gure hizkuntz eskubideak errespetatzeko. Baina udalak ez du oraindik onartu, eta askotan esan du ez dela behar. Harrigarria egiten zaigu euskararen Bilbo aipatzen dutela, gu garenean euskararen ordenantzarik ez duen herri bakarretakoa. Euskararen inguruko aldarriak ikuspegi folkloriko batetik hartzen badira, halakoak gertatzeko bidea egiten da.
Bilboko Udalak bat egin du, adibidez, Euskaraldiarekin. Kontraesana iruditzen zaizu?
Izugarrizko kontraesana da. Aste Nagusiko ostegunean, Aburtok ahalegin itzela egin zuen Euskaraldia bultzatzeko argazkian lehen lerroan egoteko, baina gero horrelakoak gertatzea ahalbidetzen du.
Zer aldarrikatzen duzu horren aurrean, ordenantza egitea?
Bai, euskararen ordenantza egin dadila. Eta, bestetik, batez ere jendearekin harremanean dauden herri langileei nolabaiteko ikastaroak eta protokoloak ezartzea, jakin dezaten zeintzuk diren hizkuntz eskubideak eta zelan errespetatu behar dituzten. Esan behar dut udaltzain horrek, 1.052. udaltzainak, ulertu ulertzen zidala euskaraz; baina berak adierazi zidan ez zuela nahi. Larria iruditu zitzaidan. Borondate eza zen eta, kasu horretan, euskaldunon eskubideak errespetatu behar zituen administrazioaren ordezkaria den heinean.
Uste duzu herritarrek errazegi onartzen dituztela halako jarrerak?
Egia da halakoetan guztiok erantzungo bagenu eta tente jarri, gauzak zerbait aldatuko liratekeela. Baina ezin zaigu eskatu euskaldunoi beti liskarrean egotea eta horrelako jarrera irmo bati eustea, batez ere autoritatea polizia denean. Euskaraz bizi nahi izatea gatazka iturri bat da beti, eta herri erakundeei eskatu behar zaiena da hori samurtzen laguntzea. Eta jendeari eskatuko nioke tinko mantentzea ahal den neurrian, ulertuta beti ez dela posible. Nik egun hartan txarto pasatu nuen, eta sentsazioa neukan kontatu egin behar nuela gertatu zitzaidan hori. Gero, harritu egin nau eduki duen oihartzunak, eta horrek erakusten du jendeak baduela horrekin sentiberatasuna eta euskaraz bizitzeko gogoa. Baina askotan ez da erraza. Gaur egun, ematen du berdintasunean gaudela, baina oso-oso urrun gaude berdintasunetik. Eta kontatu eta gero izan dudan elkartasun uholdea azpimarratu nahiko nuke; izugarria izan da. Jende asko jarri da nirekin harremanetan, eta Bilboko Konpartsen babesa ere sentitu dut; konpartsa askorena, banaka, eta Bilboko Konpartsen Koordinakundearen elkartasuna. Eta badakit gaia mugituko dutela.
Salatu duzu gaizkile bat bazina bezala sentiarazi zintuztela.
Bai, hala da. Nik eskatzen dut Bilboko Udalak nirekin harremana euskaraz izatea, eta horregatik oso txarto hitz egin zidan agenteak, eta isun bat horregatik zela adierazi zidan, hain zuzen errespetu faltatzat hartzen zuelako.
Baduzu salaketaren bat jartzeko asmorik?
Udalean jarri dut salaketa, baita Elebiden eta Behatokian ere, eta badut asmoa Segurtasun Saileko arduradunarekin egoteko. Talde politikoren bat nirekin harremanetan jarri da babesa emateko, eta nahiko nuke eurekin hitz egin. Bidea egingo dut, eta helegitea jarriko dut isunak heltzen direnean. Uste dut ez dagoela inolako arrazoirik ez isun baterako ez besterako.
Uste duzu honek balioko duela hausnarketa pizteko edo halakoak eragozteko bide bat hasteko?
Pentsatu nahi dut baietz, kontuan hartuta zenbat jendek idatzi didan, zenbat jendek deitu didan, zelako erreakzioak egon diren sare sozialetan eta zelan zenbait taldek ikusi duten bestelako neurriak behar direla Bilboko hizkuntz politikan. Gauza gutxi egiten da folkloretik harago, hutsaren hurrengoa, eta esango nuke honek aktibaziorako balioko duela behintzat; honek, eta beste gauza batzuk ere bai. Halakoak asko gertatzen dira. Pentsatzen dut bidea emango duela gertatzen diren beste batzuk ere salatzeko. Esperantza hori dut.