Natalia Salazar Orbe
Usansolo Bizkaiko 113. herria bihur dezakeen prozesuak bulkada handia izan zuen 2016an. Hala zirudien behintzat. Urteetan blokeatuta egon ostean, Galdakaoko Udalak eta Usansolo Herriak bide orria adostu zuten. Ordea, Usansolo Herria plataformak salatu du azken hilabeteetan prozesua berriz ere geldi dagoela. Haren garapena oztopatzen aritzea leporatu dio udalari. Besteak beste, Espainiako Gobernuari baimena eskatu nahi diolako Usansoloko auzoek desanexio prozesua abiatu nahi duten argitzeko galdeketa egiteko. Udalak dio baimen hori beharrezkoa dela; plataformak, hori ez dela egia; Madrilen baimenik ez dela behar, alegia: ez herritarrak prozesuarekin ados dauden jakiteko loteslea ez den galdeketa egiteko, ezta desanexioari berari buruzko galdeketa egiteko ere. Bizkaiko foruak arautzen ditu desanexio prozesuak. Hori hala dela baieztatzen duten bi epai aurkeztu ditu asteon plataformak.
Bata, Gipuzkoan Itsaso Ezkiotik bereizi eta udalerri bihurtzea ahalbidetzen zuen foru dekretuari babesa eman diona da. Bestea Basauri erdigunea eraberritzeko planari buruzko galdeketari dagokio. Horretan ere auzitegiek herritarrei galdeketa egiteko eskumena aitortu diote udalari .
Juan Landa abokatuak eman ditu sententzion xehetasunak. 1964an anexionatu zituen Francok Ezkio eta Itsaso. “Gipuzkoako foru arauak aukera ematen du horrela anexionatutako udalerriak desanexionatzeko”. Urteetan eztabaidatan ibili ostean, adostasuna lortu zuten Ezkiok eta Itsasok, eta desanexioa tramitatu zuten. “Tramitazio hori oinarri hartuta, foru aldundiak foru dekretua atera zuen”.
Estatuko administrazioak dekretua inpugnatu zuen, ordea. Auzitara jo zuen. “EAEko Auzitegi Nagusiak apirilean eman zuen ebazpena, eta esan du estatuak ezin dezakeela hori inpugnatu, ez duela legitimitaterik, bertako araudia aplikatzen baita; Gipuzkoakoa, alegia, ez estatukoa”.
Landak azaldu du Bizkaiko foruak ere desanexioak ahalbidetzen dituela. Udalerri bihurtu nahi duenak baldintza batzuk bete behar ditu horretarako. “Usansolok baldintza horiek betetzen dituela frogatzeko lanean ari gara, baina alkateak blokeatuta dauka prozesua”. Besteak beste, arauak jasoa du udalerri berria sortzeko bermatua izan behar duela bideragarritasun ekonomikoa, zerbitzu publikoen kalitatea mantendu behar duela eta lurraldetasuna mugatuta izan behar duela.
Hori horrela izanik, Monika Mena Usansolo Herria plataformako kideak dei zuzena egin dio Ibon Uribe alkateari: “Utz ditzala gezurrak alde batera, eutsi diezaiola konpromisoari eta batzorde mistora dei dezala behingoz, ahalik eta azkarren hasteko ikerketak eta prozesua”.
Prozesua funtsean dago enkistatuta. Ibon Uribe alkateak auzoz auzo galdetu nahi du Usansolon prozesuan parte hartu nahi duten. Usansolo Herria taldekoek diote nahi hori azaldua dutela aspaldi: 2014an, 2.187 herritarrek parte hartu zuten galdeketan, 1.964k egin zuten desanexioaren alde; %90ek, alegia. 2017. urtearen bukaeran desanexio prozesuari babesa ematen zioten 1.995 herritarren sinadurak jaso zituzten. “Alkateak egin nahi duen galdeketaren helburua da gure artean zatitzea eta konfrontazioa bilatzea”.
Baimen beharrik ez
Galdeketa hori egiteko, Galdakaoko Udala Madrilen oniritziaren zain dago. Landa abokatuak esan du ez duela behar horrelakorik. Eta EAEko Auzitegi Nagusiak Basauriko kasuari buruz eman duen epaiaren berri eman du hori argudiatzeko. 2016ko uztailean, herrigunea eraberritzeko planari buruzko galdeketa egitea onartu zuen Basauriko udalbatzak, EAEko Instituzio Lokalen Legeak aurreikusitako prozedurari jarraituta. Zenbait auzotan egin behar zuen galdeketa. Estatuko administrazioak inpugnatu egin zuen. Epaitegiek arrazoia eman diote oraintsu udalari: ez zuen Espainiako Gobernuaren baimenik behar. “Oraingo honetan ere alkateak Usansoloko auzo batzuei soilik egin nahi die galdeketa. Beraz, ez du baimenik eskatu behar”.
Usansolo Herriak bi epai horien berri eman zuen maiatzeko udalbatzan, baina alkateak bereari eutsi zion, Menak salatu duenez. “Mespretxuz aritu zen. Era horretako mozio gehiago ez zituela onartuko esan zigun”. Gainera, plataformak uste du prozesua luzatzeko beste aitzakia bat besterik ez dela galdeketa: “Gure prozedura foru arauak gidatzen du, ez Espainiako legediak. Eta hori EAJk badaki”.
Abokatuak argi du zein den desanexio prozesuan jarraitu beharreko bide orria: “Udalarekin negoziazio prozesua abiatu behar da, mugaketa adostu, erabaki zein higiezin izango diren Usansolorentzat eta zein Galdakaorentzat, eta diruarekin nola jokatu, besteak beste. Akordioa lortuta, galdeketa egiten da. Herritarrek erabaki behar dute desanexioarekin ados dauden. Erantzuna baiezkoa bada, Bizkaiko Foru Aldundira bidaltzen da. Handik, Batzar Nagusietara bidaltzen dute erabakia, eta bertan sortu behar dute udalerri berria”.
Desanexioa lortu eta Bizkaian udalerri berri bihurtu den azkena Bolibar izan da. 2004an lortu zuen independentzia. Han ere, Landa izan zen abokatu. “Usansolo eta Galdakaoren artekoa bezalako blokeo egoeran egon zen, baina azkenean lortu genuen”.
Usansolo Herria plataformakoek ez dute galdu itxaropenik. Itsasoko eta Basauriko ebazpenek euren asmoei indarra eman diotela sinetsita daude. Menak argi esan du: “Ez dugu etsiko. Borrokan jarraituko dugu, eta beste agintaldi batera ere aurkeztuko gara. Gure desanexio prozesua ez dadila izan EAJrentzako trukerako elementua euren hauteskundeetan, erakutsi baitute ez dutela borondate politikorik”.