Errepidea zeharkatzen hildakoaren heriotzagatik haserre daude Errekalden

Bilboko Errekalde auzoko Camilo Villabaso eta Altube kaleen arteko bidegurutzean, 89 urteko emakume bat harrapatu zuen furgoneta batek astelehenean. Istripua 10:30 inguruan gertatu zen, eta handik ordu batzuetara emakumea hil egin zen.

Istripuan gizon bat ere zauritu zen, autoaren atzerako ispiluak buruan kolpea emanda. Beste emakume bat onik irten zen kalea gurutzatzen ari zela furgoneta saihestea lortu zuelako.

Istripuak haserrea eragin du Errekalde auzoan, hango bizilagunek aspaldi salatu baitzuten bidegurutzea arriskutsua zela eta Bilboko Udalari eskatu zioten egoera konpontzeko semaforoak edo sakanguneak jarrita. Lekukoen arabera, Villabaso kaleko 27. zenbakiaren parean dagoen zebra bidea igarotzen ari zen emakumea furgonetak harrapatu zuenean.

Eskaria 2008tik

Zebra bideaz gain autoen abiada moteltzeko sakangune bat ere jartzeko eskaria 2008tik dator. Urte hartan egin zuen Aida Garcia Errekaldeko auzoak eskabide ofiziala, ikusita bidegurutze horretan oinezkoentzako lau zebra bide daudela baina semafororik edo autoen abiadura moteltzeko sakangunerik ez dagoela eta autoak “oso azkar” pasatzen direla. Inguruan bizi da Garcia, eta 40 urte inguru daramatza Errekalden.

Eskaria aurkeztu eta gutxira jaso zuen Garciak erantzuna: Asier Abaunza Bilboko Zirkulazio eta Garraio zinegotziak —gaur egun ere ardura horretan dirau— atzera bota zuen eskaera, sakangune bat jartzeko arrazoirik ez zegoela iritzita.

Ondorio horretara iristeko, udaleko teknikariek neurketa bat egin zuten leku horretatik igarotzen ziren autoen abiaduraz. Ikerketa horren arabera, gune horretatik 3.119 auto igarotzen ziren egunero, autoen batez besteko abiadura orduko 27 kilometrokoa zen, eta %99k ez zuten orduko 50 kilometroko abiadura gainditzen. Neurketa astebetean egin zuten.

Gertatutakoagatik haserre bizian dago Garcia: “Sakangune bat jartzea ez da hain garestia, azken finean, porlan apur bat eta plastikozko zati batzuk baino ez dira”. Udalak emandako ezezkoak, haren ustez, agerian uzten du erdigunean ez dauden auzoekiko “utzikeria”, eta metroa eta tranbia Errekaldera irits daitezen auzoan aspalditik dagoen eskaerarekin lotzen du jarrera hori: “Badirudi turistak igarotzen diren lekuak edertzeko baino ez dagoela dirua, eta inguruetako auzoak ez direla Bilbokoak”.

Joan den asteartean, Asier Abaunza zinegotziarekin hitz egitea lortu zuen Garciak, eta zuzenean helarazi zion bere protesta.

Kezka eta atsekabea

Errekaldeko auzoek atsekabez hartu dute albistea. Zendutako emakumea oso ezaguna zen auzoan; istripua gertatu zen lekutik gertu bizi zen. Antza denez, ogia erostera jaitsi zen kalera, egunero egiten zuen moduan. Auzokideek kandela batzuk jarri dituzte istripua gertatu zen zebra bidearen ondoko espaloian.

Errekaldeko Gazteleku garapen komunitariorako elkarteko Miguel Angel Gomezek ez zuen 2008an egindako eskariaren berri, baina adierazi du Errekaldeko Barrutiaren Kontseiluaren bileretan inoiz aipatu direla Villabaso kaleko zirkulazioaren inguruko arazoak, “autoen abiaduraren ingurukoak ez ezik, zaratari buruzkoak ere bai”, eta gaineratu du istripuaren ostean “kezka” dagoela auzoan.

Beste aldetik, Errekaldeberriz Errekaldeko auzo elkarteak adierazi du ez daukatela gertatutakoaren inguruko informazio askorik. Hori dela eta, nahiago izan dute horren inguruan oraingoz baloraziorik ez egin. Baina elkarteko Maria Jose Fernandezek baieztatu du lehenagotik ere kexak egon direla kale horretatik igarotzen diren autoen abiadura dela eta.