Ganekogortako parke eolikoaren proiektua geldiarazi egin behar dela adierazi dute Bilduk eta EAJk, koalizioak jakitera eman duenez. Horretarako, arauz besteko proposamen bat aurkeztu dute proiektuari buruz. Horrez gain, parkearen proiektua geldiarazteko Bizkaiko Batzar Nagusiek eman beharreko pausoak proposatu dituzte. Bi taldeok batuta gehiengo osoa eratzen dutenez, proposamena onartu egingo da.
Bilduren ustez, parke eolikoa Ganekogortan jartzearen aurkako jarrera agertu behar dute Batzar Nagusiek. Inguru natural horretan era horretako parke bat jartzeko “justifikaziorik ez” dagoela deritzote. Haien ustez, ingurumen baliabideak lehenetsi behar dira “errendimendu eskasa” izango duen proiektu baten aldean.
“Bistakoa da”, Bilduren arabera, proiektua eraikitzeko eta martxan jartzeko lanek “kalte izugarria” eragingo lieketela espezie babestu batzuei eta paisaiari. Hori dela eta, Bizkaiko Batzar Nagusiei esan diete eska diezaiola Eusko Jaurlaritzari ingurumen inpaktuari buruzko aldeko txostenik ez emateko.
Azkenik, nahi dute Batzar Nagusiek eska diezaiotela Eusko Jaurlaritzari EAEko energia eolikoaren 2002ko Lurralde Plan Sektorialaren iraunaldia eteteko. Neurri horri euts diezaiotela nahi dute “dimentsio energetikoaz gain ingurumen arloa ere barneratzen duen energia eolikoaren LPS berria onartu arte”.
Hainbat arrazoi jaso ditu Bilduk proiektuaren aurka agertzeko. Besteak beste, gogora ekarri dutenez, “estatuko gisa horretako gainontzeko planek ez bezala, funtzio horretarako baztertzen diren guneak ez ditu barneratzen” Ganekogortako proiektuak. Horrez gain, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusiek salatu zuten “gaur egun guztiz zaharkiturik dauden aurrekontuetan” oinarritu zela Lurralde Plan Sektoriala. Bilduk adierazi duenez, horren ondorioz Batzar Nagusiek “plana aztertzeko eskatu zuten, baita kokalekuak berriz aztertzeko ere; hori egin artean, tramitazio fasean zeuden parkeei zegozkien baimenak emateko prozesua eteteko eskatu zuten”. Hain zuzen, gogora ekarri dutenez, Ganekogortako parkerako hogei haize errota egitekoak ziren planaren arabera; gaur egun, ordea, hamabi jartzeko asmoa dagoela dio. “Beraz, jadanik ez du sostengu juridikorik”, ondorioztatu dute.
Energia kopuru “ia hutsala”
Bizkaiko Bildu koalizioak, gainera, adierazi du “ia hutsala” izango dela parkeak sortuko duen energia kantitatea. Jakinarazi dutenez, hamabi haize errotaren potentzia, guztira, 10,2 megawatt izango da; “hau da, 2010eko Euskadiko estrategia energetikoaren arabera, haizearen bidez lortutako energiaren %1,6”.
Potentziari dagokionez, ordea, azaldu dute Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian kontsumitzen den energia guztiaren “%0,16 soilik” ekoitziko duela Ganekogortako parkeak. Kantitatea hori, gainera, are txikiagoa izango dela deritzote, haize errotak errendimendu osoan oso gutxitan ariko direla ondorioztatuta —gogora ekarri dute errendimendua txikiagotu egiten dela baldintza meteorologikoen arabera—. Hori dela eta, hain energia kopuru urria ekoizteko era horretako balioa duen natur baliabidea suntsitzea ez dela onartzekoa diote.
Balio emozionala
Arrazoi teknikoak aipatzeaz gain, Bilduk adierazi du mendi gainak “industria bat bera ere” jartzeko gune ezin daitezkeela bihur, “balio estetiko eta emozional handia” dutela eta “aberastasun natural zein arkitektoniko” direla argudiatuta. Gogora ekarri dute, gainera, Ganekogorta ingurua “Gorbeia, Urkiola eta Armañon parke naturalak lotzen dituen igarobidea” dela.