Asier Arrate Iruskieta
Bilboko Atxuriko tren geltoki alboan dago Hika Ateneoa. Kanpotik, edozein musika areto edo tabernaren antza du, baina, Bilboko mugimendu politikoentzat eta gai sozialetan lan egiten duten elkarteentzat, ondo pasatzeko espazio bat baino gehiago da. Paretetan dauden liburuen orriek ematen dute pista bat: lokal horretan, aisialdiak ez ezik, eztabaidek eta hausnarketek ere badute tokia. Duela hogei urte ireki zituen ateak, hainbat kolektibok elkartzeko espazio beharrizanari erantzuna emateko, eta, ordutik, ezkerreko mugimenduen eta gizarte eragile ugariren bigarren etxea bihurtu da.
Asier Amezaga Hika Ateneoko bazkideak gogoratu duenez, 1992an, hainbat arlotako ezkerreko mugimenduko jendea espazio baten beharrizanari erantzuna emateko beharraz eztabaidatzen hasi zen, eta, 1997an, Hika Ateneoko lokala ireki zuten: “Proiektuaren bultzatzaileak Zutik alderdiko kideak izan ziren, baina Hika Ateneoa autonomoa izan da beti”. Amezagak gaineratu du ireki zenetik hainbat elkarte berri batu eta sortu direla bertan.
Lokala irekitzeko aukeratutako tokia ere ez zen ausazkoa izan. Isa Tomas Hika Ateneoko koordinatzaileak azaldu du beharrezkoa zela espazio handia izatea eta erdigunetik hurbil egotea: “Alboan Atxuri eta San Frantzisko auzoak ditugu; garai hartan ez zeuden oso ondo, baina guk apustua egin genuen”. Amezagaren ustez, Hika Ateneoaren izaera kontuan izanik, ez dago toki aproposagorik: “Hainbat erakunde, mugimendu eta militante daude auzo horietan”.
Lokala ireki zen garaian hasi zen antiglobalismo mugimendua ere, eta Amezagak dio orduan bazela mugimendu sozialen oldarraldi eta eraberritze behar bat: “Testuinguru horretan ulertu behar da sorrera”. Tomasen esanetan, garai hartan Euskal Herrian ere mugimendu sozial eta gobernuz kanpoko erakunde ugari sortu ziren. Hala, Hika Ateneoa mugimendu sozialen azken hogei urteotako “eraldaketaren testigu” izan da.
Garai berrietara egokitzen
Eraldaketa ez da mugimendu eta elkarteena izan, lokalaren ekintza agenda ere garai berrietara egokitu behar izan da. Interneten eta sare sozialen agerpenak eragin zuzena eduki du. Adibide argiena hitzaldiak direla azaldu du Tomasek: “Lehen, hitzaldi bat entzuteko, bertara joatea beste aukerarik ez zeneukan. Egun, ordea, streaming bidez ere ikus daitezke”. Kudeatzailearen esanetan, Internetek “dena” aldatu du. “Nazioarteko gai bati buruzko hitzaldi informatibo bat antolatzen dugunean, askok esaten digute informazio hori Interneten dutela eskuragai”. Edonola ere, Tomasek argi du “beharrezkoa” dela eztabaida eta hausnarketarako “espazio fisiko” bat izatea. Ez diete muzin egin, ordea, teknologia berriei; eurek ere baliatu dituzte sare sozialak egiten duten lana ezagutarazteko edo atzerrian dagoen norbaitekin solasaldiak antolatzeko.
“Edonola ere, tokian egotea garrantzitsua da oraindik ere; bereziki, bileretan”, adierazi du Amezagak. Tomasentzat, “espazio fisikoa” izateak “bestelako esperientzia” izateko aukera eskaintzen du. “Giza harremanak sortzeko aukera dago, eta hori gustuko dut botoiarekin ezin daiteke lortu”. Amezagarentzat ere, bertaratzeak gai ezberdinez entzun eta eztabaidatzeko “plus bat” eskaintzen du.
Sarean dena dagoen garaietan ere, Hika Ateneoak lortu du agenda ekintzaz betetzea: kontzertu, erakusketa, tailer, solasaldi… Baina agenda beteta edukitzeak sortu dizkie arazoak ere. Tomasek dioenez, askotan “Tetris lanak” egin behar ditu guztiei toki bat egiteko. Horren ondorioz, halaber, lehen bileretarako espazio zena ekitaldi eta hitzaldietarako espazio bilakatu dela dio.
Amezagak ere berdin deritzo: “Etortzen hasi nintzenean, beti zegoen norbait bilduta. Egun, beti dago hitzaldi bat edo ekintzaren bat. Oraindik ere bilerak egiten dira, baina, agian, ez dute horrenbeste pisu”. Nolanahi ere, bi kideentzat, ez da albiste txarra Hika Ateneoak bilerak antolatzeko aukera gutxiago eskaintzea. Izan ere, beharrizan horri erantzunez espazio berriak zabaldu dira Bilbon, eta, egun, hainbat gune daude “autogestiotik topaketetarako espazioa” eskaintzen dutenak.
Bazkide berrien beharra
Bilboko agenda kulturalean “proiekzio handiagoa” lortu dutela azaldu du Amezagak; baita jendea erakartzeko gaitasuna ere. Baina aitortu du ez direla gai izan erakarritako jendea inplikatzeko. “Batzuetan bezero gisa datoz, eta guk bazkideak behar ditugu”. Hori ikusten dute biek etorkizunerako erronka gisa. Belaunaldi arteko hutsunea dagoela diote: “Oso gazte gutxi dira bazkide”.
Bazkideak dira Hika Ateneoko bihotza. Proiektu autogestionatu gisa, bazkideen kuotak dira —Txomin Barullo konpartsaren eta Hika Ateneoko tabernaren mozkinekin batera— diru iturri nagusia. Azken urteak “bereziki zailak” izan direla diote bi kideek. “Imajinatzen dut denok estuago ibili garela eta horregatik sinestezina da hemen jarraitzea”. Sinestezina. Hori da urteurrenera begira aldarrikatu dutena: sinesgaitza dela 20 urte horietan lortutakoa. Tomasek argi eta harro adierazi du: “Gogorra da, bai, baina posible dela ere erakutsi dugu”.