Natalia Salazar Orbe
Oporrik ez dute izango aurten ere euskal presoen senide eta lagunek. Ikasturte oste guztietan legez, uda honetan ere bidaia luzeak egingo dituzte; behartuta. Ez atsedenerako oporraldiaz gozatzeko: euren senide edo lagun presoak bisitatzeko baizik. Milaka kilometro egiten dituzte oraindik Espainiako eta Frantziako espetxeetan preso dituzten gertukoak bisitatzeko. Beste urtebetez, kalera aterako dute eskubide urraketa horri erantzuteko protesta: oporraldia eta giroa iradokitzen duten kostaldeko hondartza eta itsas guneek hartuko dute, beste behin, sakabanaketa eta urruntzearen kontrako aldarria. Bihar, azken bost urteetan lehorretik eta itsasotik gauzatzen duten Itsas Martxa egingo dute, Plentzia eta Gorliz artean. Etzi, hainbat hondartzatara zabalduko dute eskaera.
Lehenengo hitzordua Plentzian jarri dute. Metro geltokiaren parean elkartuko dira, 12:00etan. Herriko Zubi Zurian emango diote hasiera mobilizazioari. Han egingo dute senideen elkarretaratzea, eta handik abiatuko da martxa. Lurra eta itsasoa, biak hartuko ditu euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aldeko mobilizazioak. Aldarri horren aldeko ikurrek beteko dituzte kostaldeko eremuak.
Eguerditik aurrera, egun osoko egitaraua prestatu dute: elektrotxaranga, kale animazioa, mokaduak eta baita bazkaria ere —hamar euroren truk—. Danontzat gaztetxean prestatuko dute otordua. Bazkalosterako, adin guztietako parte hartzaileentzako egitaraua antolatu dute, umeentzako ikuskizun bat eta jokoak barne. Kontzertuen eta musikaren bidez bukatuko dute eguna.
Horrez gain, egun osoan Santiago Serraren erakusketaz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek. Presos políticos izeneko erakusketa zentsuratu zioten artista madrildarrari, Arcon. Bihar Plentzian izango da ikusgai.
Igandean, hondartzetan
Etxerat elkarteak ere urteroko deialdia egin du Euskal Herriko hondartzetan euskal presoen eta haien gertukoen egoeraren gordintasunaren berri emateko. Sakabanaketa politikaren bukaera eskatuko dute, eta, preso eta iheslariak “behingoz etxean eta bizirik” nahi dituztelako, etziko elkarretaratzeetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Horietan parte hartzeko “inoiz baino arrazoi gehiago” daudela uste du elkarteak.
Bakio, Ea, Ibarrangelu, Lekeitio, Mundaka, Muskiz eta Ondarroako hondartzetara iritsiko da aldarrikapena. 12:00ak eta 13:00ak bitarterako egin dituzte deialdiak. Bertako zein kanpoko bisitariei eurek eta euren senide eta gertukoek bizi duten “salbuespeneko kartzela politika” eta horren ondorioak ezagutarazteko baliatuko dute eguna. Asteburuero errepidera milaka kilometro egitera ateratzen diren herritarren errealitatea gerturatzen saiatuko dira.
29 urte bete dira presoen sakabanaketa eta urruntzea era sistematikoan martxan jarri zituztenetik. Foro Sozialak hainbat eragilerekin egindako bilerek agerian utzi dute “adostasun sendo eta zabala” dagoela presoen auziari dagokionez. Azken asteetan bilerak egin dituzte, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidente Ana Oregirekin, arartekoarekin eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko ordezkariekin.
Gai hori agendan kokatzeko bidea egiten ari dira hainbat eragile. Hala ere, egoera zer larria den ekarri du gogora Etxeratek. Larri gaixo dauden 22 presok giltzapetuta jarraitzen dute oraindik. Zortzik anonimotasuna gorde nahi dute, eta Etxeratek ez du zabaldu haien daturik. Izen-abizenez ezagutzen diren hamalauetatik lau bizkaitarrak dira. Bi Curtis (A Coruña, Galiza) eta Badajozeko (Extremadura, Espainia) espetxeetan daude. Beste biak, Zaballan eta Arrasateko Aita Menni ospitaleko Psikiatria Legaleko Unitatean.
Espetxe barruan graduz aldatzea ere eskatu dute presoek. Hala ere, oraindik lehen graduan daude gehienak. Legeak salbuespen neurri gisa planteatzen duena ia modu orokortuan ezarri zaie euskal presoei: 286 preso daude guztira, eta 217 daude lehen graduan. Asteburuan, gainera, senideen autobus bat harrikatu zuten Algecirasen.
Egoera horretan, mobilizazioen aldarrikapenak argiak dira: euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea eta gaixo dauden presoak askatzea; Espainiako Estatuko kartzeletan lehen gradutik bigarrenera pasatzea; Frantziako kartzeletan betetako zigor metaketa ezartzea eta espetxe eskumena transferitzea.