Urdaibaiko bidea gertu dago, baina finantzaketaren zain

Urdaibaiko ezkerraldea eta eskuinaldea konektatuko dituen zaldi ibilbidea egiteko ametsa dute Urdaibai Zaldi Taldekoek. Asmo hori du Osertz Lejarreta bertako kideak. Hiru fase dauzka proiektuak, eta lehenengoa eginda dutela dio. Ametsa aurrera eramateko finantzaketa behar dute orain, ordea. Eta horren zain daude, lehenengo fasea gauzatzea ahalbidetuko dien finantzaketa iritsiko zaien zain, hain justu.

Ereño eta Nabarniz lotzen dituen ibilbideak osatzen du lehenengo etapa hori; Gernika-Lumo, Ajangiz eta Muxika igarotzen ditu bigarrenak; eta, hirugarrena, Sukarrieta, Busturia eta Bermeo artekoa da. Lan errazena Ereñokoan zeukaten, han raid zirkuitua antolatzen dutelako urtero. Iragan ekainean egin zuten azkenean, esaterako, 34 zaldi eta zaldizko elkartu ziren. Etapa horren “zatirik handiena raidean bertan” egiten duten ibilbideak osatzen du. “Beraz, kontrolatuta daukagu, GPSagaz erregistratuta, eta 30 kilometro inguru dauzka”.

Etapa bakoitzak ibilbide zirkularra egiten du, “kiribil bat, hasiera puntuan bukatzen baitira guztiak”. Hiru kiribil horiek elkartuko dituen bide zati bat ere aurreikusi dute, gainera. Beraz, posible izango da 100 kilometrora arteko ibilbide osoa egitea zirkuitutik atera gabe.

Horretarako, baina, bide luzea dute oraindik egiteko. Ereñotik Nabarnizerako lehen fase hori gauzatu ahal izateko proiektuaren finantzaketa osoa behar dutelako. Izan ere, irabazi asmorik gabeko taldea izanik, ez dute diru sarrerarik: “Eta hori gabe, ezin dugu aurrera egin”. Datorren hilera arte itxaron beharko dute diru laguntzei buruzko ebazpenaren berri izateko.

Zaldien munduari bultzada

Eskualdean “zaldien munduari bultzada bat emateko” asmoz sortu zuten proiektua. Urdaibain “hamar bat ibilbide egin daitezke”, eta, hasieran, ibilbide horiek liburu batean jasotzeko ideia sortu zitzaien. “Duela lau urte inguru, Espainiako Zaldi Federazioak ibilbideak zelan diseinatu zehazten zuen gida bat sortu zuen”, eta Busturialdeko zaleek berriz ekin zioten gida horren arabera ibilbidea diseinatzeari.

Zaldi ibilbide horiek turismoa bultzatzeko modu bat ere badirela aitortu du Lejarretak. Izan ere, federazioaren gidan jasotzeko bete behar dituzten baldintzen artean, besteak beste, “herri bakoitzean interes turistikoa duten lekuetatik” pasatzea da. Hori dela eta, eurek diseinatutakoa, besteak beste, “San Migeletik, Iluntzarretik eta hainbat ermitatik igarotzen da”.

Zaldientzako ere egokitutako bidea egin dute. “Eurak ura edateko lekua egon behar da, baita zaldiak uzteko lekua ere. Batez ere, hasieran eta bukaeran. Egurrezko barra batzuk ere jartzen dira, baita askaltegiren bat ere…”. Eta bidetik gertu, nekazaritza guneak edo antzekoak egotea ere beharrezkoa da, ibilbideen gida horretan sartzeko. Proiektuaren diseinua egiteko orduan, normalean “antzinako herri bideak berreskuratzen eta horietatik pasatzen” ere saiatu dira.

Horrez gain, “seinaleak ipini behar dira, horretarako propio diseinatutako seinale jakin batzuk badaudelako, eta horiek guztia0k erosi egin behar dira. 100 metroan behin marka laranjak jarri behar dira, eta horretarako, pertsona batzuk kontratatu. Bestalde, ibilbide osoa sasiz garbitu behar da. Ibilbideari buruzko informazioa jasotzen duten triptikoak argitaratu…”. Lan handia egin behar da era horretako ibilbide ofizial bat eratzeko. Eta horrek kostu handiak dakartza.

Durangaldeagaz lotura

Urdaibai Zaldi Taldeak etorkizunera begira aurreikusitako proiektu globalaren bigarren etapak Gernika-Lumo eta Muxika lotuko lituzkeen ibilbidea aurreikusten du. Horrek, gainera, Durangaldeko Zaldigorri bideagaz bat egiteko aukera zabalduko luke. Durangokoa “Muxikako eremu batetik igarotzen da bost kilometro ingurutan. Beraz, Urdaibaiko ezkerraldea eta eskuinaldea konektatzeaz gain, gure helburua da Zaldigorrigaz beste konexio bat izatea. Haregaz bat eginez gero, beste 90 kilometroko ibilbidea egiteko aukera eskainiko luke”.

25 kide inguru ditu egun Urdaibai Zaldi Taldeak. Urtean zehar hainbat jarduera antolatzen ditu elkarteak. Urte bukaera aldera zaldien zaintzagaz zerikusia duen ikastaroren bat eskaintzen dute: “Albaitaritza, ferraketa zein zaldiek izan ditzaketen patologiak” landu izan dituzte, besteak beste, orain arte. Aurtengoaren eguna eta edukia ez dituzte zehaztu, oraingoz.