Hasi berri den ikasturteari begira, bi helburu ditu euskaltegi publiko eta pribatuek Bizkaian aurkeztu berri duten Zatoz euskarara izeneko kanpainak: helduen matrikulazioa sustatzea eta euskalduntzen diren herritarrak animatzea euskara euskaltegietatik kanpo erabiltzera eguneroko bizimoduan.
Programa hori euskara ez dakiten edo euskalduntze prozesuan dauden herritarrentzat egina da. Kalkulatu dute herrialde historikoan gutxi gorabehera 700.000 biztanle daudela egoera horretan.
Bizkaiko euskaltegietako ordezkariek gogora ekarri dute helduek euskara ikasteko aukera ugari dituztela. Hain zuzen, sare publikoa 21 euskaltegiz osatuta dago, oro har, populazio handiena duten herrietan banatuta. Sare pribatuan, bestalde, 45 euskaltegi daude. Horietako gehientsuenak Bilbon egon arren, herri gehienetan eskaintzen dute zerbitzua.
Iazko ikasturtean ia 23.510 ikasle aritu ziren euskara ikasteko lanetan. Horietatik %27 inguru euskaltegi publikoetan aritu zen; eta gainerako %73, pribatuetan. Hastear den ikasturterako matrikulazioei erreparatuta, kopuruak oso antzekoak izango direla espero dute.
Ikasitakoa praktikan jarri
Euskaltegien jarduera euskara irakasteagaz eta euskararen jakintzagaz lotu ohi bada ere, zentro horietatik kanpo euskara erabiltzeko hainbat jarduera ere antolatzen dituzte. Besteak beste, Berbalagun eta Gurasolagun programak, merkatarientzako, gurasoentzako edo etorkinentzako ikastaro bereziak eta mintzapraktika saioak. Jarduera horiek guztiek bide ematen diete ikasleei ikasitakoa kalean, lagunartean, saltokietan zein beste edonon erabiltzeko.
Euskararen Egunerako egin ohi duten antzera, bi kartel eredu prestatu dituzte sustatzaileek: batean, egitasmoaren irudi orokorra jaso dute; besteak, bestalde, herri bakoitzean helduak euskalduntzeko dagoen eskaintza iragarriko du.