Derioko kaleak kolorez eta giro bereziagaz esnatuko dira bihar. Asteburuan Erdi Aroko azoka egingo dute Sollube eta Jata kaleetan. Hirugarren urtea dute aurtengoa eta, Jesus Lagunas Kultura eta Gazteria zinegotziaren arabera, “gero eta arrakasta handiagoa du. Lehenengo urtean 20 erakusleku izan ziren; iaz, 30 eta aurten, 40 eta 45 artean izango dira”.
Saltoki gehienak “gastronomikoak” izango dira. Hala ere, denetarik aurkituko dute asteburuan azokara gerturatzen diren bisitariek: “Italiatik pizzak egiten dituen erakusleku bat izango da. Bitxiak, gomazko gozokiak, xaboiak, krepeak, solomoa, txorizoa eta antzekoak, erromeroa, erregaliza eta antzeko belarrak,…”. Herrialde Katalanetatik, Aragoitik, Gaztela Leondik zein Euskal Herritik iritsitako saltzaileek eramango dituzte euren produktuak Deriora.
Arabiar erara tea dastatzeko aukera ere izango da. “Jaima bat egongo da eta tea egingo dute bertan, bezeroei eskaintzeko”.
Egun bietarako, bestalde, garai hartan ogia nola egiten zuten ezagutarazteko lanbide erakustaldia prestatu dute. “Labe bat izango du artisauak erakuslekuan bertan; han ogia egin eta salgai jarriko du”. Umeentzako tailer bat egingo du, gainera, eurak ere ikus dezaten zelan egiten zen ogia antzina.
Haurrek zer gozatu gehiago ere izango dute azokan. Haientzako jokoak antolatu dituzte, besteak beste, “zaldiko-maldiko erraldoi bat”.
Azoka bera lehenago zabalduko badute ere, 11:00etan emango diete hasiera antolatutako jarduera guztiei. Gorteko bufoiak malabare jokoekaz aterako dira bihar eta etzi, ordu horretatik aurrera.
Iratxo zuriek, bestetik, 13:00etan hartuko dituzte kaleak. “Iratxo magiko batzuk dira eta bisitariekaz elkar eragiteko ikuskizunak” plazaratuko dituzte.
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Etilio soldadua aterako da kalera. Hura ere “azokara gerturatzen direnekaz ariko da” kalez kale, bere ikuskizuna zabaltzen. Erromero perfumelariak ekingo dio, ostean, kaleko animazioari, 19:00etatik aurrera.
21:30ean ikuskizunei bukaera emateko Scroon deabru hegadun handiaren saioa iritsiko da. “Bi pertsonaia ariko dira horretan. Horietako bat deabrua da eta ahotik sua jaurtiko du. Ikuskizun magikoa” izango dela iragarri du Lagunasek.
Domekan,12:30ean, Jantzi Jarauntzi Derioko Troupe taldearen eskutik, kalejira egingo dute azokaren eremuan. 13:00etan, Carapan jauna eta basoko Erramun aktoreek kalez kale ibiliko den ikuskizun ibiltariari emango diote hasiera. “Tabernetan ere sartuko dira bezeroekaz txantxetan aritzeko”, azaldu du zinegotziak. Arratsaldean, zapatuko egitarau bera izango da.
Goizetik gauera zabalik
10:00etarako zabalik egongo dira azokako erakuslekuak eta gauez, presa gabe jarraituko dute irekita. “23:00etarate, gutxi gora behera, aurreikusten dugu. Dena den, batzuk 00:00etararte ere izango dira. Jendea dagoen artean, irekita egongo dira”, zehaztu du Lagunasek.
Derio ondoko herrietako zein Bilboko bisitariak gerturatu ohi dira azokara. Garraio publikoa aukera ona dela deritzo zinegotziak, “trenak zein autobusak azoka-eremuaren ondoan dute-eta geralekua”.
Bihar eta etzi, 10:00etatik 23:00etara Erdi aroko azoka eta ikuskizunak izango dira, Derion.