Asier Arrate Iruskieta
Hirugarren urtez jarraian, Bilboko Udalak aurkeztutako aurrekontuek gora egingo dute 2018an; 535,9 milioikoak izango dira, iaz baino 8 milioi gehiagokoak. Hala ere, igoera apalagoa izango da Juan Mari Aburtoren legegintzaldiko beste aurrekontuekin alderatuta. Orain arte, 20 milioi igo dira aurrekontuak urtero. Iragarritako kontuen igoeraren onuradun nagusia Garapen Ekonomikorako Saila izango da. Sail horren esku dago ekitaldi handien antolakuntza, eta aurten, besteak beste, Europako Errugbiko finalen eta MTV musika jaialdiaren ondorioz, gastuek gora egingo dute.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Ekonomia eta Ogasuneko zinegotzi Marta Ajuriak, udalak datorren ekitaldirako egindako aurrekontuen proiektua aurkeztu dute. Aburtoren esanetan, aurkeztutako aurrekontuak “orekatuak, solidarioak eta parte hartzaileak” dira. Hala ere, alkateak onartu du egoera ekonomikoaren “igoera apalari” aurre egiteko, kontuak “zuhurtziaz” diseinatu dituztela. “Nolako diru bilketa dagoen ikusi nahi dugu”, ohartarazi du. Aburtok azpimarratu duenez, urtea zorrik gabe amaitzea dute helburu.
Erdia, ohiko gastuetarako
Udal gobernuak bost lehentasun izan ditu ardatz aurrekontuak diseinatzerako orduan: enplegua, inbertsio publikoa eta jarduera ekonomikoa; kalitate oneko zerbitzu publikoak; jarduerak auzoetan; gizarte kohesioa; eta bizi kalitatea. Kontuek biltzen dituzten 535,9 milioietatik, 246,3 milioi zerbitzu publikoen ohiko gastuak ordaintzeko erabiliko dira: besteak beste, argiteria, zaborrak, saneamenduak eta garraio publikoa. Gainontzekoa, udaleko langileen soldatetara, inbertsio publikora eta udaleko sailetara bideratuko da.
Aipatzekoa da, aurrekontuek gora egin badute ere, sail batzuek jasoko duten diru kopuruak behera egingo duela. Euskara eta Hezkuntza Sailak, esaterako, aurten baino 293.000 euro gutxiago izango ditu datorren urtean, eta, Etxebizitza Sailak, 2,44 milioi gutxiago. Aurrekonturik handiena Obrak, Zerbitzuak, Hiri-birgaitzea eta Eremu Publikoa Sailak izango du: 131 milioikoa, iaz baino ia bost milioi gehiagokoa. Horren ostean, bigarren diru sailik handiena Mugikortasun eta Iraunkortasun Sailak izango du, 53 milioikoa. Gizarte Ekintza Sailak ere diru gehiago jasoko du, 39 milioi, baina hazkundea batez bestekoa baino txikiagoa izango da.
Alderaketa deigarriak utzi dituzte, kasu batzuetan, zenbakiek. Esate baterako, San Mameseko kiroldegia egiteko erabiliko den dirutza asko gerturatzen da gizarte larrialdietara bideratuko den kopurura; 800.000 euroko aldea besterik ez dago. 4,91 milioi gorde dituzte premia handiena duten pertsonentzat, eta 4,1 milioi futbol klubaren estadioan kiroldegia egiteko.
78,5 milioi gastatzeko
Proiektu berriak garatzera zuzenduko den inbertsio publikoa 78,5 milioikoa izango da; iazko berdina. Horietatik 28,7 milioi, auzoetako jardueretara bideratuko dira. Aurten, udalak Zorrotzaurreko lanak bukatzea jarri du helburu, eta beraz, diru sailik handiena bertan garatzeko dauden proiektuek jasoko dute: 9 milioi Deustuko kanala irekitzeko lanek, 6 milioi Zorrotzaurreko Beta 1 eta 2 eraikinen berritzeek eta 2 milioi irlako urbanizazio lanek.
Zorrotzaurre eta San Mameseko kiroldegira bideratutako partidaz gain, barrutietako proiektuei lehentasuna emango diotela azpimarratu du Rikardo Barkala Lanak eta Zerbitzuetarako zinegotziak. Nabarmendu ditu etorkizunean aurrera eramango diren lanak Blas de Oteron, Matiko-Castaños inguruan, Txurdinagan, Karmelo Plazan, Abusun, Zazpilandan eta Urkixo zumarkalean. Horrez gain, azpimarratu du Iralan hasitako lanak aurten bukatzea “gakoa” izango dela.
Aurrekontuak aurkeztuta eta udalean ordezkariak dituzten alderdi politikoei azalduta, sail bakoitzari dagozkion kontu zehatzagoak aurkezteari ekin dio udalak. Inbertsio publikoaren aurreproiektu orokorraz gain, datorren urtean egingo diren zenbait proiektu zehatzen informazioa eta egutegiaren berri ere ematen ari da.
Barkalak jakinarazi du Indautxuko Iparragirre kalea oinezkoentzat egiteko lanak udan hasiko direla, eta lanek 1,5 milioiko kostua izango dutela. Zinegotziak Basurtoko trafikoa berregituratzeko proiektuaren berri ere eman du. Proiektu horren ondorioz, ibilgailu gabeko hainbat gune berreskuratzea espero dute. Mugikortasunari dagokionez, hiriko 54 aparkalekuak berritzea ere aurreikusi du udalak. Horretarako 4,2 milioi inbertituko ditu. Bizikletaren eta bidegorrien erabilera bultzatzeko asmoz, 900.000 euro erabiliko dituzte bidegorri sarea zabaltzeko. Basurtuko Ospitaleko ingurua suspertzeko 2,3 milioi erabiliko ditu, eta 1,8 milioi Barrainkua barrutiko udal zentroa eraikitzeko.
EH Bilduk salatu du aurrekontuek erakusten dutela auzoak ez direla udalaren “lehentasuna” eta kritikatu egin du sail batzuetako aurrekontuen jaitsiera. Udalberrik, bestalde, udal gobernuari eskatu dio “proiektu erraldoiak alde batera utzi eta enplegua sustatzeko eta pobreziaren aurka egiteko”. Oposizioa kritiko agertu bada ere, udalak ez du arazorik izango aurrekontuak onartzeko, EAJ eta PSEren udal gobernuak gehiengo osoa baitu.