Azaroaren 25ean 11 urte egingo ditu droga kontrolatuta kontsumitzeko Bilboko gelak. Egun hori aukeratu dute hura kudeatzen duten Munduko Medikuak elkartekoek Bailen kalean duten gela ixteko. Jagoba Zallo kideak jakinarazi duenez, ez dute zerbitzua itxiko, urteotan egindako kudeaketa lana da bukatutzat emango dutena.
Dena den, administrazioek argi daukate: Gela hori itxi egingo da, orain arte kudeatzen zutenek lan hori bertan behera uzten badute. “Ez dago era horretako sala berririk zabaltzeko asmorik, baina administrazioek Bailengo erabiltzaileak artatu ahal izateko moduak bilatzeko konpromisoa hartu dute”, Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.
Zallok gura du ahalik eta azkarrena zehaztu dezatela zein asmo zehatz duten, eurengana doazenei esan ahal izateko: “Hain egunetik aurrera zoaz hain lekura edo beste honetara eta hau eta beste aurkituko dituzu bertan”. Izan ere, nahasita daude eurengana jotzen duten drogazaleak. “Batzuek entzun zuten zarratu egingo zela, eta, dagoeneko itxita dagoelakoan, gehiago ez dira etorri”. Ez daki, ordea, noiz jakingo duten, ez eta “egoera noiz egongo den normalduta” ere. Erabiltzaile batzuei baliabiderik eskainiko ez zaien garai bat ere egongo dela baderitzo. Hala ere, administrazioek diotena sinesten du: “Esaten digute erabiltzaileen %100i lekuren bat emango dietela”.
Argi dute San Frantzisko auzoan “zerbait” egin behar dela. “Heroina eta kokainaren salmenta, batez ere, hemen egiten da. Eta erosi bezain laster kontsumitu egiten dute”.
Lantalde bat proposatu dute zer, non eta nola egin beharko litzatekeen erabakitzen laguntzeko. “Ez bakarrik administrazioek eta guk osatutakoa”. Garrantzitsutzat jo du alor horretan jarduten diren beste eragile eta elkarte batzuen parte hartzea ere.
Foru aldundiak ohar bidez argitu du “hirugarren sektoreko zenbait erakunderekin batera” lanean ari direla “drogazaleentzako arreta eredu berri bat diseinatzeko”. Hain zuzen, bi erakundegaz dituzten bi hitzarmen abenduan iraungiko dira, eta, berriak sinatzeko orduan, darabiltzaten programak “bideratu eta moldatu egingo dira arreta integral bat eskaintzeko”.
Gizakia Fundazioa eta T4 elkartea dira erakunde horiek. Dena den, horietako erabiltzaileak balorazio programa bat jarraitzen dutenak izango dira soilik. Hau da:”Ez da zabalduko jendea kontsumitzera joateko zerbitzurik”.
Zallok uste du lan hori administrazioak berak hartu beharko lukeela bere gain, ez beste erakunde batek. Munduko Medikuek kudeatzen duten gelak 800 erabiltzaile izan zituen iaz. “Asteburu eta jaiegunetan ixten hasi ginenera arte, 60 erabiltzaile izaten genituen, batez beste, egunean”. Handik aurrera, 30 eta 40 artean izaten dituzte.
Erabiltzaile horien profilak ezagutu eta eurentzako irtenbide bat lortu guran ari dira egunotan afera horretan ardura duten Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritza. Horretarako, droga kontrolatuta kontsumitzeko gelara zenbait bisita egin dituzte. Lan zaila dute, ordea. “Pertsonetako batzuk identifikatzea zaila da; ez datozelako beti”, azaldu du egoera. Profilak zehazteko galdetegi bat egiteari ekin diote orain; ordura arte, oso informazio gutxi eskatzen zieten Bailengo gelara jotzen zutenei. Hori baita era horretako baliabideek daukaten ezaugarri nagusienetako bat: Eskakizun maila baxuko lekuak dira.
Demokratizazio prozesua
Erabiltzaileei beste era batera laguntzeko proposamena begi onez ikusten du Zallok. “Azken finean, kontsumorako gelak estigmak sortzen dizkie bertaratzen direnei”. Hori dela eta, droga kontsumoa “demokratizatzeko” unea iritsi dela deritzo. “Gainbegiratutako kontsumoaren aldeko apustua” egiten du berak. Era horretako baliabide gehiago jartzearen aldekoa da.
Duela hamabost bat urte metadonaren autobusagaz gertatu zena ekarri du gogora: “Auzoetara iristen hasi zenean, zenbait bizilagunek harrika egiten zioten. Gero, apurka-apurka egoera normaldu egin zen. Ostean, osasun zentroetan hasi ziren metadona banatzen. Eta, azkenean, non eta farmazietan ekin zioten zeregin horri. Kontuan hartu botikariak eurak izan direla gehien sufritu dutenak drogazaleen erasoa. Hala ere, onartu egin dute kolektibo horri metadona banatzea. Eredugarria izan zen pauso hori”.
Zentroren batean edo beste nonbait kontsumitzeko aukera eskainiko duten txokoren bat ahalbidetzeko eskatzen dute. Administrazioek, ordea, beste asmo batzuk dituztela iragarri du Bizkaiko Gizarte Ekintza Sailak: “Erabiltzaile bakoitzaren beharrizan zehatzak ezagutzeko azterketa egiten ari dira, pertsona bakoitzaren laguntza plan pertsonalizatuari erantzuteko. Lan horretan ari diren entitateek egun darabiltzaten baliabideak erabiliko dira horretarako. Eta ez da irekiko zentro berririk, ez da handituko programek egun duten erabiltzaile kopurua eta ez da irekiko kontsumo gainbegiraturako dispositiborik”.
2003ko azaroan zabaldu zuten droga kontrolatuta kontsumitzeko gela Bilboko Bailen kalean. Aitzindaria izan zen Euskal Herrian eta inguruan. Hasieran auzokoak kontra agertu baziren ere, egun normaltasun osoz bizi dute bere funtzionamendua. Prebentzio baliabidetzat du Zallok: “Ez drogazaletasunarentzat, osasunarentzat baizik”.