Natalia Salazar Orbe
Oraingoz ez dute jarriko martxan. Leioako tranbiaren proiektuak geldituta jarraituko du, Eusko Jaurlaritzak besterik erabakitzen duen arte behintzat. Hala baieztatu du herriko alkate Mari Carmen Urbietak. 2010az geroztik bueltaka dabilen asmo bat da. Metro geltokia Leioako EHUren campusarekin eta Zientzia Parkearekin lotzea zuen helburu. Lanak hasi zituzten arren, urteak zeramatzaten geldi. Herritar asko proiektuaren kontra agertu dira. Sinetsita daude inbertsio garesti horrek ez diela egingo inongo ekarpenik beraiei. Eta afera horren erdian, herrigunean dagoen Sabino Arana kalea dago. Tranbia noiz egingo zain zeuden oso egoera txarrean dagoen kale hori oinezkoentzat egokitzeko, lanon baitako proiektua baitzen. Orain, kalea berritzeko lanen lizitazioari hasiera eman dio udalak.
Hala, bi proiektuk egin dute talka tranbiaren aferan: tranbiak berak, eta Sabino Arana konpondu eta oinezkoentzat egokitzeko eskaerak, hain zuzen. Izan ere, tranbia egiteko adostutako akordioak jaso zuen Euskal Trenbide Sareak (ETS) ordainduko zuela kale horretako lanen kostuaren erdia. Trukean, tranbiarentzako lurrak eskuratuko zituen, eta plataformak jarri bertan. Hala, Sabino Aranako lanak atzeratzen egon dira tranbiaren proiektua noiz egin zain, nahiz eta kalea oso egoera txarrean dagoen. Aritz Tellitu EH Bilduren bozeramaileak gogora ekarri du euren zuzenketen bidez onartu dutela aurten aurrekontuetan eremu hori oinezkoentzat egokitzeko diru sail bat jasotzea.
Leioako alkatearen arabera, bere udal gobernuaren asmoa hasieratik izan da kale hori oinezkoentzako prestatzea: “Bizitza handia izan behar duen kale bat da”. Hala ere, tranbia ez zuen oztopo gisa ikusten horretarako.
Asteon iragarri du udalak obren lizitazioari hasiera eman diola. Sabino Arana eraberrituko dute, oraingoz, tranbiaren pasabidea alde batera utzita. “Premiazko eta beharrezko lanak dira, kalea egoera txarrean baitago”, esan du alkateak. Zoladura osoaz gain, lurpean dauden zerbitzu sare guztiak ere berritu behar dituzte. “Batez ere, saneamendu sarea. Zaharra da, eta arazo ugari sortzen ditu”. Horrez gain, ur hornidura, eta argindar eta telekomunikazioen sarea ere eraberrituko dute.
Lau milioi eurotik gora inbertituko ditu udalak lanotan. Lizitazio prozesua bukatu ostean lanek 12 hilabete iraungo dutela aurreikusi dute. “Eragozpen handiak sortuko dituzte obrek. Ahal dugun neurrian, faseka egiten saiatuko gara, eragozpen horiek ahalik eta gehien murrizteko”.
Kale horretan garajea duten ibilgailuek bakarrik izango dute sarbidea. Urbietak azaldu du horrek ez duela ekarriko aparkalekurik galtzea, ondoko kaleak berrantolatuko baitituzte. Erabat aldatuko dira, beraz, kalearen izaera eta itxura.
Unibertsitaterako lotura
Dena den, udalak uste du arazoa ez dela hor bukatzen. Metroa eta unibertsitatea lortzeko konponbidea gura du, ahalik eta azkarren. “Beti egin dugu tranbiaren aldeko apustua”, azaldu du Mari Carmen Urbieta alkateak. Hiri Antolaketarako Plan Orokorrean jasota dago; baita plan horren gainetik dauden agirietan ere. “Tranbia, eta lurraldea iparretik hegora egituratuko duen beste formularen bat behar dugu; metroari zerbitzua emango dion elementu bat. Izan ere, Lamiako eta Txoperako geltokiak salbu, beste guztiak urruti samar ditugu”.
Tranbiaren proiektua defendatu du udalak. “Aspalditik aztertuta zegoen azpiegitura bat zen. Akordioa zegoen Jaurlaritzarekin hura ezartzeko. Inoiz ez dugu zalantzan jarri ona dela, baina Jaurlaritzaren esku dago azken erabakia”. Oraingoz ez du erabakirik hartu. Dena den, “baikorrak ez izateko arrazoiak daude”, Urbietaren esanetan.
Herritar asko, kontra
Tranbiaren kontrako iritzia zabaldu da herrian. Tranbiarik Ez plataforma sortu dute Leioako hainbat bizilagun eta merkatarik. Milatik gora sinadura jaso dituzte proiektuaren aurka. Diana Cabrera plataformako kideak eman ditu kontra egoteko dituzten arrazoiak: “Auzoen artean apenas dagoen garraio publikorik, eta tranbiak ez du konponduko auzo guztien arteko lotura falta hori”. Besteak beste, gogora ekarri du Artatzagane eta San Bartolome auzoetako bizilagunek ezin izango luketela erabili garraio hori. “Herria hondatu besterik ez luke egingo tranbiak. Lerro zuzenean diseinatuta dago. Guretzat ez dauka inongo zentzurik”. Unibertsitateak herriari egin diezazkiokeen ekarpenak ere zalantzan jarri ditu: “Unibertsitate hiri gisa aurkezten ari dira Leioa, baina guretzat ez dago horrelakorik. Unibertsitatea hor dago, bai, baina ez dio egiten ekarpenik herriari”.
Sabino Arana eta Boulevard aldetik igaro behar zuen trenbideak onura baino kalte gehiago eragingo lituzkeela uste du Cabrerak. “Jada aurreikusita zegoen ibilbide hori, baina, orain, hamar urteren ostean, herritarrak elkartzen diren eremu bihurtu da, eta umeek jolastu dezaketen leku bat ere bada”.
Oposizioaren analisia
Herritarren ezinegon hori Jaurlaritzari helarazi zion udalak. EH Bilduk ere agerian utzi du tranbiaren kontrako iritzia. Arazo nabarmen bat du herriak, Aritz Tellitu bozeramaileak gogora ekarri duenez: “Leioak gabeziak ditu hiri antolamenduan: ez du oinezkoentzako eremurik”.
1999an onartu zuen udalak Sabino Arana oinezkoentzako kalea izango zela. Urteetan atzeratu da proiektua, eta tranbia ere handik igaroko zela jakiteak kontrako iritziak sorrarazi zituen. “Tranbia bat igarotzen bada hortik, ez da izango oinezkoentzako kalea. Leioa mozten duten hainbat azpiegitura baditugu jada; besteak beste, Artatzako errepidea edota metroa Lamiakotik. Tranbiak herria beste leku batetik zatituko luke bitan. Beraz, tranbiaren proiektua oso kaltegarria izango litzateke”.
Proiektuaren kostuak ez eze, izango lukeen eragina ere aipatu du. Eta alternatibak badirela gehitu: autobus elektrikoak, kasurako. “Goazen pentsatzera hobeto zelan lotu metroa eta unibertsitatea tranbiaren handikeria horretan tematu gabe”. Bere alderdiak tranbiaren kontrako jarrera argia duen arren, Tellituk uste du Leioan bertan erabaki behar dutela leioaztarrek azpiegitura hori egin ala ez; ez herritik kanpo.