Ezohiko irudia izango da bihar iluntzean Bilboko itsasadarrean. Bizkaiko hiriburuan ohituta daude uretako kirol erakustaldiak ikustera. Aurten, baina, lehenengoz, gauez egingo dute estropada.
Deustuko arraun taldeak antolatu du kirol jarduera hori, Bilboko Udalaren laguntzarekin. 19:30ean emango diote hasiera probari, Salbeko zubiaren azpian, Guggenheim museoaren inguruan. Lehenengo eta hirugarren ziabogak Euskalduna jauregiaren moilaren parean egin beharko dituzte parte hartzaileek. Bigarren ziaboga egiteko lekua eta helmuga, bestalde, hasiera puntuan bertan ezarri dituzte; alegia, Salbeko zubiaren azpian.
Ontzi bakarra klub bakoitzeko
Iluntasunean, ilargiak eta itsasadarreko argitasunak erakutsiko die bidea bihar arraunlariei erlojuz kontrako proban. Parte hartzen duen klub bakoitza ontzi bakar batek ordezkatuko du, antolatzaileen arabera.
Bilboko Udalaren arabera, era honetako kirol jarduerek bizia ematen diote itsasadarrari. Hain zuzen ere, Bilboko itsasadarrean gaur egun arraunlariak asko dabiltzala adierazi dute, arraunean dabiltzanak ikustea ohikoa dela. Hori dela eta, Bilbo-Tecuni Gaueko I. Estropada kirol horretaz modu berezi batean gozatzeko aukera paregabetzat jo dute Bilboko Udalak eta Bilbao Kirolak elkarteak.
Deustuko arraun taldearen egoitzaren ondoan aparkalekuak erreserbatuko dituzte traineruen gurdientzat eta horiek eramateko ibilgailuentzat. Arraunlariek eurek eta proba ikustera doazen zaleek, bestalde, Euskaldunako bidegurutzeko aparkalekuan utzi beharko dituzte euren autoak. Bizkaiko Federazioko arbitroek egingo dituzte epaile lanak.