Arrantzale belaunaldi berriak

Uda agurtzeko era berezia dute Ondarroan. Ohitura zaharrei eutsiz, XVI. Umeen Arrantza Lehiaketa egingo dute irailaren 27an. Egun gutxi falta dira txapelketarako, baina Arrigorri itsas arrantza elkarteko kideak jada buru-belarri dabiltza azken antolakuntza lanetan. Izan ere, 4 eta 14 urte bitarteko ia 500 lagunek parte hartu ohi duten lehiaketa prestatzea ez da bat ere lan erraza.

Aurtengoa Arrigorri arrantza elkarteak lehiaketa antolatuko duen 16. urtea izango da, baina aurretik ere hainbat urtez beste hainbat elkartek antolatu izan zuten lehiaketa. “Gu umeak ginenean, Jose Mari eta Dito aritzen ziren arrantza lehiaketa antolatzen. Arrantzan oso zaleak ziren, eta, urtero, uda bukaeran, umeentzako arrantza lehiaketa antolatzen zuten. Gerokoan, Aurrera kirol elkarteak ere antolatu izan zuen lehiaketa”, azaldu du Juan Arostegi Arrigorri itsas arrantza elkarteko kideak.

Lehiaketa urte batzuk egin gabe egon ostean, Arrigorri itsas arrantza elkartea hasi zen berriro antolatze lanetan, 1999. urtean hain zuzen ere. Elkartearen estatutuetan dagoen puntu bati jarraiki erabaki zuten berriro lehiaketa antolatzea. “Hain zuzen ere, herriari eta hurrengo belaunaldiei arrantzarekiko zaletasuna zabaltzeko nahia jasotzen du estatutu horrek”, gaineratu du Arostegik. Orduz geroztik, zailtasunak zailtasun, urtero antolatu dute lehiaketa, etenik gabe.

Ikuskizun polita

Irailaren 27an, mareagora dela, egingo dute XVI. Umeen Arrantza Lehiaketa. Urtero bezala, kalejirarekin hasiko da. 14:30ean, danbolinteroak aurretik dituztela, Musika plazatik kalejiran irtengo dira lehiaketan parte hartuko duten ume zein gaztetxoek. Hain zuzen ere, garai batean egiten zen antzeko ibilbidea egingo du kalejirak. Musika klazatik, Kale Handira joango dira, gerokoan Artalekutik jaisteko. Handik Erribera aldera salto-saltoka eta irribarre artean joango dira denak, ibilbidea Itsas Aurren amaitzeko. Behin Itsas Aurren, bolandera bota, eta parte hartzaileetako bakoitza Zubi Zaharretik portuko puntarainoko tartean bere lekua hartzera abiatuko da arin-arinka.

Egun horretan, polita izaten da Artibai ibaiko alde bietan gaztetxo piloa arrantzan ikustea. Batzuk, gurasoekin, eta beste batzuk, lagun artean, denek sekulako ilusioarekin ekiten diote arrantza lehiaketari. Parte hartzaileek ez ezik, antolatzaileek ere ondo pasatzen dute eguna. “Parte hartzaileak ilusioz eta pozik ikusteak geu ere asko pozten gaitu. Guk ere ondo pasatzen dugu”.

Eremuka banatuta, Arrigorri itsas arrantza elkarteko 33 lagunek dena koordinatzen dute. Eremu bakoitzaren arduraduna bere ingurua zaintzen ibiltzen da, eta hango kontuak hartzen ditu. 16:30ean inguruan, arduradun bakoitzak kontrol berezi bat egiten du. “Eremu bakoitzeko arduradunak parte hartzaile bakoitzak zenbat arrain dituen ikuskatzen du, eta kopurua apuntatuz joaten dira. Gerokoan, inork tranpatxorik egin ez dezan”. Adibide bat ipini du Arostegik: “16:30ean lehiakide batek lau arrain baldin baditu, ia ezinezkoa da ordubete geroago, 90 arrainekin etortzea. Horrelako tranpatxoak egin ez daitezen, inguruko kontrol bat egiten saiatzen gara”.

Lehiaketa antolatzen aritu diren azken 15 urteetan, hamaika pasadizo xelebre ere izan dituzte elkartekoek, eta haien artean, honako hau berezia dela diote. “Batek behin paneka bi ekarri zituen. Sekulako pozarekin etorri zen gaztetxoa, gainera. Ekarri zuenari erreparatu, eta panekak garbituta, erdibituta eta irin eta guzti zeuden! Umeari begiratu, galdetu, eta baietz! Orduantxe harrapatutakoak zirela baieztatzen zigun behin eta berriz”, dio irribarre artean Juan Arostegi elkarteko kideak.

Antolatzaileek kontuan izaten dituzte Ondarroako uretan ibil daitezkeen arrain guztiak, lazuna izan ezik: muxarra, barbarina, txitxarro txikia, aingira, olagarroa… denetarik arrantzatu ahal izango dute parte hartzaileek. Hori bai, bakoitzak arraba bat eta gehienez bi amurekin. Arrain gehiago harrapatzeko, parte hartzaile bakoitzak bere teknika eta amarruak erabili beharko ditu.

17:30ean, dena jaso eta Musika plazan agertu behar izaten dira parte hartzaileak euren arrantzuarekin. Behin han, elkarteko kideak arrainak zenbatzen hasten dira. Kontaketa egin bitartean, eta, batez ere, “txikitxoenak asper ez daitezen”, pailazoek girotzen dute arratsaldea.

Parte hartzaile guztiek izaten dute euren saria. Hala ere, arrain gehien harrapatzen duenak sari berezia izaten du. Adinaren arabera, bi taldetan banatuta ematen dira sariak; alde batetik, 4 urtetik 9 urtera bitartekoak, eta, bestetik, 10 urtetik 14 urte bitartekoak. Horrez gain, parte hartzailerik gazteenak ere sari berezia izaten du. “Lau urteko neskato eta mutiko gazteenak izaten du bere saria”.