Maukari hozka egin ezinik

Tokiko merkataritza sustatzeko eta salmentak igotzeko asmoz, Pagotxen 20. Merkatua antolatu du gaurko eta biharko Zazpikaleetako Merkatari Elkarteak. 11:00etatik 20:00ak arte; ehun saltokik baino gehiagok euren maukak aterako dituzte kalera. Deskontuak %90era arte helduko dira, besteak beste, jantzi, zapata, argazkilaritza, bitxi, dekorazio eta artitsau produktuetan. “Hiriburuko ekitaldi garrantzitsuenetarikoa da merkatarientzat: eskaintzak milaka bisitari erakarriko ditu”, azpimarratu du Alberto Gomezek, elkarteko presidenteak. Baina parte hartu ahal izateko, baldintza batzuk bete behar dira, eta zenbait merkatarik “elkarteko bazkide egitera behartuta” ikusi dute euren burua. Egoera horrek, saltzaile batzuen desadostasuna eragin du azken egunotan. Haserre daude hainbat.

Zazpikaleetako Merkatari Elkartea eta bazkide ez diren tokiko merkatariak akordioa lortzen ahalegindu dira. “Guk bazkide izatera animatu ditugu, egiten ditugun ekintzak gertutik ezagut ditzaten. Saltoki batzuek gure proposamena onartu eta kide egiteko asmoa adierazi digute”, dio elkarteko presidenteak. Egoerari irtenbidea emateko asmoz, bilera bat antolatu zuten asteazkenean Bilboko Udalak eta merkatari elkarteak. Alberto Gomezek adierazi duen moduan, pagotxen merkatuan aritu ahal izateko, bi aukera izan dituzte. Batetik, saltoki bakoitzaren metro koadroen arabera, 50 euro inguru ordaintzea, leku publikoa okupatzeagatik. Bestetik, aurreko aldietako oinarriei jarraituz, merkatuak eragiten dituen publizitate gastuak parte hartu duten guztien artean banatzea izan da beste aukera, elkarteko bazkideak izan edo ez. Jon Aldeiturriaga elkarteko kudeatzaileak gogoratu duenez, “elkarteak ordaindu ditu merkatu honen lehenengo hamazazpi aldietako gastu guztiak”.

Baina, aurten, “egoera ez da gardena izan”. Halaxe salatu dute Zazpikaleetako zenbait merkatarik. Iritzi horrekin bat, elkarteko ez diren saltzaileek merkatuan parte hartzeko oztopoak izan dituztela salatu du EH Bilduk. Aitziber Ibaibarriaga bozeramaileak azaldu duenez, “edozein betoren gainetik, etorkizunean antolatuko diren merkatuetan parte hartu nahi duen edozeinen eskubidea bermatzeko” eskatu diote Bilboko Udalari. Ibaibarriagak dioenez, merkatuarekin sortu diren arazoak ez dira oraingoak. “Arazoa konponduta zegoela uste zen, baina, konpondu ez, okerrera jo du”, adierazi du zinegotziak. “Udalaren eskumena da espazio publikoaren gaineko arauak ezartzea eta elkarte batek ezin ditu bere baldintzak inposatu; oraindik gutxiago beste merkatari batzuei”. Hori dela eta, esan du Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteko jarrera “baztertzailea” dela. “Zazpikaleetan horren beharrezkoa den dendarien arteko batasunari kalte egiten diola uste dugu. Orain, gainera, inoiz baino beharrezkoagoa da batasun hori, Zazpikaleak, merkataritza gune bat izateari utzi, eta ostalaritza gunea bihurtzen ari baita”.

Merkatarientzako aukera

Pagotxen merkatuaren helburua aurreko denboraldietan saldu ez diren produktuak kalera ateratzea da; egitasmo horrek diru sarrerak handitzeko abagunea ematen baitie merkatariei. “Bi egun hauetan stockean genituen produktuak sal ditzakegu. Baina, horren truke, elkarteko bazkide izatera behartzen gaituzte nolabait. Bazkide izan edo ez, guztiok ordaintzen ditugu zerga berberak, eta gehiago ordaindu behar dugula sentitzen dugu”, dio Vanesa Santos merkatariak. Osagarriak saltzen ditu bere dendan, eta azken hiru aldietan arazoak sortu direla adierazi du. Haren ustez, “xantaia” egiten die Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteak. “Bazkide egiteko gogoa kendu diote dendari bati baino gehiagori”.

Ana Pintok lentzeria denda bat du Zazpikaleetan, eta ez du elkarteko bazkide egiteko asmorik. Bere kasuan, salmentek behera egin dutela aitortu du; ondorioz, saltokia itxi beharko du hurrengo hilabeteetan. “Zoritxarrez, sareta jaitsiko dut laster, nola ordainduko dut bazkide sari bat egoera honetan? Pagotxen merkatuak zerbait irabazteko aukera ematen digu. Baina, lagundu beharrean, oztopoak eta oztopoak baino ez ditut ikusten”.

Pagotxen merkatuaren inguruko gorabeherek erosleenganaino heldu dira. Irati Etxeberria bilbotarra da, eta Zazpikaleetan egin ohi ditu erosketak. Hala, inguruko dendari ugari ezagutzen ditu, eta merkatu honen inguruko desadostasunen berri izan du. “Ez dut ulertzen nondik eta zergatik sortzen diren istilu hauek; egun alaiaren itxura eman beharrean, pagotxen merkatuaren irudiari kalte egiten diote”. Desadostasunak alde batera utzita, parte hartuko duten merkatari guztiak ahalik eta gehien saltzen saiatuko dira, hori baita pagotxen merkatuaren funtsa.