Aitziber Laskibar Lizarribar
Bizkaiak duen natur altxor nagusietakoa da Urdaibai. Leku gutxitan aurki daitekeen ekosistema du, eta hargatik du biosfera erreserbaren izendapena. Baina gabeziak ere baditu. Garai batean hostozabalen basoek janzten zuten eremua pinu eta eukaliptoek jana dute: urteetan gailendu den egur ustiapenaren eraginez, Urdaibaiko lurrazalaren %78 hartzen dute pinuek eta eukaliptoek. Baso bakarra dago biosfera erreserban: 1.700 hektareatan zabaltzen den artadi bat. Apenas iristen den Urdaibaiko biosfera erreserbako lurren %9ra. Eremu horretako gune batzuetan are errealitate gordinagoa dago: Muxikan, esaterako, mendiko lurren %90 hartzen dituzte pinuek eta eukaliptoek.
Horixe hartu du jomuga Lurgaia fundazioak, egoera irauli nahian. Argi du helburua: “Arriskuan den ekosistema bat berreskuratzea: bertako basoa”. Apustu irmoa du egina: erabat aldatua dagoen berezko paisaia leheneratzeko lanean dabil azken urteetan. Muxikako Ibarruri auzoko Undabason jarri du fokua. Hamar urte darama han lanean, nagusi den pinuaren ordez harizti sendoa sortu nahian. Lurren kudeaketa bere gain hartu, eta bertako zuhaitzak landatzea da helburua. Ari da lan horretan, lurren jabeekin akordioak eginez eta, ezin denetan, lurrak erosiz.
2003an Urdaibaiko Amunategi arroan izandako esperientziaren ondoren sartu zen buru-belarri Undabason. Bertan pinuz inguratutako baserria zuen lagun batek proposamena egin zion fundazioari: “Hauek dira nire lurrak, eta zuek kudeatzea nahi dut; lehengoratzea”. Erraz egin zuten akordioa bi aldeek, eta horrela sortu zen Undabasoko proiektu handinahiagoaren hazia.
Lurgaia fundazioko Mireia Vallek azaldu du lehengoratzeko lanetan erabiltzen duten prozedura: “Lurren jabeekin akordio bat egiten dugu; berak fundazioaren esku uzten du lurraren zaintza, eta guk basoa sortzeko lana egiten dugu”. Pinuak moztea jabearen esku geratu ohi da, eta, beraz, egurrak ematen duen etekina ere bai. Fundazioak, berriz, bertako zuhaitzak landatzen ditu, boluntarioen laguntzarekin.
Etorkizunerako benetako baso eremua uztea da Lurgaiaren helburua, eta, hartarako, eraldaketarako lehen lur haien ingurukoei erreparatzen hasi zen. Jabe hark, beste lur batzuk erosi, eta fundazioari utzi zion kudeaketa, eta, gerora, beste lur-jabe batzuekin lortutako akordioei esker eta erositako beste eremuei esker, gero eta eremu zabalagoa ari da itxuraldatzen. Gaur egun, 26 hektarea kudeatzen ditu Undabason.
Baina baso basoa utzi nahi du natur ondarearen kontserbaziorako fundazioak. Eta ehun hektareatik gorako lursailak jotzen dira basotzat. Horixe hartu du erronkatzat, eta jarraitzen du lanean pixkanaka, pausoz pauso.
Hurrengo urratsa zehaztua du, eta adostua. Gauza bakarra falta du: dirua. Orain arte, bertako basora itxuraldatzeko landutako lurren segidan lursailak dituen familia bat lurrak saltzeko prest agertu da. 31 hektareako pinudia da, eta horixe gehitu nahi dio etorkizuneko basoari. Jabego horrekin, 57 hektarea hartzen dituzten lurrak kudeatuko lituzke Lurgaiak eremu horretan. Fundazioko kideak emozionatu egiten dira esan nahiko lukeena aipatze hutsarekin: “Urdaibaiko hariztirik handiena sortuko genuke!”.
