Soinu Irlak: soinu giro atsegineko espazioak Bilboko guneetan

Zaratak herritarren bizi-kalitatean duen eragina kontuan hartuta —besteak beste, estresa sortzen dutela frogatuta dagoelako —, Bilboko Udala hiriko espazio publikoak arlo horretan zelan hobe ditzakeen aztertzen ari da, Tecnaliarekin batera. “Udalak kalitatezko espazio publikoak sortu gura ditu”, jakinarazi du Obra eta Zerbitzuen Sailak.

Hori dela eta, hirian soinu atsegineko eremuak sortzeko aukera aztertzen ari dira Soinu Irlak proiektuan. “Kalitatezko espazio publikoak izango dira eta berauek diseinatzeko orduan kontu handia izango da zarataren eta ingurumenaren eraginak neutralizatzeko”, azaldu dute udaletik.

Horretarako, “zientzia, teknologia eta herritarren parte hartzea” uztartzeko asmoa iragarri du Bilboko Udalak. Hain zuzen, zarataren alorrean hiriko parkeak eta plazak nola hobe daitezkeen galdetuko diete bilbotarrei.

Hori guztia lortzeko bidean, udala parte hartzen ari da kutsadura akustikoa murriztea helburu duen Europako proiektu batean, Tecnaliarekin batera. Teknikoek proposatutako jarduerak Bilbon bertan aplikatuko dituzte, beraz, hiriko guneetan espazio lasaiak sortzeko. Arrikibar plazan dagoeneko soinu paisaiak ikertzeko proba bat egin dute, eta ondorioztatu dute soinu atsegineko inguruetan errazago egiten zaiola aurre eguneroko estresari.