Kortezubi eta Bird Center oinez lotzeko fasea martxan da

Kortezubi eta Bird Center oinez lotzeko fasea martxan da

Natalia Salazar Orbe

Busturialdetik turismo jasangarriaren aldeko aldarria egin dute Aste Santua igaro ostean. Biosferaren erreserbak hainbat eremutan duen balio ekologikoari eusteko baliabideak eskatu dituzte. Ibilgailu motordunen kopuruak murriztu eta oinezkoentzako zein bizikletentzako aukerak zabaltzen dituzten bideak badira eskualdean. Oka ibaiaren bi aldeak erreka gainetik lotzen dituen pasagunea da horietako bat. Bide horren hurrengo faseari ekingo dio orain Eusko Jaurlaritzak: Kortezubi eta Urdaibai Bird Center lotuko dituen bide berria egiteko faseari, hain zuzen ere.

Kanpoko bisitariek zein bertako herritarrek itsasadarra alde batetik bestera oinez zein bizikletaz gurutzatzeko pasagunea 15 kilometro luze da. Gernika-Lumo, Arratzu, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Forua eta Murueta lotzen ditu. Zati berria kilometro erdi luze eta metro eta erdi zabal izango da. Kortezubiko elizaren ondotik aterako da, paduretatik bertatik. Handik aurrera, Urdaibaiko itsasadarraren ubidea inguratuko du. Natura gertu-gertutik jarraitzeko moduko ikusmira eskainiko du ibilbideak.

Iparraldeko zatian, Katxitxune baserriaren eta Bird Centerren artean dagoen udal bidearen konexiora bitartean, 60 metroko azken bide zatia da egingo dutena. Alboetan pinu zurez egindako taulak jarriko dituzte. Pasaguneak baliatuta, inguruan dauden errekatxoen eta Olalde ibaiaren gainetik pasatu ahalko dira oinezkoak zein txirrindulariak.

Aurreikusitako planak arreta berezia jarri du lanak paisaian behar bezala mimetiza daitezen. 240.000 euroko aurrekontua dute lanotarako, eta sei hilabeteko epea izango da obrak bukatzeko. Lan horiek hasteko baimenak lortzeko zain dago Jaurlaritza.

Oka itsasadarraren gaineko ingurua berreskuratu eta bertako natur ondareari balioa emateko proiektuaren ataletako bat da bideen sare hori. Jaurlaritzak helburu batzuk ezarri ditu bertan: paduren funtzionaltasun hidrikoa berreskuratzea; inguruko espezieek osatzen duten biodibertsitate aberatsak bertan bizi ahal izateko ibaiko eta estuarioko habitatak berreskuratzea; eta ingurumen balio handia duen eremu horren ezagutza sustatzea. Baita eremuaz gozatu eta bertara iristeko baliabideak bultzatzea ere.

Gernika hondartzekin lotu

Osatzen ari diren zirkuitu hori guztia azken helburura begira eginda dago: etorkizunean Gernika-Lumo Laida eta Laga hondartzekin lotuko duen bide bat ahalbidetzea da asmoa. Horrek mugikortasun jasangarriagoa ekarriko duela sinetsita daude.

Pasagune eta bideetatik harago, proiektuaren bigarren atala geldiarazita dago. Kosta Mugapeak oniritzia emateko zain daude. Padura barruko zenbait eremu urez estali nahi dituzte fase horretan. Partzelen jabe ohiek horiek okupatzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Orain, ordea, eremu horiek jabetza publikokoak dira. Espediente horiek ebatzi bitartean ezin izango diote ekin fase berri horri.