Bertoko arbolak zainduz

Urteko azken boluntario jardunaldiak antolatu ditu Lurgaia fundazioak biharko; Muxikan bertako arbolaz osatutako basoak leheneratzen laguntzeko deia egin du, hain zuzen.

Unda deritzon inguruan, babestutako lursail batean egingo dute biharko lana. Helburua baso autoktonoa leheneratzea da. Horretarako, bi jarduera nagusi egingo dituzte boluntarioek: batetik, Robinia pseudoacacia deritzon espezie inbaditzailea atera egingo dute eskuzko metodoen bidez; bestetik, espezie hori kenduta, bertoko arbolak landatu eta babesgarriak jarriko dituztela azaldu du Lurgaia fundazioak.

09:30ean Zugastietako tren geltokian elkartuko dira Lurgaiakoak eta parte hartuko duten boluntarioak. Han, autoak hartu eta Undara joko dute. Egun osorako antolatu dute jardunaldia, baina jakinarazi dute nahi duten boluntarioek aukera ere izango dutela goizeko lanen ostean etxera joateko.

Fundazioa arduratuko da behar den material guztia eramateaz —eskularruak, palak…—; baita otorduaz ere. Hala ere, boluntarioei gogorarazi diete oinetako egokiak eramatea komeni dela; hain zuzen, mendiko edo uretarako botak.

Biharko deialdiagaz bat egiteko asmoa dutenei eskatu diete aurretiaz jakinaraz diezaietela, zer prestatu behar duten jakiteko; batez ere, materialari eta janariari dagokionez.

Horrez gain, elkartzekoak diren lekuraino zelan iritsi ez dutenentzat, bi telefono zenbaki eta helbide elektronikoko bat eman dituzte: 94-405 21 86 (Maider) edo 656-70 34 96 (Jon); eta info@lurgaia.org. Lurgaiak 2011ko borondatezko lanen azken jardunaldian parte hartzera animatu ditu herritarrak.

DEIALDIA

09:30. Zugastietako tren geltokian elkartuko dira.

Egun osoko jarduera. Egun osoko jarduera da, baina nahi duenak goizeko lanetan soilik har dezake parte.

Parte hartzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartu gura dutenek aurretiaz abisua ematea komeni da: 94-405 21 86 edo 656-70 34 96 telefono zenbakietara deitu, edo mezu elektroniko bat bidali info@lurgaia.org helbidera.