Larrialdiak gainezka, murrizketen ondorioz

Astelehena, 2012ko urtarrilaren 9a. Gainezka daude Gurutzetako ospitaleko larrialdi zerbitzuak. Zazpi gaixo daude ebaluazio pasilloan, zain; beste 35 pertsona, aldiz, ospitaleratzeke. 13:00 dira, eta egoerak egunean zehar txarrera egingo duelakoan daude. Egun bakar bateko datuak dira, baina, ESKen, ELAren eta LABen arabera, “sarriegi” gertatzen da hori Gurutzetan. Kudeatzaileek ezarritako aurrezte politikaren ondorio argia, sindikatuon iritziz.

Gurutzetako ospitaleko ESKren ordezkari Jose Ignacio Martinezek azaldu duenez, zuzendaritzak oheak kentzeko eta behargin gehiago ez kontratatzeko hartutako erabakiaren ondorena dira “kolapsoak”. Haren arabera, abenduaren 23 aldera hartu zuen zuzendaritzak neurria, eta, Gabonetan arazoa larria izan bada ere, maiz gertatzen dela azaldu du; “maizegi”, haren hitzetan.

Krisi ekonomikoaren aitzakiarekin hartutako neurria da zuzendaritzarena, sindikatuen iritziz. Azaldu dutenez, gainera, egoerak “txarrera” egin du Gabonetan. “Izan ere, arduragabe jokatuz 200 ohe itxi ditu zuzendaritzak sasoi horretan”. Sindikatuek diotenez, kendutako ohe kopuru hori udakoaren antzekoa da, baina neguan, gripearen eta sasoiko beste gaixotasunen ondorioz, errazagoa da larrialdi zerbitzuek gainezka egitea. Hori dela eta, egunotan jazotakoa zuzendaritzak aurreikusi beharko zukeela nabarmendu du Martinezek.

Eskaera zehatz bi

Egoeraren erantzule bakarra kudeatzaileak direla uste dute ESK, LAB eta ELA sindikatuek. Haien ustez, ez da nahikoa senda-agiriak azkartu izana eta gaixoak beste zentro batzuetara bideratu izana, eta, hartara, egoera bere onera eramateko koordinazio eta antolakuntza neurri egokiak har ditzala galdegin diote zuzendaritzari, eskaera zehatz bi eginez: oheak zabaltzea, batetik; eta larrialdi zerbitzuetako lantaldea indartzea, bestetik.

Gabonetan ez ezik beste sasoi batzuetan ere gertatzen den hori onartezintzat jo dute sindikatuek, eta horrek gaixoei egonaldi duin bat eskaintzea eragozten duela diote, eta pazientearen intimitatea eta konfidentzialtasuna galtzen direla. ESKren ordezkariaren hitzetan, kolapsoen eraginez, Gurutzetan “urratu” egin ohi dira artatu beharreko gaixoen eskubideak.

Pazienteetan ez ezik, gainera, ospitaleko langileengan ere badute eragina murrizketen ondorioz eratorritako kolapsoek, lan karga handitu egiten baitzaie ezinbestean. Horrez gain, lan baldintza eskasen ondorioz, presio psikologikoa handia pairatzen dutela nabarmendu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek. “Egoerak estresa sortzen die langileei, eta horrek handitu egiten du hutsegiteak izateko arriskua”.

Gainera, horrek osasun arlo publikoaren prestigioan modu ezkorrean eragin dezakeela deritzote, “kalitatearen galera nabarmena” baitakar berekin. “Zoritxarrez hain noizbehinkakoak ez diren gertaera horiek Osakidetzaren beste aurpegia dira, eta zerikusi gutxi dute egun batean bai eta bestean ere bai Osasun Sailak ezin hobetzat jotzen duen zerbitzuarekin”.