Nerea Ibarzabal
Ez gaude ilunpetan bizitzera ohituta, eta ez naiz zentzu metaforikoaz ari, iluntasun objektiboari buruz baizik, erabateko argi faltari buruz. Begiak lau aldiz itxi eta ireki, eskuekin igurtzi eta oraindik dena beltz ikustea, itzal orokorra. Zentzumen maitatuenaren 75 minutuko suizidioagatik ordaindu nuen iragan larunbatean, Dialogue in the dark (elkarrizketa ilunpetan) izeneko esperientzia baten baitan. Proiektu horren bitartez, pertsona itsuek beren egunerokotasunera gerturatzen dituzte bisitariak, eta hiriaren itxurako plato ilun batean zehar mugitzen laguntzen diete, kasu honetan Istanbulen zehar. Benetan bizipen “ikusgarria” da, hitzaren zentzurik beltzenean.
Hamar pertsona inguru elkartu ginen labirinto bat zirudienaren atean. Sarrerako mutilak itsuentzako makila bana eman zigun, eta bata bestearen atzetik murgildu ginen korridore estuan. Ohartu orduko, dena zen iluntasuna. Ustez erditze traumatiko batek eragindako klaustrofobiaren zantzuak nabaritzen hasi nintzen bat-batean; begi niniak argi bila, hankak zabalik, eskuin besoa aurpegia babesten, ezker eskua hormari eutsita, igerian ez dakien haurrak igerileku ertzari eusten dion moduan. Galduta eta salduta sentitu nintzen. Baina bat-batean gizon jator baten ahotsa iritsi zen gugana: “Kaixo, ni Yunus naiz; zein da zure izena?”. Eskua eman zigun banan-banan, azkar eta zehatz, guk gure eskua non geneukan ere ez genekienean.
Bere ahotsari jarraika mugitu ginen platoan zehar, haztamuka, aurrekoak gure makilarekin estropezu egin ez zezan saiatzen. Parke batera iritsi ginen lehendabizi, belarra eta errekasto baten freskotasuna eta marmarra sentitu baikenituen. Tranbian eta ferryan ibili ginen gero; jendearen oihuak, musikariak, mugimendua, kaioak, itsasoa… benetakoa zirudien denak.
Yunusenganako dependentzia erabatekoa izan zen uneoro, baina lasaitu ahala, begiek ikusten uzten ez dizkidaten xehetasunez jabetu nintzen. Esaterako, nire inguruan ukitzen nuen jendea neska ala mutila zen igar nezakeen arropen ehundurari esker; neskon arropak (ere) goxoagoak eta leunagoak izan ohi dira. Konturatu nintzen ordubete lehenago H&M-ko aldageletan bi soineko kabitu ez izanak eragindako haserrealdia alferrikakoa litzatekeela mundua ilunpetan balego. Eta nire aldamenekoaren eskuak eta nireak ustekabean topo egin eta minutu batez elkar laztandu zutenean, konturatu nintzen pertsona horrekin oheratuko nintzatekeela, berari buruz beste ezer jakin beharrik gabe.
Ibilbidea amaitu eta berriro argitan utzi gintuzten, libre. Bizkor alde egin nuen handik, eta metroko jendetzaren artean galdu nintzen arduratuta, ikusmena berreskuratu izanagatik espero adinako pozik sentitu ez nuelako.