Opari esklusiboa eskura

Eskulangintza azoka

Bilbo

Bilbon 28 urteren ondoren erabat errotuta dagoen azoka batek hartuko du berriz ere, gaurtik aurrera, Areatza: eskulangintza azokak. 29. aldiz antolatuko du aurten Sortzenek, Bizkaiko eskulangile sortzaileen elkarteak, milaka eskulan bilduko dituen feria hori. Gaur hasi eta datorren urtarrilaren 6ra bitartean bertaratzen direnek opari esklusiboa erosteko aukera izango dute; eskulangileek landutako produktua.

43 erakusleku jarriko dituzte aurten, 900 metro koadroko karpa klimatizatu baten barruan. Nazioarteko eskulangileek ere lekua izango dute Areatzan.

Bizkaiko eskulangileak

Bestalde, iaz gertatu zen bezala, K.AB- Kalitatea. Artisautza Bizkaian izeneko erakuslekua izango da aurten ere. Han, Bizkaiko eskulangileen tailerretako lanak egongo dira ikusgai eta salgai. Bizkaiko eskulangintza erakutsi gura dute horren bitartez. Hamasei eskulangileren lanak ikusteko aukera izango da. Bakoitzak lan bakarra eramango du azokara.

Sortzen elkarteak azoka horrek dituen hiru ezaugarri berezi azpimarratu ditu: “produktuaren kalitatea, aurkezpena eta azokako giroa”. Izan ere, aurreko urteetan bezala, hainbat ekintza antolatu dituzte karpa barruan zein kanpoaldean “azoka girotzeko eta tailerren ekoizpen prozesua publikoari hurbiltzeko”.

Ekitaldi horietako lehenengoa datorren astelehenerako prestatu dute. 20:00etan, Kegrand Banden kontzertua izango da. Datorren eguenean, berriz, 19:00etarako John Bolduanen musika saioa antolatuko dute.

ORDUTEGIA

Egunero. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Abenduaren 21ean, San Tomas egunean. 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Abenduaren 24an eta 31n. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean. Itxita.

Urtarrilaren 6an. Goizez bakarrik zabalduko dute, 11:00etatik 14:00etara.