Iñigo Astiz
Euskal dantza eta antzerkiak badu bere goi mailako eskola. Urteak eman ditu sektoreak Euskal Herrian gisa horretako zentro bat sortzeko eskaera egiten, eta Eszenikaren Aldeko Plataformaren klasiko bat izan da eskaria. Jadanik ez du gehiago horretan aritu beharko. Aurten ireki ditu ateak Bilbon Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak, eta antzerki adarreko 15 ikaslerekin eta dantza adarreko bederatzi ikaslerekin hasi du lehen ikasturtea. Euskaraz izango dira eskola praktikoak, eta gazteleraz edo euskaraz eskainiko dira teorikoak. Sektoreak ospatu egin du irekiera, baina ez du horrek esan nahi kritikarik egon ez denik. Eskola “presaz” zabaldu dutela kritikatu dute profesionalek, esaterako.
Bilboko Juan Crisostomo Arriaga musika eskolan izango du egoitza oraingoz Dantzertik, eta Ekaitz Gonzalez izango du zuzendari. “Hamar urte barru, kolpean irauliko du sektorea Dantzertik. Hemen formatutako profesional promozioak izango dira orduan”. Harreman estua nahi du Gonzalezek eskolaren eta sektorearen artean. “Sektoreak aginte handia izan behar du hemen”.
Euskal dantzarik gabe
Paradoxikoki, zuzendaria izan da eskolara heldu den azkena. Ikasleak hautatu zituzten lehen-lehenik, irakasleak aukeratu zituzten ondoren, eta zuzendariaren izendapena heldu zen azkenik. Eta, hain zuzen ere, ordena hori da sektoreko profesionaletariko batzuek kritikatu dutena, erakusten duelako Eusko Jaurlaritzak eskola irekitzeko izan duen “presa”. Eta izan da kritika piztu duen beste puntu bat ere: Dantzertik ez du aurreikusten euskal dantza tradizionala irakasterik.
Zuzendaritzaren hitzetan, aztertuko duten puntu bat da euskal dantza tradizionalak ere curriculumean sartzeko aukera. “Horren alde egingo dugu”.
2015ean altxatu da oihala, eta hasi da funtzioa Dantzertin.