Bilboko Udalak eta hiriburuan dauden euskaltegiek Euskaraz bizi, etorri euskaltegira izeneko kanpaina ipini dute martxan, matrikulazioa sustatzeko. Iaz, 8.000 matrikulazio inguru izan ziren Bilbon; aurten gehiago izan daitezen ahaleginduko dira. Hori lortu gura dute, behintzat, egitasmo honekin. Bilboko faroletatik 350 pankarta eskegi ditu udalak, herritarrek euskaltegietan izena emateko sasoia dela gogora dezaten. Batzuek jada zabalik dute epea, eta gainontzekoek iraileko bigarren hamabostaldian zabalduko dute.
Guztira, hemezortzi euskaltegi daude hiriburuko zortzi barrutitan. “Gure helburua euskaraz bizitzea da, euskaraz bizi ahal izatea. Eta horretarako lehen pausoa hizkuntza ikastea da. Nahi duenak aukera badauka. Bilbon badago non ikasi, etxetik hurbil eta aukera zabalarekin”, azaldu du Tito Serranok, euskaltegi guztien izenean. Ordutegi zabalak dituztela gogoratu du: 07:00etatik edo 08:00etatik 22:00etara arte. Nabarmendu du ohiko metodologia erabiltzeko aukeraz gain autoikaskuntza bezalako eskaintza berriagoak ere badituztela. “Eta, irakasteaz gain, euskaltegi guztiek ematen dute praktikatzeko aukera: badira tailerrak, badira Berbalagun eta antzeko programak… Badago ikasitakoa erabiltzeko modurik”.
Estatistikei erreparatuz gero, euskara ikaslea 30 urtetik gorako andrea da. Baina Serranok argi utzi nahi izan du ez dagoela soslai zehatzik. Eta, bide batez, “azkenaldian indarra hartzen ari den ustea” apurtu gura izan du: “Ez da egia euskaltegira jendea titulua lortzeagatik etortzen dela bakarrik. Agiria eskuratzea ikasteko bidean dagoen mugarri bat baino ez da”. Ikasleak askotarikoak direla azaldu du. Haren esanetan, badira B eta D ereduetan ikasi duten gazteak, euskara “freskatzera, hobetzera datozenak edo agiria eskuratu nahi dutenak”. Baita A ereduan ikasi eta ez direla behar beste euskaldundu sentitzen dutenak ere, eta Euskal Herrian bizitzeko euskaraz berba egitea ezinbestekoa dela irizten dioten etorkinak. Seme-alabei eskola kontuetan lagundu nahi dieten guraso erdaldunak ere badira.
Hain zuzen, Bilboko Udalak horientzako diru laguntzak banatzen ditu urtero. Sabin Anuzita Euskara zinegotziaren esanetan, udalarentzat “lehentasuna” da gurasoak euskalduntzea. “Horrek bermatzen du euskararen transmisioa. Eskolak lan garrantzitsua egiten du, baina etxean ere euskara ikasteak bermatzen du hizkuntzaren iraupena”. Horregatik, 166.500 euroko diru sorta dauka euskaltegian izena eman duten aita eta amei laguntzeko.
Diru hori eskuratu ahal izateko, bi baldintza bete behar dira: batetik, ikaslea eskoletara joaten den edo ez aztertzen da; eta, bestetik, haren ahaleginari ere erreparatzen diote, gainditzen duen edo ez kontuan hartuta. Iaz 250 guraso inguru izan ziren. Anuzitaren esanetan, ez zen gastatu laguntza horietarako gordetako diru guztia. Hau da, udalak eskaera gehiagori erantzuteko gaitasuna izan zuen. Laguntzak eskatzera dei egin die bilbotarrei.