Barakaldoko Megapark merkataritza gunean langabezia eta prekarietatea nagusi direla salatu zuten astelehenean hainbat lagunek eta elkartek, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT eta CNT sindikatuek deituta. Langile eskubideei dagokienez, Megapark “merkealdian” dagoela salatu zuten Ikea dendaren aurrean. Saltoki horretan gertatzen denaren adibidea plazaratu dute sindikatuek. Haien datuen arabera, Barakaldon salmenta eta irabazi gehien dituen enpresa da. Hala ere, hainbat kaleratze gertatu direla eta soldatak oso txikiak direla jakinarazi dute, besteak beste. Langileen %44k, gainera, astean 20 ordu baino gutxiagoko lanaldiak dituztela diote, 8, 12, 16 edo 20 orduko kontratuekin.