Amber garagardoa aurkeztu du Bogak: iluna, baina suabea

Amber garagardoa aurkeztu du Bogak: iluna, baina suabea

Captura de pantalla 2015-11-16 a las 11.47.20

Garagardoaren kontsumoari eta ekoizpenari goitik beherako aldaketa egiten ari zaio Boga garagardoa. Ingurumena eta osasuna zaintzen dituen prozesu bat darabilte: ez dute kontserbagarririk erabiltzen, ez da pasteurizatzen, eta ahalik eta lehengai gertukoenak erabiltzen dituzte. Hala azaldu du Urtzi Ugalde kooperatibako kideak. Prozesu horrek guztiak badu eragina azken produktuan: “Garagardoa ekoizteko era oso zaindua dago, eta naturala da. Hori zaporean igartzen zaio. Beste kutsu bat dauka”. Garagardo industrialak hartzera ohituta dagoenak oso ezberdin sumatuko du lehen zurrutadan. “Gerora harrapatu egiten zaituen produktu bat da, ordea; baserriko tomate zein letxugen antzera”.

Ibilbide emankorra egin du gazte ekintzailez osatutako kooperatiba horrek. Pilsen motako garagardoa izan zen haien abiapuntua: “Garagardo horixka da, eta suabea”. Orain, produktu berri bat atera dute: Amber motako garagardoa. “Ilunagoa da, gorrixkagoa”. Biak ala biak botiletan zein upeletan merkaturatzen dituzte.

Arabako garagarra erabiltzen dute euren produktu guztietan, oinarri gisa. Ohiko garagardoak baino mikaztasun txikiagoa dute, lupulu gutxiago erabiltzen dutelako ekoizpen prozesuan. Pilsen motakoak fruitu zaporea dauka, zitrikoen ukitua. “Amberrari, bestalde, kolorean, gorputzean eta zaporean nabaritzen zaio ukitu ilun hori”.

Merkatuan lehia handia dute. Argi dago zein den haien berezitasuna garagardo industrialen aldean: ekoizpen prozesua. Gainerako garagardo artisauei dagokienez, zapore suabeago horrek desberdintzen ditu. “Publiko orokor baterako egokituagoak dira”.

Izan ere, garagardo artisauen artean ohitura dago “produktu biziagoak egiteko. Garagardo zale fidelentzako egindakoak izan ohi dira. Gureak publiko osoarentzat dira erakargarriagoak”.

Zaporeaz gain, Bogak badu enpresa ereduaren berezitasuna ere: “Boga edaten duenak ez du kalitatezko produktu bat soilik edaten; garagardo hori nortzuk eta nola egiten dugun ere oso garrantzitsua da. Produktu jakin bat merkaturatzen dugu, baina baita produktu horrek islatzen eta ordezkatzen duena ere”.

Laguntza publikoa baliatu dute euren proiektua martxan jartzeko, baina haien benetako motorra finantzaketa etikoa izan da. Horrez gain, Bizkaian lanpostuak sortzeko helburua ere badu kooperatibak.

Bizkaian zabaldu dute, batez ere, euren produktua, orain arte. Bereziki, Bilbo inguruan. 50 saltoki eta taberna ingurutara iritsi dira. Baina Boga hauspoa hartzen hasi da, eta Euskal Herrira eta nazioartera zabaltzeko prozesuan murgilduta daude. Ezagun-ezaguna bilakatu da dagoeneko. Hainbat jaialditan saldu dute Mungian ekoizten duten garagarraren zukua: Ibilaldian, Korrikaren bukaera egunean, Bilboko Aste Nagusian hamaika konpartsatan, hainbat herritako jaietan eta Alternatiben Herrian, besteak beste. Eta oso harrera ona izan du.

Joan den uztailean jarri zuten martxan lantegia. Eta abenduan egingo dute inaugurazio ofiziala, dastaketa gune eta guzti. Uda bukatuta garagardoaren kontsumoak izaten duen beherakadari bultzada emateko modu bat ere izango da ekinaldia. Poliki-poliki, Boga bogan jartzen ari da, eta garagardoaren olatuetan barrena murgildu da.

ESKAINTZAREN DATUAK

Ekoizlea. Boga garagardoa.

Telefonoa. 688-87 10 69.

Eskaintza. 12 botilako kaxa bat: sei botila mota bakoitzeko. 18 euro.

Webgunea. www.boga.eus.