Urban Regeneration Forum-en egoitza nagusia Najako geltoki zaharra da. Azken trenak jaso zituenetik itxita egon da, eta bi asterako berriz bizia ematea erabaki dute BIA Bilbao Bizkaia Architecture plataformako kideek. BIA Space izena ipini diote, eta irailaren 28ra arte bisitatzeko aukera egongo da.
Esparru horretan, arkitektura alorreko adituentzako eta herritarrentzako tailerrak, erakusketak eta ekitaldiak egingo dira. BIA Space gizartearentzako mota guztietako jardueren gune nagusi bihurtuko da egun hauetan. Hainbat egiteko izango ditu: batetik, forumaren informazio gune eta liburutegi izango da. Eta, era berean, herritarrek eta arkitektoek egingo dituzten hainbat ekintzarentzako aterpe.