Igor Elordui Etxebarria
Mezu bat jaso dut Whatsapp bidez mugikorrean: HABEren oharra! 2017-2018 ikasturteko ekaineko emaitzak balio gabe geratzen dira aldi baterako, hainbat izan baitira filtrazioengatik jarritako helegiteak. Bolo-bolo zabaldu da, nonbait. Euskaltegietako hainbat ikasle, asaldaturik, euskaltegietara eta nor bere irakasleari deika hasi dira: ¿Cómo es posible? Yo necesito el B2 para mantener mi puesto de trabajo. ¿Qué ha pasado? El B1 me dá puntos… ¿Ahora qué hago? Irakasleak zur eta lur, ikasleei lasaitzeko eskatzen, deituko duela euskaltegiko bulegariari eta, mesedez, euskaraz egiteko. Euskaltegiko bulegariak, aho bete hortz, berak ez dakiela ezer; inork ez diola horren berri eman eta deituko duela HABEra, ea hori mezua zer den. HABEko idazkariak, serio demonio, mezu hori ez dela benetakoa, HABEk ez dituela ekaineko emaitzak balio gabe utzi, ez dagoela ez filtraziorik, ez helegiterik, ez ezer.
Oharra asmakizuna da (psikosia ere bai), baina mezua existitu da. Eta nahiz eta lagun gutxi batzuen arteko txantxa izan, egon da larrituta, irakasleari deitu dionik. Horrexegatik, merezi du hausnartzea. Hasteko, nola sustatu duten lan eskaintza publikoa enplegu-politikek (edo politiko enplegatuek), langabeziaren edota prekaritatearen atzaparretatik betiko libratuko gaituen lur promestua balitz bezala (a, zer negozioa hori ere!). Baita, horren haritik, nola lagundu duten hedabideek fenomenoaren ikusgarritasunean. Gero, nola eragiten duen lan-merkatuan, oro har, eta bereziki, osasun edota hezkuntza-lako arloetan. Benetan, hori da, halako langintzetan, bidea? Azkenik, nola ez, nola eragin duten horien baitako hizkuntz-eskakizunek, euskararen ezagutzan zein erabileran, euskaltegien jardunean…
Zuzena eta egokia da euskaltegiek eta irakasleek mailak egiaztatzen eta hizkuntza-eskakizunak onartzen erantzukizun eta ardura handiagoak hartzea. Alabaina, zer aitorpen du euskara-irakasleen lanak? Hezkuntzako irakasleak kexu dira behar eta merezi hainako aitortzarik ez daukatelako; eta hala da. Orduan, baina, zer esan euskaltegi eta euskaltegietako irakasleei buruz? Zer gertatzen da behin lanpostua eskuratuta euskaraz egiten ez duen langilearekin? Zergatik ote horrenbeste itzultzaile eta zuzentzaileren beharra? Zilegi al da euskaraz egiten duenak (ama hizkuntza duelako edo dena dalakoagatik) hizkuntz-eskakizuna, demagun B2, ez lortzea idatzizko probagatik? Zergatik ez egin, mintzamenari balio handiagoa emango bazaio, ahozkoa lehendabizi?
Galdera sortatxo bat baino ez da. Luze joko luke hausnarketak (eta eztabaidak). Hezkuntza sistemak bere kabuz ezin duela bermatu ikasle guztien elebitasuna esan zuen Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak Legebiltzarrean, Ebaluazio Diagnostikoaren azken emaitzen aurkezpenean. Arrazoia du. Hizkuntz euskakizuna egiten diot: Jaurlaritzako opor osteko lehen bilkuran horretaz ohartaraztea gainontzeko sailei.