Fundazioko bazkideek urtero jartzen duten diruarekin erosiko dute lursaila. Hartarako ordaintzen dute kuota, aldiro, 276 bazkidek. Urteetan halako aukera baten zain gordez joan diren aurrezkiak inbertitzeko irrikaz daude. Baina pilatutako 62.000 euroak ez dira nahikoa. Eta laguntza eskatu dute. Aurten lur-jabeei ordaindu beharreko 80.000 eurora iristeko, 18.000 falta zaizkie, eta finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri dute martxan. Gaur bertan abiatu duten kanpainan, gutxienez 20.000 euro eta gehienez 37.000 lortu nahi dituzte proiektuaren garapena ziurtatzeko.
Handia da erronka, baina lortuko duten esperantza dute sustatzaileek. Begirada luzeko prisma hartu, eta ari dira etorkizuneko basoa irudikatzen. Badakite epe luzerako apustua dela egin dutena. Basoaren handitasuna sentitzeko aukerarik ez dutela eurek izango. Izan ere, ehun urteko aldia behar izaten da baso egonkortua izateko.
Baina haiek ere gozatuko dute egindako lanaren emaitza. Lehen fruituak dagoeneko nabari direla dio Vallek: “Hariztia izango denak ehun urte beharko ditu, baina baso mistoa sortzeko denbora gutxi behar izaten da. Ni udaberrian joan nintzen 2008an landatutako eremura, eta ikusten zen kolorea oso desberdina zen aurrekoaren aldean; berde berri hori zuen, indartsua, udaberrikoa, eta ez pinudiena. Nabaritzen da”.
Naturaren bidea
Ez ziren denak haritzak lur eremu hartan ikusi zituenak. Izan ere, etorkizunean harizti izatea naturak berak erabakiko du. Inguruko baldintzei erreparatuta, hala izango dela uste dute adituek. “Guk naturari bere bidea egiten laguntzen diogu”, dio Vallek. Pinuak kendu eta eremua baso bihurtuko duten zuhaitzak hautatzerakoan, berez sortutako basoei erreparatzen die Lurgaiak. Zuhaitz eta zuhaixka mota asko landatzen dituzte, hargatik; guztiak bertakoak, baina askotarikoak: haltza, urkia, hurritza, elorri zuria, basaerramua, lizarra, gorostia, erramua, gereziondoa, elorri beltza, udareondoa, haritza, sahatsa, gaztainondoa, hagina, sagarrondoa, zumarra, astigarra, otsalizarra… Horiek urte gutxian haziko dira, eta ingurua baso misto bihurtuko dute. Baina naturaren zikloak hiltzeko garaia ekarriko die zuhaitz batzuei. Eta haritza geratuko da nagusi. Indartsua, eta urte asko irauten duena. Hori lortuta, etengabe berrituko da bere kasa, gizakiak esku hartzen ez badu behintzat.
Garapen natural horri begira landatuko dituzte 25 espezie zuhaitz eta zuhaixka Undabason eskuratzea espero duten 31 hektareetan. Azaro amaieratik martxo amaiera bitartean egingo dira landatzeak, eta horretarako ere laguntza eskatuko du fundazioak. Asteburuetan egingo dituzten jardunaldietan parte hartzeko dei egin diete herritarrei. Baita enpresei ere, gero eta gehiago baitira bere langileak zuhaitzak landatzera eramateko apustua egiten duten enpresak.
Aurtengoa jauzi garrantzitsua izango da Urdaibain baso zabala sortzeko. Baina lanak ez dira hor amaituko. Orain arte kudeatzen dituen lurren inguruetakoak ere kudeatu nahi ditu fundazioak, 100 hektareako lur eremu oso eta jarraitu bat baso bihurtzeko helburuz. Zirkulu bete baso.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:
www.lurgaia.org