Jasangarritasuna berreskuratzeko xedez jaio da Mutur Beltz

Jasangarritasunak, baserri giroa eguneratu beharrak eta Karrantzako mutur beltz ardien galzoriak bat egin dute Joseba Edesa (Karrantza, 1985) eta Laurita Silesek (Marbella, 1981) osatu duten bizitza proiektuaren barruan. Bizimodu osasuntsu, sortzaile eta parte hartzailea baliatuta, zenbait helburu ezarri dituzte Karrantzan bizi diren bi gazteek: artileari berriro itzultzea produktu gisa zuen balioa eta garapen iraunkorraren ereduari loturiko ohiturak berreskuratzea. Horretarako abiatu dute Mutur Beltz proiektua.

Karrantzako ardi muturbeltzen artilearekin egindako txapela eta atorrak aurkeztu zituzten domekan, Balmasedako La Encartada museoan. Proiektuaren abiapuntua izan zen txapela. Hori sortu ostean, ideia polita iruditu zitzaien gizartea sentsibilizatzeko. “Baina beharrizan bat genuen”, adierazi du Edesak. Artilea kardatzeko eta iruteko makinak behar zituzten. Praktika artistikoa ere baliatuta, bi bizikletaren gainean kokatu zituzten bi makinok. Horretarako, lantalde zabal baten laguntza izan dute.

Garapen iraunkorra beti presente duten premisa bat da. Izan ere, makina horiek ez dute argindarraren beharrik funtzionatzeko. “Kultura osasuntsu eta jasangarri baten bide horretan erabaki genuen gure energiak baliatzea makina horiek martxan jartzeko”. Hala, pedalei eraginda sortzen den energiarekin funtzionatzen dute.

Artilea prozesatzeko metodoa ere erabat naturala da. “Guk geuk mozten diegu ilea ardiei, artaziekin”. Artile hori, dituen zikinkeriak eskuz kendu ostean, errekan garbitzen dute. “Ura eta xaboia bakarrik erabiltzen ditugu. Eta xaboia ere guk geuk egiten dugu, olio birziklatuarekin. Beraz, dena da bertako produktua: birziklatutakoa, berrerabilitakoa eta praktika artistikoaren bitartez berrasmatutakoa”.

Prozesua luzea da, eta udan egin behar da. “Artilea errekara eraman behar da, hurrengo egunean atera, eta lehortu”. Sikatuta dagoenean, artilerik egokiena aukeratzen dute. Kardatzeko makinan sartzeko prest dago hala.

Produktuon abantailak eta bermeak bistakoak dira. “Artilea bertakoa da, aitaren ardiena. Dena da eskuz egindakoa. Ez da egiten egun ezagutzen diren prozesu mekaniko zein industrialen bitartez”. Eta artileak berak duen lanolina substantziak txapel zein artile horrekin egindako produktuetan ez du urik iragazten uzten.

Dokumentala

Praktika artistikoaz gain, ardiei ilea moztu eta berau irun izan duten protagonistak lehen planoan jarri gura izan dituzte Edesak eta Silesek. “Gure ardirik gabe ezin dugu artilerik izan, eta horregatik erabaki genuen haiekin elkartzea eta grabazio batzuk egitea, gizarteari zabaltzeko dokumental bat osatzeko. Haiek dira-eta gai hau ezagutzen dutenak”.

Karrantzan artilea iruten zuten bi emakume besterik ez dute aurkitu. “Hori ere galtzear dago”, aitortu du, saminez.

Baserritarren familia batekoa da Edesa. Hala ere, Edesak eta Silesek aitortu dute ezer gutxi zekitela ardi muturbeltzei eta artilea lantzeko bide tradizional horiei buruz. “Asko harritu gintuen transhumantziaren kontuak, adibidez; neguan ardiak Deriora eta Zamudiora eramaten zituztela jakiteak, hain zuzen”.

Artzainen bizitza jarrera da bereziki txunditu dituena. “Oso beharrizan gutxi dute, eta gutxirekin bizi dira. Haien lana ez da ordaintzen, inondik inora ere. Bizitza eredu bat da haiena, bizimodu bat”.

Muturbeltzen sorrera

Karrantzako ardi muturbeltzak zelan sortu ziren ere jakin dute elkarrizketa horien bitartez. “Gipuzkoako agure batek ardi latxak ekarri zituen. Hemen, bertako ardiekin nahastu ziren eta, azkenean, muturbeltz arraza sortu zen. Herri txiki batean sortu zen, artzainen ohiturak eta lanak galtzen ari diren herri txiki batean”.

Ardi mota hori ezin dutela galtzen utzi sinetsita daude proiektuaren sustatzaileak. Eta helburu horri eusteko moduak lantzen jarraitu gura dute. Domekan erakutsi zituzten txapela eta atorraz gain, bestelako elementu batzuk ere egin dituzte: sorgin txapelak, txapel zirkularrak, etxeko zapatilak eta poltsak.

Oraingoz ez dute dendarik zabaldu. Izan ere, biek dituzte beste lan batzuk. Hala ere, produktuak eta proiektua ezagutu gura dituztenentzat, sarean badute informazioa. Karrantzakomuturbeltz izenarekin, Facebooken eta Blogspoten aurki daitezke.