Atxilotuen eskubideak eta iritzi askatasuna urratuta ikusteaz nekatuta dago Ane Ituiño (Bilbo, 1981), eta erasora jotzea erabaki du: Guardia Zibila salatu du maiatzean atxilotutako bost bizkaitarren eskubideak urratzeagatik.
Maiatzean atxilotutako Bizkaiko txiolariak auzitegian egon berri dira; oraingoan, lekuko gisa. Zergatik?
Haien eskubideak urratu zituztenez Guardia Zibila salatu dugulako. Bost atxilotuk ni izendatu ninduten abokatu, eta Guardia Zibilaren kasernara joan nintzen, Salvera, han asistentzia emateko. Defentsa asistentzia egin ahal izateko ordura arteko diligentzien berri emateko eskatu nuen, eta zehazteko zein egitate zehatz egozten zitzaion atxilotu bakoitzari. Nik nekien bakarra zen sare sozialak erabiliz terrorismoa goratzea leporatzen zitzaiela, baina ez zidaten esaten zein zen gorazarre egitea izan zitekeen esaldi, hitz, argazki edo ekintza konkretua. Nik hori eskatu nuen defentsa egikaritu ahal izateko, behin eta berriz, eta Guardia Zibilak ezetz erantzun zidan. Badago Europako zuzentarau bat berebiziko garrantzia ematen diona atxilotuei leporatzen zaizkien egitate zehatzak ezagutzeko eskubideari; gure eskubidea da, eta, batez ere, atxilotuena. Zergatik atxilotu dituzten jakin behar dute.
Horregatik jarri duzu salaketa?
Batetik, horregatik. Bestetik, Poliziaren aurreko deklarazioetan hainbat irregulartasun eta ilegalkeria egin zirela iruditu zitzaidalako. Gainera, liskarra izan nuen guardia zibilekin. Elkarrizketa pribatua izateko eskubidea ukatzen ziguten. Azkenean lortu nuen, baina tirabira handien ondoren. Eta, bestetik, iruditzen zitzaidalako atxiloketek berek ez zutela inolakok zentzurik. Legeak ezartzen du atxiloketa gauzatu daitekeela aurreikusten bada pertsona hori ez dela agertuko epailearen aurrera zitazio bat bidalita. Ez zen hori kasua. Atxilotuak kalean ziren ordu batzuetara, zitazio judizial baten esperoan. Beraz, ez zegoen inor atxilotu beharrik zitazioa helarazteko. Hortaz, legez kanpoko atxiloketak izan zitezkeela iruditu zitzaidan, eta atxilotuei ez zitzaizkiela beren eskubideak bermatu. Orain, atxilotuek lekuko gisa deklaratu dute, salaketa nik jarri arren eurak direlako kaltetuak. Akusazio partikular gisa aritzeko aukera dute, eta hala egin dute.
Atxilotuei berei terrorismoa goratzea egotzi diete. Zertan da haien kontrako auzia?
Oraingoz, nik lagundu nituen bostetik batek deklaratu du bideokonferentziaz. Beste bi irailerako eta urrirako zitatu dituzte, eta beste biei buruz ez dakigu ezer.
Atxilotuak adierazpen askatasunak babesten dituela uste duzu?
Bai, noski. Are gehiago: gorazarre delituarekin dugun arazoa bere existentzia bera da. Edozein herri demokratikotan delitu horrek ez luke existitu behar. Zein da adierazpen askatasunaren eta gorazarre egitearen muga? Terrorismoa goratzeko delitua egotzita, presoen argazkiak erakusteagatik edo polizia batek tiroz hildako pertsona bat gogoratzeagatik zigorrak egon direla ikusi dugu. Nork zehazten du muga? Beste gauza bat litzateke bestelako mehatxuak egongo balira. Baina horretarako Zigor Kodeak bazituen, aurrez, bere tresnak. Beraz, honek ez du zentzurik. Azken finean, zuzenean jotzen ari da iritzien kontra. Terrorismoa goratzeko delituaren existentzia bera iritzia delitu bihurtzen ari da. Zigorrak gogortzen ari dira, gainera. Gero eta gehiago kriminalizatu nahi da iritzia eta memoria. Botereari interesatzen ez zaizkion ikuspuntuak zigortzea erabaki da. Eta sare sozialek jende askorengana heltzeko gaitasuna dutenez, hori errotik moztu nahian ari dira.