Arabako patataren aldeko apustua indartuko du Eroskik

Hasi da Arabako patataren sasoia, eta, harekin batera, kanpaina honetan Eroskik bertako nekazariekin daukan lankidetza indartzeko asmoa du. Eusko Label eta Eusko Baserria egitasmoen barruan daudenekin indartuko du, merkataritza politika arduratsua abian jarri eta laborearen errentagarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko. Horretaz gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 245 dendek osatzen duten sare komertzial osora merkaturatuko du kooperatibak ziurtagiria duen Arabako patata.

Joan den urtean, ziurtagiria duen Arabako patata gehiago erosi zuen Eroskik, %34 gehiago, hain justu; 2,5 milioi kilo baino gehiago izan ziren. “Zehazki, Eroskin erositako Euskal Baserri patataren salmenta %46 inguru igo zen, eta Eusko Labelenak, %6,6. Espero dugu sasoi honetan ere joera horri eustea, haren kontsumoa sustatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko gure sare osoan”, adierazi du Asun Bastidak, Eroskiko tokiko produktuen zuzendari komertzialak.

Eroskik Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioaren haritik dator kanpaina; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazaritzako elikagai industriaren sektorea garatzeko eta haren ekoizpen ehunaren aniztasunari eusteko helburuarekin abiatu zuten. Akordioa duela urtebete berretsi zuten, eta lehen sektorearen garapen zabala ekarri du: arrantzan —berdelaren, antxoaren eta hegaluzearen kanpainetan—, nekazaritzan —Eroskiko denda guztietan tokiko fruitu eta barazki sorta zabaldu dute— eta abeltzaintzan —berriki Eroski Natur haragia Eusko Label ziurtagiria duen okela merkaturatu dute—. Tokiko beste hainbat elikagairen ekoizpena ere sendotu dute akordioaren bitartez; sagardo eta txakolin marka propioak eta eskuz egindako Idiazabalgo Artzain Gazta, esate baterako, Eroski Seleqtia markaren barnean merkaturatu dituzte.

Arabako patataren ekoizpena bultzatzearekin batera, tokiko ekonomia garatzeko konpromisoa betetzen ari da Eroski, nekazaritzako elikagaien industriako ekoizleekin egindako lankidetza hitzarmenen eta akordioen bitartez. Gainera, taldearen plan estrategikoan indarra hartzen doa, eta, hala, tokiko produktu freskoen aldeko apustua berresten ari da. Zurekin izeneko denda eredu berriak emango ditu ezagutzera produktu berri horiek. Era berean, nekazaritzako elikagaien industriaren sektore osoari lagunduko dio; izan ere, harreman egonkorra du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elikagaien industriako 450 hornitzailerekin baino gehiagorekin, eta elikagaietan 400 milioi euro baino gehiago erosten dizkie Eroskik.

Kalitatezko ziurtagiria

“Arabako patatak, Euskal Baserri eta Eusko Label zigiluekin, jakin izan du kalitateagatik bereizten, eta kontsumitzaileen aitorpena jaso du; hain zuzen, kontsumitzaileei eskaini nahi dizkiegu elikagai freskorik onenak eta eskaintza sorta zabala, erabateko askatasunez aukeratzeko. Izan ere, esan dezakegu Eroski denda guztiak inguruko elikagaiak merkaturatzeko plataforma irekiak direla”, esan du Raimundo Ruiz de Eskuderok, Gasteizko Eroski Boulevard hipermerkatuko kudeatzaileak.

Arabako patataren sasoian, bestetik, Eroskik eta Udapa nekazari kooperatibak kanpaina bat abiatu dute, produktu honen bikaintasunak ezagutzera eman eta elikadura osasuntsu batean duen garrantzia gogoratzeko. Udapako kudeatzaile Alfonso Saenz de Camarak nabarmendu du Eroski “apustu sendoa” egiten ari dela tokiko ekoizleen alde eta, bereziki, kalitate ziurtagiria duten produktuak goraipatzeko. Gogoratu du patata erakunde ziurtagiri emaile ofizialek kontrolatzen dutela eta “kalitate goreneko produktua” lortu dela.

Bestalde, adierazi du Araban Euskal Baserri eta Eusko Label barnean dagoen patata “gakoa” izango dela hemengo nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizunerako. Bertako ekonomiarako garrantzitsua dela esan du: “Araban ereiten den patata hektarea bakoitzak zerealak baino hiru aldiz gehiago ematen du”.

Gasteizko Boulevardeko hipermerkatuan egin dute kanpainaren aurkezpena eta han izan dira, besteak beste, Eduardo Aginako Jaurlaritzako Nekazaritza Saileko zuzendaria, Alfonso Saenz de Camara Udapako gerentea eta Raimundo Ruiz de Eskudero hipermerkatuko gerentea.